Kaledoniar orogenia
Kaledoniar orogenia[1] Eskozian, Irlandan, Ingalaterran, Galesen eta Norvegiako mendebaldean siluriar eta devoniar garaian (Paleozoikoa) gertatu zen mendien eraketa prozesu bat izan zen, 444 eta 416 milioi urte artean gutxi gorabehera. Izena Eskoziako latinezko "Kaledonia" izenetik datorkio.
Kaledoniar orogenia, Pangea osatzeko elkartzen ziren kontinente ezberdinen elkarketan gertatu zen. Aurreko aldian, Ordoviziarrean, duela 488-444 milioi urte, Gondwana izeneko kontinente handi bat — egungo Afrika, Hego Amerika eta Antartika osatuko duten masa kontinentalek osatua —, Hego Poloaren eta ekuatorearen artean zegoen; bigarren lur-masa bat, Laurentia, etorkizuneko Ipar Amerikako ipar-ekialdeko sekzioa zuena, ekuatorearen gainean zegoen. Ipar-ekialdean, Siberiako plaka zegoen, Laurentiatik Uraliar ozeanoaren bidez banandua. Hego-ekialdean, Baltikako plaka Iapetus ozeanoak banatzen zuen Gondwanatik. Uhartez osatutako kontinente txiki bat, Avalonia (gaur egungo Ingalaterra Berria, Eskozia Berria eta mendebaldeko Europako zati bat zituena, Britainiar uharteak barne), Baltikoko plakatik mendebaldera zegoen, Torquist ozeanoak banandua. Rheikiar ozeanoa Avalonia, Baltika eta Gondwana artean zegoen.
Ordoviziar garaian, Rheikiar ozeanoa hedatzen hasi zen, Baltika eta Avalonia Laurentiarantz bultzatuz. Baltikak eta Avaloniako iparraldeak talka egin zuten lehenik, siluriar garaian kaledoniar orogenia sortuz. Aldi horren amaieran, eta hurrengo devoniar zehar, Avaloniako gainerakoek ere talka egin zuten, Acadiar orogenia sortuz, non Apalatxeak sortu ziren.
Kaledoniar orogeniak Ebro eta Akitaniako arroak sortu zituen. Momentu horretan Euskal Herrian sakonera eskaseko itsaso bat zegoen, koral ugaridun kareharriak sortu zirenean.
Erreferentziak
- Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2000]