Kamioi

Kamioia motordun ibilgailua da, salgai edo karga astunak errepidez garraiatzeko ibilgailu handi eta sendoa hain zuzen ere[1]. Autoa baino handiagoa da eta haren helburua, pertsonak eramatea baino, ondasunak garraiatzea da.

Haien egiturak, erresistenteagoak izateko aukera ematen die, koskor bakarrekoak baitira. Txasisaren (egitura oso gogor eta erresistentea) inguruan eraikita daude, beste autoetan gertatzen ez den bezala. Kamioi gehienetan antzeko elementuak agertzen dira: txasisa, egitura markoa, kabina eta, azkenik, karga eramateko atxikita doan beste egitura bat.

AEBetako kamioi klasikoak: motorduna eta motor gabekoa, Florida estatuan.
Daimler-Lastwagen, 1896

Egitura da, batik bat, kamioiari forma eta izena ematen diona, luzera eta pisua zehazten baitu. Hori dela eta, kamioi mota asko daude, funtzio berdina izaten dutenak, baina egoera edo eskala ezberdinetan erabiltzen direnak. Izan ere, ez baita kamioi mota bera erabiltzen hiri batetik bestera zenbait elementu garraiatzeko edo, industrian erabiltzen diren pieza erraldoiak herri batetik bestera eramateko.

Horrela, esan daiteke, kamioiak espezializatu direla lan zehatz batzuk egiteko, horretarako beharrezkoak diren elementuak garatuz. Ez da gauza bera beirazko kutxa, dinamita edota janaria garraiatzea: kasu batzuetan beharrezko da tenperatura kontrolatzea, besteetan kargak ezin du kolperik jasan edota gehiegi mugitu (kristalezko elementuen edo material arriskutsuen kasuan).

Kamioietan garraiatzen diren merkantziak, normalean, kamioietan bertan eramaten dira beste garraiobideak aproposak ez direlako. Merkantzia jakin batzuk, adibidez, hegazkinentzat handiegiak dira edo gehiegizko pisua gainditzen dute, eta itsasontzian eramatea, ezinezkoa da, lurretik garraiatu behar direlako derrigorrez.

Lehendabizikoa 1896an Gottlieb Daimlerrek egin zuen[2].

Kamioi batzuk, gutxi badira ere, lehiaketetarako erabiltzen dira. Dakar Rallyan, adibidez, ohiko kamioiak daude, autoei laguntza eskaintzen dietenak, eta lehiaketan bertan parte hartzen dutenak, askoren aburuz, ikuskizun harrigarria sortzen dutenak.

Kamioi motak

Suhiltzaileentzako unitatea, 2004 Freightliner txasisean oinarritua.

Erabileraren arabera, honako kamioi mota nagusiak daude:

  • Hormigoi kamioia
  • Suhiltzaileen kamioia
  • Zisternadun kamioia
  • Zarama jasotzen duen kamioia
  • Erremolke bezala erabiltzen den kamioia
  • Obretan erabiltzen den kamioia, hondakinak azkar jasotzeko eta atzeko partea inklinatuz guztiz husten dena (dumper)
  • Trailerra
  • Termikoki isolaturiko kamioiak

Erreferentziak

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Kamioi. .
  2. About.com. Truck History. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.