Karlismo
Karlismoa Espainian XIX. mendean sortutako mugimendu politiko legitimista antiliberal bat da, espainiar tronuan Borboien dinastiaren lerro alternatibo bat defendatzen zuena, Karlos Maria Isidroren aldekoa hasieran. Bere sorreran, Antzinako Erregimenera itzultzea aldarrikatzen zuen. Euskal Herrian, Nafarroa Garaian bereziki, indar handia izan zuen.
Karlismoak bere nortasun politikoa XIX. mendeko bi gerra nagusitan definitu zuen, Hego Euskal Herria erdigune izan zutenak. Bigarren Karlistaldiaren ondoren, Espainiako Berrezarkuntzako lege markoaren barnetik bideratu zuen bere ekimen politikoa, Tradizionalismoaren mugimenduan. XX. mende hasieratik, hainbat banaketa izan zituen, baina Espainiako Bigarren Errepublikaren kontra Elkarte Tradizionalistan gotortu zen.
Italiar faxismoaren eragin gero eta handigoaz, 30eko hamarkadan haren aholkularitza eta laguntza militarra jaso zuen, eta Espainiako Gerra Zibilari hasiera ematen protagonismo berezia izan zuen. Posizio erabakigarri horrek eta gerraren bilakaerak bere nortasun politikoa markatu zuten, Francoren diktadurari atxikia eta asimilatua. Hala ere, Frankismoarekin bateratze horrek tentsio handiak, etsipenak eta barne zatiketak ekarri zizkion.
Bada, XX. mendearen bigarren erdian, karlismoa bitan zatitu zen, eta zatiketa horrek forma politikoa hartu zuen Francoren diktaduraren amaieran eta Trantsizio hasieran: alde batek, gazte askok, sozialismo autogestionarioaren alde egin zuen, Karlista Alderdian (Euskal Herriko Karlista Alderdia, EKA, Euskal Herrian); beste batek, berriz, tradizionalismo kontserbadorea defendatu zuen, eta Comunión Tradicionalista Carlista (CTC) alderdia sortu. Karlismoak bere botere gehiena galdu zuen 80ko hamarkadan.
Kontzeptua
Karlismoa ehun eta berrogeita hamar urtetik gora iraundako mugimendu politikoa da eta, aldarrikapen dinastikoaren azpian, ñabardura desberdineko aldaera politikoak aterpetu ziren. Muturreko katolizismoa, absolutismoaren zaletasuna eta tradizionalismoa aipatu izan dira haren ezaugarri nagusitzat. Hala ere, eskuindar joerako formen ondoan, zenbaitek errepublikar balioak eta herri altxamenduaren ezaugarriak identifikatu dituzte. Bestalde, karlismoak Hego Euskal Herrian aurkitu zuen bere indargune nagusia eta, beraz, euskal lurraldeko ezaugarri bereziak izan zituen bertan.
Karl Marxek honela definitu zuen karlismoa: "Karlismoa mugimendu libre eta herrikoia da, tradizio liberalenen eta erregionalisten aldekoa (...) eta liberal deitutakoek, berriz, militarren, kapitalisten, aristokrazia latifundistaren eta interes-talde sekularren babesa dute".[1] Alde horretatik, bat egin zuen Agosti Xahok Hego Euskal Herriko orduko gatazka armatuaz adierazi ikuspegiarekin.[2]
Euskal Herriko altxamendu karlistaz, Victor Hugok ondorengoa adierazi zuen: "Eskubideen herriak, foruen nazioak, oihu egin zuen: 'Gora Errege garbia'. Euskal askatasun zaharrak bat egin zuen Espainia eta Indietako monarkia zaharrarekin, espiritu iraultzailearen kontra (...)".[3] Oro har, bat dator ikuspegi horrekin Jose Mari Esparza eta, Manuel Tuñón de Lara historialariaren hitzak gogora ekarriz, kontzientzia nazionala piztearen lehenengo adierazpidetzat jotzen du.[4]
Historia
Testuingurua
Espainia krisi politiko eta ekonomiko larrian zen Penintsulako Gerraren garaitik. Estatuaren diruzaintza porrot eginda zegoen, eta diru-sarrerak eskuratzeko bitartekorik gabe. Fernando VII.a errege berrezarriak Erregimen Zaharrari eutsi nahi zion, absolutismoan oinarrituta eta euskal lurraldeetako (Provincias Exentas edo Provincias Vascongadas deituak) erregimen politikoa mantenduz. Kontra zituen liberalak, baina horietako asko erbestean ziren 1823tik, Ingalaterran eta Frantzian.
