Karabakh
Karabakh[1] (azerbaijaneraz: Qarabağ, ɡɑˈɾɑbɑɣ ahoskatua; armenieraz: Ղարաբաղ, translit.: Ġarabaġ, ʁɑɾɑˈbɑʁ ahoskatua) gaur egun ekialdeko Armeniaren eta hego-mendebaldeko Azerbaijanen artean dagoen eskualde historikoa da. Kaukaso Txikiko gainetatik Kura eta Araxes ibaien arteko beheko lurretaraino hedatzen da. Hiru eskualdek osatzen dute: Karabakh Garaia (Artsakh historikoak eta egungo Karabakh Garaiak osatua), Karabakh Beherea (Kura ibaiaren hegoaldeko estepak) eta Siunik probintziako zati bat.[2][3][4][5]
Karabakh | |
---|---|
Mota | eskualde geografiko |
Geografia | |
Koordenatuak | 40°00′57″N 46°40′50″E |
Gaur egun, eskualde hau Azerbaijango Errepublikaren zati bat da. 1990eko hamarkadaren hasieratik 2023ra bitartean, Artsakheko Errepublikak de facto lurraldearen zati handi bat kontrolatu zuen, nahiz eta nazioartean onartu ez zuten.
Etimologia
Oro har, "Karabakh" toponimoak turkiar eta persiar jatorria duela uste dute, hitzez hitz "lore-baratze beltz" esan nahi duena.[6] Beste teoria baten arabera, Bagrat Ulubabyanek proposatua, toponimoa turko-armeniar jatorrikoa izango litzateke eta "Bakh Handia" esan nahiko luke, XI. eta XIII. mendeen artean Artsakheko printzerrietako bat Ktish-Baghk (ondoren Dizak deitua) zelako.[7]
Toponimoa agertzen den lehen agiria 'Georgiar Kronikak' (Kartlis Tsjovreba) izenekoan da, baita XIII. eta XIV. mendeetako beste iturri persiar batzuk ere.[8] 1230eko hamarkadako mogolen konkistaren ondoren toponimoa zabaldu zen. Armeniako Erdi Aroko iturrietan agertzen den lehen aldia XV. mendean izan zen, Tomas Metsophen 'Tamerlanen eta bere ondorengoen Historia'n.[8]
Historia
K.a. II. mendean armeniarrek kaukasiar tribu batzuez populatutako Karabakh Garaia eta Beherea konkistatu zituzten . Armeniarrek Armeniako Erresumaren barruan ezarri zuten Artsakh probintzia. Hala ere, litekeena da lehendik, IV. eta II. mendeen artean, eskualdea orontidarren Armeniako satrapiaren parte izatea.[9] 387. urtean Armenia zatitu ondoren, Kaukasiar Albaniako erresumaren parte izatera pasa zen. Arabiar inbasioek, ondoren, armeniar printze batzuen igoera ekarri zuten, hauek, eskualdearen gaineko domeinua ezarri zutelarik.[10]
XV. mendean, Johann Schiltberger bavariar bidaiariak Karabakh Beherea zeharkatu zuen eta Armeniako lautada handi eta eder bat zela esan zuen.[11]
821. urtearen eta XIX. mendearen hasieraren artean Karabakh Garaia edo Artsakh Khachen armeniar etxeko zenbait leinuk gobernatu zuten.[10] 1747an Panah Javanshir, tokiko turkmen buruzagiak, Nadir Xah gobernari persiarra hil ondoren, eskualdea kontrolatu zuen, eta Karabakh Garaia eta Beherea Karabakheko khanerri berriaren parte izatera pasa ziren.[10] Hala ere, melik deituriko bere printze hereditarioek Karabakh Garaia gobernatzen jarraitu zuten, 1805eko errusiar anexiora arte.[10]
Errusiarren menpean, Karabakh (goiko eta beheko zatiak barne) 13.600 km²-ko eremua zuen eskualde bat zen, Shusha (Shushi) hiri nagusia zelarik. Karabakheko khanerria Errusiarekin bat egin ondoren, musulman gehienek Pertsiara emigratu zuten, Persia eta Turkiako armeniar askok, Errusiako agintarien laguntzarekin, bildu berri ziren errusiar lurraldeetan, Karabakh barne, lekualdatu zituzten bitartean. 1828an konkistatutako bi khanerrien lurraldean, Armeniako probintzia sortu zen (Erevan-Nakhitxevan-Ordubad). Turkmenchay eta Edirneko Itunen baldintzek populazioen trukea azkartu zuten. Ekialdeko Armeniako eremuan, armeniar biztanleriaren migrazioak Errusiar Inperioa desintegratu arte iraun zuen. Armeniarrek eta musulmanek osatzen zuten herria. Hala, 1828an, 700 familia armeniar baino gehiago lekualdatu zituzten, eta gehienak Karabakhen. Errusiarrek 1823an bildutako eta ofizialki 1836an argitaratutako datuen arabera, Karabakh Garaiko biztanleria gehienbat armeniarra zen.[12] 1828an, Karabakheko khanerria desegin egin zen, eta 1840an Kaspioko oblastak (Kaspíyskaya óblast) bereganatu zuen. 1846an, Shemakako guberniaren parte izatera pasa zen. 1876an Elizavetpolgo guberniara pasa zen, 1917an Errusiar Inperioa erori zen arte existitu zena.
