Kalevala

Kalevala Elias Lönnrot finlandiar idazleak XIX. mendean idatzi zuen poema epikoa da, hark eta beste ikerlari batzuek finlandiar lurretan bertakoen artean eginiko folkloreari buruzko lanetan oinarritua.

Kalevala
Jatorria
Egilea(k)Elias Lönnrot
Sorrera-urtea1828
Argitaratze-data1835
IzenburuaKalevala
Jatorrizko herrialdeaErrusiar Inperioa
Honen izena daramaKalev (en) Itzuli
Ezaugarriak
Genero artistikoanarraziozko poesia eta epopeia
HizkuntzaKareliera eta finlandiera
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Fikzioa

Finlandian ohikoa zen elezahar eta mitoak hitz neurtuetan edo kantuetan kontatzea, eta horrela pasatzen ziren belaunaldiz belaunaldi, rapsoden bidez, askotan. Ikerketa horietan, Kareliako herrietan bildu zituzten mito eta elezahar horiek, zuzenean entzunez edo rapsoden idazkiak aztertuz. Kalevala liburua, hortaz, finlandiarren tradizio eta sinesmen guztien batura da, hitzez hitz antzinatik zetozen ohitura zaharrenak. Euskal Herriko Erdi Aroko gesta kanten antzekoa da, baina eskandinaviar ukituekin eta bertako antzinako ohiturak erabiliz.

Egitura eta ezaugarriak

1835ean argitaratu zen lehenengoz, eta 5.052 bertso zituen, 32 poematan sakabanaturik. Obraren amaiera eta azken argitalpena 1849an izan zen, haren 23.000 bertsoak 50 poematan agertzean. Elias Lönnrotek ohiturak eta istorioak gertatzen ziren lurraldeetara jo zuen, haien berri izateko. Horrela, poema epiko zorrotza idaztea lortu zuen.

Lönnrotek, informazioa jasotzean, bertsio desberdinak elkartu eta nahasi zituen, eta istorioak batuz idatzizko egitura oso ona lortu zuen. Gainera, pertsonaiak murriztu zituen eta historietan agertzen ziren lurraldeak nabarmendu, finlandiarren mitologia lurraldeetan hobeto kokatzearren. Dena den, gaur egun ere eztabaidatua da zenbat aldatu ote zuen Lönnrotek jatorrizko poesia.

Poeman hezur-haragizko heroiak agertzen direla dirudi, gizatasun eta jainkotasunaren ezaugarriak dituztenak eta askotan kontraesan eta aldrebeskeriak ageri dituztenak. Kalevalan, beraz, horrela, mitologia giroan erakusten zaizkigu gizatasunaren mugak.

Pertsonaiak

  • Väinämöinen: Ilmatar jainkosaren semea da eta munduari forma ematen diotenetako bat da. Lehen rapsoda da, eta bere kantuak ezaugarri magikoak ditu. Heroiaren, xamanaren eta poetaren ezaugarriak bateratzen ditu. Zaharra eta jakintsua da jaiotzez, eta emaztegaia bilatzea da bere bidaien motibazio nagusia.
  • Ilmarinen: Aitzinako tradizioan jainko zatekeen hau heroi eskulangilea da Kalevalan. Zeru-gangaren, sanpoaren eta beste hainbat tresna miragarriren sortzailea da.
  • Lemminkäinen: heroi eder, arranditsu eta neskazalea. Amaren aholkuen kontra abentura eroetara jotzen du.
  • Joukahainen: Väinämöinenen inbidiaz bizi den gaztea da. Harrokeriak Väinämöineni erronka botatzera eramango du.
  • Louhi: Pohjolako anderea eta sorgin boteretsua da. Pohjolarrak Kalevalaren etsai dira, eta Louhik kalte handiak eragiten ditu Kalevalan. Alaba ederrak ditu, eta heroi ugarik nahi lituzkete emaztegai izan.
  • Kullervo: heroi tragikoa da. Gaztaroan heziketarik jaso gabea, mendekatia, haserreak erraz itsutzen duena... Bizi dituen baldintzek eta bere ezintasunek bukaera tragikoa ekarriko diote.

Istorioa

Väinämöinen heroiaren lehen zikloa (1-10 kantuak)

Lehen zati honetan kantariak bere buruaren aurkezpena egin eta munduaren sorkuntzari buruz kantatzen du. Segidan, Väinämöinenen jaiotza eta lurrean emaniko lehen pausoak kontatzen dira.

Jarraian Väinämöinen eta Joukahainenen arteko lehiari buruz mintzatzen da kantua. Jokahainenek, Väinämöinen bera baino kantari hobea dela ezin sinetsiz, erronka botatzen dio, baita galdu ere. Bere burua salbatzeko, bere arreba Aino emaztegaitzat eskaintzen dio Väinämöineni, eta honek onartu egiten du. Ainok, ordea, Väinämöinen gorroto du eta bere burua itotzen du itsasoan.

Väinämöinenek, emaztegai bila, Pohjolara lehen bidaia egiten du. Bertako Louhi sorginarekin tratuan ibili ondoren, itzuli, Ilmarinen sanpoa eraikitzeko konbetzitu du eta ondoren hau Pohjolara joatera behartzen du. Sanpoa Louhik eskuratzen du eta ez Ilmarinenek ez Väinämöinenek ez dute emaztegairik lortzen.

Lemminkäinen heroiaren lehen zikloa (11-15 kantuak)

Lemminkainenen ama (Gallen Kallelaren irudia). Lemminkainenen gorpua, amak berriro osatu ondoren.