Fernando VII.aren erreforma ekonomikoko ahaleginek huts egin zuten eta, bere burua zahar ikusita, erbesteratu liberalei barkamena eman eta itzuli egin ziren (tartean zela Juan Álvarez Mendizabal, 1834an), baita haietako batzuk gobernuan onartu ere. Berrespen Pragmatikoa (Pragmática Sanción) sinatu zuen 1830ean, erregetzan oinordekoa bere alaba Isabel II.a izan zedin, eta ez Karlos anaia.
1833an, Isabel II.a erregina aukeratu zuten eta, ume bat izaki, Fernando VII.aren laugarren emazte Maria Kristina Borboikoa erreginaorde; bada, bere alde izan zituen liberalak ('kristinatarrak'/cristinos). Karlos infantearen alde, berriz, erregezaleak (absolutistak) izan ziren.[5] 1833ko urrian, gainera, Javier de Burgos ministro liberalak estatuko lurralde-administrazioak berdindu zituen bere erabakiz, baita Hego Euskal Herrian haserrea areagotu ere.
Karlistaldiak
Karlistaldiak edo karlista gerrak XIX. mendeko hiru garaitan Espainian gertatutako gerra zibilak izan ziren. Europako historian errege-nahien arteko azken gerrak izan ziren. 1833 eta 1876 artean karlistek —Karlos infantea (Karlos V.a izango zena) eta bere oinordekoen jarraitzaileak— zenbait aldiz "Jainkoa, Aberria eta Erregea" lelopean matxinatu eta balio tradizionalak (legitimismo eta katolizismoa) aldarrikatu zituzten liberalismo hasieran eta gero errepublikazaletasunaren aurka.
Karlistaldien erdigunea Hego Euskal Herria izan zen, karlismoaren aldarrikapen dinastikoei euskal lurraldeetako bereizgarriak gehitu zitzaizkiolako: foruen auzia.[6] Karlismoaren baitan ideia desberdinak elkartzearen ondorioz, karlistek joera eta interes desberdinak agertu zituzten gerrek aurrera egin ahala. Hiriburuetan izan ezik, herritar gehienek Karlos erregegaien alde egin zuten. Matiner-en Gerra (gutxi baino gehiagotan Euskal Herriaz kanpora 'Bigarren Karlistaldi' deitua) Katalunian nabarmendu zen (Euskal Herrian hutsala), baina Euskal Herrian bereziki bigarren gerra handia nabarmendu zen. Azken karlistaldi honetan, sinbolismo handiko Jurramendiko (Lizarrerria) bataila izan zen (1873ko maiatzaren 9an), karlistek beren ikur nagusietako bat bilakatutakoa, gudu garrantzitsua izan baitzen.[7]
Hauteskundeetako karlismoa
1876ko porrotak auzitan jarri zuen berriz karlismoak boterea eskuratzeko zuen estrategia. Canovas del Castillok foruak desegin (1876) eta liberal kontserbadoreen eta liberal progresisten txandakako gobernu-sistema ezarri zuen Espainian, turnismoa deitu izan dena. Karlistak hauteskundeetan parte hartzen hasi ziren, eta arrakasta izaten hasi zen. Aukera politiko karlistek bere egin zuten foruak berrezartzeko aldarrikapena.