Errusiar Inperioa desegin ondoren, Karabakh, Zangezur eta Nakhitxevan, Armenia eta Azerbaijango errepublika berrien arteko lehian zeuden lurralde bihurtu ziren.[13] Bien arteko borroka hasi zen. Otomandar Inperioak Gerra Handian porrot egin ondoren, britainiar tropek Transkaukasia okupatu zuten. Britainiar aginteak Khosrov bey Sultanov (azerbaijandar gobernuak izendatua) berretsi zuen Karabakh eta Zangezurreko gobernadore nagusiaren behin-behineko postuan, Parisko Bake Konferentziaren azken erabakiaren zain, baina 1920an Azerbaijan eta Armenia sobietartu egin ziren eta Karabakhen estatusaren auzia sobietar agintarien esku geratu zen.
1923an, Karabakheko zati batzuk Karabakh Garaiko Oblast Autonomoa berriaren parte izatera pasa ziren, Azerbaijango SESen erakunde administratibo bat, zeinaren barruan armeniarren %94 geratzen zen.[14][15] Sobietar garaian, armeniar agintariak Karabakh Garaiko Oblast Autonomoa Armeniako SESekin lotzen saiatu ziren, baina Moskuko agintariek ez zituzten ekimen hauek babestu.
1988ko otsailean, Mikhail Gorbatxoven neurriek bultzatutako glasnost eta perestroikaren testuinguruan, Karabakh Garaiko Oblast Autonomoko Sobiet Gorenak, bozketa bidez, Armeniako SESekin bat egitea erabaki zuen.[16] 1989ko udan, armeniarrak bizi ziren Karabakh Garaiko oblasteko eremuak Azerbaijango SESak blokeatuta zeuden, Armeniako SESak Nakhitxevanen aurka egiten zuen blokeoari erantzuteko, errepideak eta trenbideak kanpoalderako sarbidea moztuta. Uztailaren 12an, Karabakh Garaiko Sobiet Gorenaren bozketa egin zen, Azerbaijanekiko sezesioa erabakitzen zuena, eta, horri erantzunez, Kremlinek eskualdea Moskuren kontrolpean jarri zuen, hura gobernatuko zuen batzorde berezi bat ezarriz. 1989ko azaroan, Kremlinek Azerbaijani itzuli zion oblastearen kontrola. 1991n Shaumian eskualdeko tokiko gobernuak ere Azerbaijango SESeko independentzia aldarrikatu zuen.[17]
1991. urtearen amaieran, armeniarrek Karabakh Garaiko Oblast Autonomoko gobernuan zuten ordezkariek Azerbaijango SEStik independentea zen errepublika aldarrikatu zuten. Garai hartan, Karabakh Behereko zati batzuk Karabakheko armeniarren indarrek kontrolatzen zituzten. Eskualdeko azerbaijandarrek eta kurduek armeniarren kontrolpean geratu ziren lurraldeak utzi behar izan zituzten.
Hizkuntza
Eskualdeko armeniar populazioak armenieraren dialekto bat hitz egiten du, persiar, errusiar eta turkiar hizkuntzen eragin handia jaso duena.[18] Armeniako dialektorik mintzatuena zen, sobietar garaian Erevango dialektoa Armeniako SESko hizkuntza ofiziala bihurtu zen arte.[5]
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
- (Armenieraz) Leo. Երկերի Ժողովածու (Collected Works). vol. iii. Yerevan: Hayastan Publishing, 1973, p. 9.
- (Armenieraz) Ulubabyan, Bagrat Արցախյան Գոյապայքարը. Erevan: Gir Grots Publishing, 1994, p. 3. ISBN 5-8079-0869-4.
- Mirza Jamal Javanshir Karabagi. The History of Karabakh Chapter 2: About the borders, old cities, population aggregates and rivers of the Karabakh region.
- Hewsen, Robert H. "The Meliks of Eastern Armenia: A Preliminary Study." Revue des Études Arméniennes. NS: IX, 1972, p. 289, note 17.
- Regions and territories: Nagorno-Karabakh. BBC News (Ingelesez)
- Hewsen, Robert H. Armenia: a Historical Atlas. Chicago: University of Chicago Press, 2001, pp. 119–120.
- (Armenieraz) Ulubabyan, Bagrat. «Ղարաբաղ» (Gharabagh). Armenian Soviet Encyclopedia. vol. vii. Erevan: Armenian Academy of Sciences, 1981, p. 26.
- Hewsen. Armenia, pp. 118-121.
- Hewsen. Armenia, pp. 119, 155, 163, 264-265.
- Johannes Schiltberger. Bondage and Travels of Johann Schiltberger. Translated by J. Buchan Telfer. Ayer Publishing, 1966, p. 86. ISBN 0-8337-3489-X.
- Bournoutian, George. "The Politics of Demography: Misuse of Sources on the Armenian Population of Mountainous Karabakh." Journal of the Society for Armenian Studies, vol. 9, 1996, 1997, pp. 101-102
- Hovannisian, Richard G. "The Armeno-Azerbaijani Conflict Over Mountainous Karabagh." Armenian Review, XXIV, Summer 1971.
- Bradshaw, Michael J; White, George W.. (2004). Contemporary World Regional Geography: Global Connections, Local Voices. New York: Mcgraw-Hill, 164 or. ISBN 0-0725-4975-0..
- Yamskov, A. N. "Ethnic Conflict in the Transcausasus: The Case of Nagorno-Karabakh." Theory and Society. Vol. 20, No. 5, Special Issue on Ethnic Conflict in the Soviet Union October 1991, p. 659
- De Waal, Thomas. Black Garden: Armenia and Azerbaijan Through Peace and War. New York: New York University Press, 2003, pp. 10-11.
- De Waal. Black Garden, p. 85.
- De Waal. Black Garden, p. 186.