Kanbodiako geografia
Kanbodia hego-ekialdeko Asiako estatua da. 181.040 kilometro koadro da luze-zabalean, alegia, munduko herrialdeetan 90.a.[1]
Azalera | |
Osoa | 181.035 km² |
Lehorra | 176.515 km² |
Ura | 4.520 km² |
Latitudea | 13°0' N |
Longitudea | 105°0' E |
Mugak | |
Laos | 555 km |
Thailandia | 817 km |
Vietnam | 1.158 km |
Itsas erreklamazioak | |
Ondoko eremua | 24 itsas milia |
Jurisdikziopeko urak | 12 itsas milia |
Muturreko garaierak | |
Puntu beherena | 0 m (Thailandiako golkoa) |
Puntu gorena | 1.810 m (Phnum Aoral) |
Mugak
Indotxina penintsulako hego-mendebaldean dago, ipar latitudeko 10° eta 15° artean, eta ekialdeko longitudeko 102° eta 108° artean. Iparraldean eta mendebaldean Thailandia du, Laos ipar-ekialdean, eta Vietnam ekialdean eta hego-ekialdean. Hego-mendebaldean 443 kilometroko itsasertza du Thailandiako golkoan.[1]
Erliebea
Tonlé Sapen arroak eta Mekong ibaiaren ordokiak hartzen dute herrialdearen erdialdea, eta azalera osoaren % 75 inguru. Eskualde horren zatirik handiena 100 metro baino gutxiagoko garaieran dago, eta arroza lantzen da bereziki. Arro handi horren hego-ekialdean Mekongen delta dago, Vietnamen barna Hego Txinako itsasoraino hedatzen dena. Arroaren eta deltaren inguruan mendilerroak daude: Kardamomo mendiak eta Damrei mendiak hego-mendebaldean, eta Dangrek mendiak iparraldean. Ipar-ekialdeko eta ekialdeko lur garaiak, berriz, hegoaldeko Vietnamgo mendiguneekin batzen dira.[2]
Hego-mendebaldean Kardamomo mendiak daude, ipar-mendebalde hego-ekialde norabidean orientaturik. 1.500 metrotik gorako gailurrak dauzkate, eta bertan dago Kanbodiako mendirik garaiena: Phnom Aural (1.813 metro).[2][3] Kardamomo mendietatik hegoalderantz eta hego-ekialderantz Damrei mendiak hedatzen dira, 500 eta 1.000 metro bitarteko altuerakoak. Bi mendilerro horien mendebaldean kostaldeko lautada estu bat dago, Thailandiako golkoaren ertzean.[2]
Dangrek mendigunea, Tonlé Sap arroaren iparraldean, Thailandiako Khorat goi-ordokiaren hegoaldeko ertza da. 500 metro inguruko garaiera du, eta punturik altuenak 700 metrotik gorakoak dira.[2]
Hidrografia
Hego-ekialdeko erreka batzuk izan ezik, Kanbodiako ibai eta ibai-sistema nagusiak Tonlé Sap aintzirarantz edo Mekong ibairantz isurtzen dira. Kardamomo eta Damrei mendiak uren banalerro garrantzitsua dira: ekialdeko ibaiak Tonlé Sap alderantz isurtzen dira, eta mendebaldekoak Thailandiako golkora.[2]
Ibai nagusia Mekong (khmereraz: Tonle Thom, "Ibai Handia") da, herrialdea ipar-hego zeharkatzen duena. Arrantza gune handia da, batez ere uholde garaian, ibai-ibilgua alderanzten baita. Erdialdean Tonlé Sap aintzira dago, hego-ekialdeko Asiako ur gezako lakurik handiena. Euri garaian, ur biltegi moduan funtzionatzen du, Mekong ibaiaren emaria erregulatuz: urtaro lehorrean 2.590 kilometro koadro hartzen ditu, eta 24.605 kilometro koadro irail eta urriko montzoi-euriteen ondoren.[2]
Klima
Montzoiek agintzen dute Kanbodiako klima. Bi urtaro daude: euritsua, maiatzetik urrira, eta lehorra, azarotik martxora. Udan hego-mendebaldeko haizeek Thailandiako golkoko eta Indiako ozeanoko hezetasuna daramate, eta euri jasa bortitzak izaten dira irailetik urrira. Neguko montzoiak, berriz, barnealdeko haize idorra dakar; urtarrila eta otsaila dira hilabeterik lehorrenak.
Tonlé Sapen urteko batez besteko tenperatura 25 ºC ingurukoa da, batez besteko maximoa 28 °C ingurukoa, eta batez besteko minimoa 22 °C ingurukoa. Hala ere, 32 °C-tik gorako tenperatura maximoak arruntak dira eta, euriteen sasoia hasi baino lehentxeago, 38 °C-tik gora irits daitezke. Gutxieneko tenperaturak ez dira inoiz 10 °C-tik behera jaisten. Urtarrila da hilabeterik hotzena, eta apirila beroena. Sarritan Vietnamgo kostaldea suntsitzen duten zikloi tropikalek oso gutxitan egiten dute kalte Kanbodian.[2]
Datu klimatikoak (Phnom Penh) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 31.6 | 33.2 | 34.6 | 35.3 | 34.8 | 33.8 | 32.9 | 32.7 | 32.2 | 31.4 | 31.1 | 30.8 | 32.9 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 21.8 | 22.8 | 24.3 | 25.5 | 25.6 | 24.9 | 24.8 | 24.6 | 24.4 | 24.2 | 23.2 | 21.9 | 24.0 |
Euria (mm) | 12.1 | 6.6 | 34.8 | 78.8 | 118.2 | 145.0 | 162.1 | 182.7 | 270.9 | 248.1 | 120.5 | 32.1 | 1411.9 |
Iturria: Deutscher Wetterdienst[4] |
Datu orokorrak
Kokapena: Hego-ekialdeko Asian, Thailandiako golkoak, Thailandiak, Vietnamek eta Laosek inguraturik.
Koordenatu geografikoak:
Azalera:
- osoa: 181.035 km²
- lehorra: 176.515 km²
- ura: 4.520 km²
Herrialdearen mugak:
denera: 2.530 km
Erresuma mugakideak:
- Laos 555 km,
- Thailandia 817 km,
- Vietnam 1158 km
Itsasbazterra: 443 km
Lurraldea: garaiera txikiko zabaldiak, batez ere; mendiak hego-mendebaldean eta iparraldean.
Muturreko garaierak:
- puntu beherena: Thailandiako golkoa, 0 m
- puntu gorena: Phnom Aural 1.810 m
Baliabide naturalak: petrolioa eta gas naturala, zura, harribitxiak, burdina, manganesoa, fosfatoak, hidroelektrizitatea, laborantza lurrak.
Lurren erabilera: (2018)
- laborantza lurrak: % 32,1
- baso lurrak: % 56,5
- beste: % 11,4
Lur ureztatua: (2012) 3.540 km²
Arrisku naturalak: Montzoi-euriteak (ekainetik azarora), uholdeak, noizbehinkako lehorteak.
Erreferentziak
- Cambodia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-2-12).
- Cambodia: Geography. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2022-2-12).
- Phnom Aural. peakbook.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-20).
- Klimatafel von Phnom Penh / Kambodscha. Baseline climate means (1961–1990) from stations all over the world, Deutscher Wetterdienst, dwd.de (Noiz kontsultatua: 2016-01-23).