Hala ere, mugimenduak joera desberdinak biltzen zituen eta, 1888an, integristak banandu ziren mugimendutik. Karlismoaren inguruan, La Tradición Navarra eta El Pensamiento Navarro egunkariak plazaratu ziren (1893 eta 1897). 1919an, Juan Vázquez de Mella espainiar teorialariaren zaleak banandu egin ziren karlismotik, baita zenbait intelektual eraman berarekin ere (Víctor Pradera), nahiz eta karlismoaren gehiengoak ez zion jarraitu.[8] Mellaren zaleak mauristekin hasi ziren lankidetzan, eta Miguel Primo de Riveraren gertukoak izan ziren. Hain zuzen, gertutasun horrek ahuldu egin zituen karlistak, diktadurak (1923-1930) ezin hobe bateratzen baitzituen aukera monarkiko eta katolikoak.[9]
Aldiz, Espainiako II. Errepublikaren etorrerak karlismo flakatua indarrez biziberritu zuen, Errepublika 'laizista eta lotsagabea' karlisten izateko arrazoi bihurtuta. Gero eta gehiagok bat egin zuten karlistekin eta, 1932ko urtarrilean, karlismoaren hiru joerek bat egin zuten indar handiz, Comunión Tradicionalista alderdian.[9] Errepublikaren aldian antolakuntzarako eta propagandarako egundoko kemena erakutsi zuen eta, ordu arte inoiz presentzia nabarmenik ez izandako lurraldeetara hedatu ez ezik (Andaluzia mendebaldea), ohiko gotorlekuetan, Nafarroan bereziki, nagusitza lortu zuten.[9] 1932tik, Errepublika indarkeriaz hondoratzeko asmoa umotu zuten, eta karlismoak kutsu faxista hartu zuen, Erreketea talde paramilitarra birsortuz eta, horretarako, Mussoliniren Italian entrenamendua jasoz, Manuel Fal Conde gidari zutela.
Espainiako Gerra Zibila eta diktadura
Nafarroa Garaia izan zen karlisten indargune nagusia. 1936an, Comunión Tradicionalistak euskal lurralde horretan 60 zirkulu karlista zituen, batzordeak 217 herritan, 6.360 errekete [paramilitar] 9 tertziotan antolatuta, baita 5.000 emakume biltzen zituen emakumeen batza ere (Margaritas).[9] 1936ko uztailean, Raimundo García García eta Rodeznoko kondearen bitartekaritzaz, Ignacio Baleztenak nafar karlisten atxikimendua eman zion Mola jeneralaren estatu kolpe militarrari, Nafarroan nagusitza eskuratzearen truke.[10]
Hala ere, gerrak aurrera egin ahala, tentsioak agertu ziren falangistekin eta militarrekin, eta erregimen kolpista berriak xurgatu egin zuen karlismoa, bere mugimenduan integratuz: Falange Española Tradicionalista y de las JONS (FET y de las JONS) (1937). Autonomiaren galera horrekin, tentsioak areagotu egin ziren 40ko hamarkadan, baita istiluak gertatu ere (Iruñea, Bilbo, etab.). Karlistek, diktaduraren erregimen barruan arituz ere, askotariko jarrerak hartu zituzten orduan: kolaboratzaile otzanak, isiltasun kritikoa edo kontrako jarrera irekiagoak.
50eko hamarkadatik aurrera, karlismoaren joera demokrata, sozialista eta federalista bat umotu zen, Karlos Hugo Borboi-Parmakoa buruzagi hartuta eta Alderdi Karlista (1970) osatuz. 1968 eta 1969an, Karlos Hugo Espainiatik kanporatu eta Juan Carlos Borboikoa Francoren oinordeko izendatzearekin batera, protesta biziak eta istiluak izan ziren Iruñean eta Lizarran bereziki, Francori "traidore" deitu zioten, atzerriko prentsak "gerra garaitik izandako protesta garrantzitsuenak" deitutakoetan.[11] Aldiz, aurrez aurre izan zituen erregimenarekin bat egiten zuten joera kontserbadoreak.