Lemminkäinen Saari irlarantz abiatzen dela kontatzen da, hau ere emaztegai bila. Gaizkiulertu bat medio, Kyllikki emaztegaiak arbuiatu egiten du Lemminkäinen, eta azken hau Pohjolara abiatzen da beste emaztegai baten bila. Amaren aholkuei kasu egin gabe, Louhiren alabetako batekin ezkontzeko asmoa du.

Louhik zenbait froga ezartzen dizkio Lemminkäineni, eta Tuonelan dabilerarik, eraila eta zatikatua suertatzen da. Amak zatiak biltzen ditu Ilmarinenek emaniko erreminta bati esker, eta semea berpiztea lortzen du.

Väinämöinen heroiaren bigarren zikloa (16-25 kantuak)

Väinämöinenek Pohjolara joateko itsasontzi bat eraiki nahi du. Tuonelan delarik, harrapatu eta preso hartua da, baina ihes egitea lortzen du. Ondoren, Antero Vipunen erraldoi jakintsua behartzen du hitz magiko batzuk esatera, Väinämöinenek haren magia bereganatzen duelarik. Pohjolara joateko prest delarik, Ilmarinen elkartzen zaio, honek ere Louhiren alaba emaztetzat nahi baitu.

Louhiren alabak Ilmarinen hautatzen du senartzat. Louhik ezinezko frogak betearazten dizkio, baina Ilmarinenek guztiak gainditzen ditu emaztegaiaren laguntzaz. Azkenik, ezteiak ospatzen dituzte. Ezteiak alaitasunez eta oparotasunean burutzen dira, baina Lemminkäinen ez dute gonbidatzen.

Lemminkäinen heroiaren bigarren zikloa (26-30)

Haserre, Lemminkäinen Pohjolara abiatzen da. Bertan Sariolari erronka jotzen dio, borroka egin eta garaitu egiten du. Pohjolatarrek armada biltzen dute mendeku hartzeko, eta Lemminkäinen, amaren aholkua jarraituz, ihes egin eta ezkutatu egiten da. Pohjolatarrek hura aurkitu ez eta haren etxea erretzen dute.

Lemminkäinen Pohjolara itzultzen saiatzen da mendeku gosez, baina Louhiren sorginkeriak medio, ez du hara heltzea lortzen. Itzuli eta etxea berreraikitzen hasten da.

Kullervo heroiaren zikloa (31-36)

Kullervoren maldizioa (Gallen Kallelaren irudia). Kullervo Ilmarinenen emaztea madarikatzen ageri da.

Untamok bere anaia Kalervoren tribua eraso eta guztiak hiltzen ditu, anaiaren emaztea izan ezik. Honen seme Kullervo jaiotzean, Untamo hura hiltzen saiatzen da, baina haurraren botere harrigarriengatik ez du asmoa gauzatzen. Azkenik, Kullervo Ilmarineni saltzen dio, esklabu gisa. Kullervok Ilmarinenen emaztea hil eta ihes egiten du. Gero, bere familiako kide batzuk bizirik direla jakiten duelarik, haiek omen dauden lekura abiatzen da.

Bidean neska gazte bat ezagutu eta limurtzen du. Kullervok familiako kideak topatzen ditu eta limurtu duen neska arreba duela jakiten du. Neskak, horren berri izatean, bere buruaz beste egiten du. Kullervok Untamoren kontra bideratzen du amorrua, jendea erail eta lurrak hondatuz. Itzuleran, bere familiak beldurraren beldurrez ihes egin duela jakiten du Kullervok. Azkenik, alboraturik eta damuturik, bere buruaz beste egiten du.

Ilmarinenen bigarren zikloa (37-38)

Ilmarinen triste da emaztea galdu duelako. Urrezko emakume bat eraikitzen du, baina hotzegia eritzirik, Pohjolako Louhiren alaba gazteena bahitzea erabakitzen du. Asmoa betetzen du Ilmarinenek, baina neskak iraindu eta erasotzen duenez, txori bihurtzen du. Etxera itzuli eta Pohjolak sanpoari esker dituen aberastasunez mintzatzen zaio Väinämöineni.

Väinämöinen heroiaren hirugarren zikloa (39-49 kantuak)

Sanpoaren defentsa (Gallen Kallelaren irudia). Louhi sorgina Väinämöinen eta haren lagunei erasoan.

Väinämöinen, Ilmarinen eta Lemminkäinen Pohjolara joaten dira sanpoa lapurtzeko asmoz. Bidean akabatzen duten munstro baten baraila erabiltzen dute lehen kantelea (finlandiar musika tresna) egiteko. Sanpoa lapurtu eta ihes egiten dute heroiek, baina Louhik sanpoa berreskuratzeko eraso egiten die eta borrokaldian sanpoa zatikatua eta galdua suertatzen da.

Louhik, sanpoaren galeraz mendekatzeko, izurriteak bidaltzen ditu Kalevalara, sua lapurtzen die eta eguzkia eta ilargia ezkutatzen ditu. Väinämöinenek gaixotasuna sendatu eta Ilmarinenen laguntzaz sua berrezartzen du. Azkenik, heroiek Louhi eguzkia eta ilargia itzultzera behartzen dute.

Marjattaren zikloa (50 kantua)

Marjatta izeneko birjinak haurra edukitzean, Väinämöinenek hau hiltzea proposatzen du. Haurra, hordea, hizketan hasi eta Väinämöineni zuhurgabezia leporatzen dio. Haurra Kalevalako errege izendatzen dute eta Väinämöinen herbesteratua da, bere kantu eta musika tresna soilik utziz.

Kantuaren bukaeran entzuleei eskerrak ematen dizkie kantariak.

Kanpo loturak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.