Kardantxiloaren Ama Birjina
Kardantxiloaren Ama Birjina, Madonna del cardellino italieraz, Rafael Berpizkundeko italiar margolariren olio margoa ohola gainean da. 1506 inguruan burutu zuen Florentzian. Gaur egun Uffizi Galerian ikus daiteke. Eszenan Ama Birjina, Jeus eta San Joan ikus daitezke. Haurrek kardantxilo bat dute eta harengan jarri dute haien arreta guztia.
Kardantxiloaren Ama Birjina Madonna del cardellino' | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Rafael |
Sorrera-urtea | 1500(e)ko hamarkada |
Izenburua | Madonna del cardellino, Virgen del jilguero eta Madonna del Cardellino (Madonna of the Goldfinch) |
Mugimendua | Goi Pizkundea |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | olio-pintura eta zurra |
Dimentsioak | 107 () × 77 () cm |
Genero artistikoa | arte sakroa |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Deskribapena | |
Kokapena | |
Lekua | Uffizi Galeria |
Bilduma | Uffizi Galeria |
Inbentarioa | 00287214 |
Historia
Rafael margolaria bolada batean Florentzian egon zen eta garai horretan egin zuen lan hau. Artistak ezkontza-opari moduan prestatu zuen Lorenzo Nasi lagunari emateko. 1548ko azaroaren 17an, zoritxarrez, lurrikara gogor batek hiria astindu zuen eta Nasiren etxea erabat hondatuta gelditu zen. Margolana ere 17 zatitan puskatu zen. Hondakinen artean berreskuratuta berehala saitu zen berreskuratzen baina kalteak nabarmenak dira. Berreskuratze lana Battista Nasik egin zuen, Lorenzoren semeak alegia. X izpien bidez hausturak ikus daitezke eta nola margoz bete diren sortutako arrakalak. Ezkerreko beheko alde osoa eta Jesusen hanka bat berreskuratu behar izan zuten. XXI. mendearen hasieran berriro ere berreskuratze lan berriak eraman dira aurrera; 2005ean margolana berritua aurkeztu zen.[1]
Deskribapena
Aipatu dugunez margolanean hiru pertsonaia agertzen dira triangelu bat sortuz: Birjina, Jesus eta San Joan. Jesus erabat biluzik dago eta Joan tunika batez sasijantzita, biak Mariaren babesean. San Joanek eskuetan kardantxiloa du; Jesus, aldiz, txoriaren burua laztantzen ari da. Birjinak ezkerreko eskuan liburu bat du baina bere arreta haurrengan dago, batez ere Joanengan. Liburu horrek Sedes Sapientiae («Jakinduriaren eserlekua») gaia adierazten du. Bitxia da, bestalde, Joanek buru gainean santutasunaren aura erakusten duela.
Atzean paisaia ederra, bukolikoa, ikus daiteke: ibaia zubi batekin, atzean herri bat eta muino gainean, gaztelua. Dirudienez hasierako proiektuan paisaia desberdina zen. Hori ezagutzeko azpigorrien erreflektografia erabili da eta horri esker margoen azpiko jatorrizko marrazkia ikusi izan da. Desberdintasun nagusia espazioan ikusten da: jatorrizko paisaia ez zen hain irekia eta zubiaren ordez dorre bat ikusten zen. Beste aldaketa nabarmena Birjinaren eskotean ikusi da, jatorrizkoan irekiagoa.
Txoriak balore sinboliko handia du. Nolabait, san Joanek ezagutuko duen heriotza bortitza adierazten du. Modu batez kardantxiloa Jesusi eskaintzen dio eta hori bere etorkizunari buruzko oharpen gisa uler daiteke.
Leonardo da Vinciren eragina
Espezialisten margolan honetan Leonardo da Vinciren eragin zuzena ikusi dute:[3]
- Piramide egitura
- Argi-ilunak
- Atmosferaren tratamenduan, batez ere hodeien presentzian
- Haurren aurpegiak
Erreferentziak
- .
- .
- .
Kanpo loturak
- (Italieraz):Art on line webguneko komentarioa.
- (Italieraz):Margolanaren fitxa Uffizi Galeriaren webgunean.