Gaur egun
1976an, Jurramendi aldarrikapen eta ospakizun eguna ospatzen ari zirela, Francoren jarraitzaileak, italiar neofaxistak lagun zituztela, ezkerreko karlisten aurka tiroka hasi ziren, 2 pertsona hil eta hainbat jende zaurituz. Gertaera horrek mugimenduaren gainbehera eta ia desagerpena iragarri zuen. Franco diktadorea hil ondoren, 1976tik aurrera, Alderdi Karlistaren hauteskundeetako emaitzak txarrak izan ziren. Hurrengo hauteskundeetan berretsi egin ziren emaitzok, barruko zatiketak areagotuta. 1981ean, karlisten hedabide ezagunena, Iruñeko El Pensamiento Navarro egunkaria desegin egin zen. Euskal Herrian, Euskal Herriko Karlista Alderdiak jarraitu du, oso indar gutxirekin.
2010eko martxoan Karlismoaren Museoa delakoa zabaldu zuten Lizarran, ekimen instituzionala dena. Urte bereko abuztuaren 18an Carlos Hugo Borboikoa azken erregenahi karlista zendu zen.
Sinboloak
Oriamendiko Martxa karlismoaren ereserkia da. Izena 1837an izen bereko mendian egindako gudutik datorkio. Kondairak dio karlistek, liberalak menderatu eta gero, haien kanpamenduan Britainiar Legio Laguntzailearen musikagile batek egindako eta donostiar liberal batek moldatutako partitura topatu zutela, eta karlistek berek hitzak emango zizkiotela. Jatorrizko hitzak gipuzkeraz zeuden[12].
Goiburua, berriz, Jaungoikoa, aberria, erregea dute, 1814an Vienako Batzarrean aldarrikatutako "Tronua eta Aldarea" goiburuaren baliokidea dena.
Emakume Karlistak
Emakume karlistak elkarteetan antolatu ziren, Margariten Elkarteetan hain zuzen ere. Izena, Margarita Borbón-Parmakoari egiten dio omenaldia.[13] Margaritek berezko himnoa eta leloa zutean: Jainkoa, Aberria eta Etxea.[13][14] Janzkerari dagokionez hasieran txapel zuria erabili zuten eta ondoren gorria,[14] Margariten lider nabarmenak izan ziren, besteak beste, Urraca Pastor eta Dolores de Gortázar.[13] Pilar Kareagak ere Margariten hazkuntzan parte-hartu zuen.[13] 1933 Margaritek Socorro Blanco deituriko ekimena sortu zuten, ongintzari lotuta, eta 1936tik aurrera maila lokalean kudeatu zuten.[13] 1939ko maiatzaren 24ean Fronteen eta Ospitalen Delegazioa desegin zuen Frankok eta horrekin ere emakume karlisten zeregina.[13]
Nafarroan
Espainiako Bigarren Errepublikaren aurretik elkarte bakan batzuk antolatu ziren Nafarroan, besteak beste, Iruñeakoa (1919), Uhartekoa (1920) eta Atarrabiakoa (1931). 1932tik aurrera modu azkarrean hazi ziren, urte horretan 34 elkarte berri sortu zirelarik eta 1933an beste 29 elkarte berri.[14] Hurrengo urteetan elkartegintza mantsotu egin zen eta gerrarekin berrriz ere piztu.[14] 1936an 4.923 militante zituen Nafarroako delegazioak, estatuko handiena izanik.[13] Elkarteetako kideak propandan aritu ziren beste emakume batzuk hurbilarazteko, haien artean, Lola Baleztena, Carmen Villanueva, Clinia Cabanas, Josefa Alegría, Isabel Baleztena, Ascesión Cano eta Rosa Erice.[14] 1933an hainbat mitin antolatu zituzten Iruñeaz haratago, besteak beste, Bartzelona, Bilbo eta Madrilen non Carmen Villanuevaren jariotasuna nabarmendu omen zen.[14] Gerra garaian parte-hartze handia izan zuten erreketeei eta haien familiei zuzendutako gizarte-laguntzaren, izan ere, ospitaleetan lagundu zuten, Iruñeako "Alfonso Carlos" ospitalean eta Ospital Militarrean adibidez, baita jantoki eta arropa-biltegietan.[14]
Karlista ospetsuak
- Tomas Zumalakarregi
- Manuel Santa Kruz, Santa Kruz apaiza
- Ramon Cabrera
- Juan Bautista Erro
Erreferentziak
- Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2016). Nuestro pueblo despertará. Txalaparta, 54 or. ISBN 978.84-16350-44-5..
- «Agosti Chaho erromantikoa 1811-1858» Patri Urkizu Sarasua (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
- Esparza Zabalegi, Jose Mari (2016). 55. or.
- (Gaztelaniaz) Esparza, Jose Mari. (2017). «Carlismo y música celestial» GARA (Baigorri SA) (Noiz kontsultatua: 2017-02-26).
- Horrela deitzen zitzaien hasieran karlistei, eta Karlistaldiari 'gerra zibila' edo 'foruen gerra' deitu zitzaion garai horretan.
- Horren arabera, Euskal Herrian bi karlistaldi bereizi izan dira: Lehenengoa, 1833-1839 (1841), eta Bigarrena, 1872-1876.
- Urtero, egun horretan, gertaera hura oroituz karlistek mendiaren gailurreko baselizara erromesaldia egiten dute.
- Dronda, Javier. (2013). Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936). Tafalla: Txalaparta, 99 or. ISBN 978-84-15313-31-1..
- Dronda, Javier (2013), 99. or.
- Aldiz, Espainiako karlismoaren batzorde nagusiak ez zuen oniritzia eman.
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-11-22). «El carlismo rememora en Iruñea sus 50 años de oposición al franquismo» naiz: (Noiz kontsultatua: 2018-11-23).
- (Gaztelaniaz) Ainhoa Arozamena Ayala: «Marcha de Oriamendi», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) Moral Roncal, Antonio Manuel. (2018). «Las carlistas en los años 30: ¿De ángeles del hogar a modernas amazonas?» Revista Universitaria de Historia Militar 713: 61-80. ISSN 2254-6111..
- (Gaztelaniaz) Solé Romeo, Gloria. (1993). «Mujeres carlistas en la república y en la guerra (1931-39). Algunas notas para la historia de las "Margaritas" de Navarra» Príncipe de Viana. Anejo 15: 581-591. ISSN 1137-7054..
Bibliografia osagarria
- Gabriel Alférez: Historia del Carlismo, Madril, 1995
- Pere Anguera: El carlisme a Catalunya 1827-1936, Bartzelona, 1999
- Xosé Ramón Barreiro: El carlismo gallego, Compostelako Donejakue, 1976
- Jordi Canal: El Carlismo, Madril, 2000
- Josep Carles Clemente: Bases documentales del carlismo y de las guerras civiles de los siglos XIX y XX, Madril, 1985
- Josep Carles Clemente: El Carlismo. Historia de una disidencia social (1833-1976), Bartzelona, 1990
- Josep Carles Clemente: Historia general del carlismo, Madril, 1992
- José Extramiana: Historia de las guerras carlistas, Donostia, 1978-1979
- Melchor Ferrer: Historia del tradicionalismo español, Sevilla, 30 liburukia, 1941-1979
- Román Oyarzun: Historia del carlismo, Madril, 1939
- Antonio Pirala: Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista, Madril, 1984
- Joseph Zabalo: Le carlisme. La contre-révolution en Espagne, Miarritze, 1993
Kanpo estekak
Alderdi politikoak
- (Gaztelaniaz) Karlista Alderdia
- (Gaztelaniaz) Euskal Herriko Karlista Alderdia
- (Gaztelaniaz) Comunión Tradicionalista Carlista
- (Gaztelaniaz) Comunión Tradicionalista (Enrique Sixto Borboikoaren aldekoak)
Karlista erregegaiak
- (Gaztelaniaz) Carlos Hugo Borboikoaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Sixto Enrique Borboikoaren idazkaritza politikoa