Kaio ilun
Kaio iluna (Larus fuscus) laridae familiako hegazti zangaluzea da[1], Europako kostaldetan bizi dena. Bizkaieraz kalasantza esaten diote[2]. Kopurutan igotzen ari den espeziea da, gizakiak eraldaturiko ingurunera egokitzen jakin baitu.
Kaio ilun | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Laridae |
Generoa | Larus |
Espeziea | Larus fuscus Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | arra: 880 g (helduen pisua) emea: 755 g (helduen pisua) |
Zabalera | 1,34 m |
Kumaldiaren tamaina | 2,4 |
Errute denbora | 25 egun |
Deskribapena
Kaio handi bat da eta izena ematen dion ezaugarria bizkarraldeko kolore gris iluna da, kaio hauskararena baino ilunagoa bai behintzat. Hura baino pixka bat txikiagoa ere bada. 49-57 cm arteko luzera eta 118-150 cm arteko hego zabalera ditu eta itxuran sexu dimorfismorik agertzen ez duen arren arra zerbait handiagoa da emea baino[3]. Arrak 824 gramo pisatzen ditu batazbeste eta emeak 708 gramo[4]. Hankak, mokoa eta begiak horiak dira. Mokoaren azpialdean orbain gorri bat badu, kumeek mokoekin jotzen dutena helduek elikagaia oka egin dezaten[3].
Kaio espeze guztietan bezala gazteak lumaia marroi-zuria, orbain eta lerro ugariz apainduak. Moko beltza dute eta hanka arroxak. Hiru aldiz mudatzen dute lumaia eta laugarren udan lortzen dute helduen lumai zuri eta grisa[3].
Habitata
Espezie migratzailea da eta neguan hegoalderantz jotzen duenean Frantzia eta Mauritania arteko kostalde guztia okupatzen dute[3]. Euskal Herrian bikote batzuk kumatzen hasi dira, Jaizkibel aldean adibidez, "Zakur mutur" eta "Markotx" inguruetan[5]. Duela gutxi arte kumatze-muga Bretainiako penintsulan zegoen baina nekorak eta Liocarcinus corrugatus karramarroak jaten hasi direnetik nahikoa elikagai aurkitzen dute bertan[5].
Elikadura
Kaio ilunak denetarik jaten du, animalia ornodunak, ornogabeak, landare jatorrikoak eta baita gizakiak sorturiko hondakin eta zaborra ere. Beste hegazti akuatikoen bizkarroia ere bada eta hauen kolonietan sartu eta arrautza eta txitak lapurtu eta jaten ditu. Edozein motatako sarraskiak ere jaten ditu, baina ez da kaio hankahoria bezainbeste erlazionatzen gizakiaren jarduerekin[3].
Ugalketa
Hegazti koloniala da. Europa iparraldean kolonia monoespezifikoak eratzen ditu baina hegoalderako kopuru txikiagotan dabilenez gainerako kaioekin batera sortzen ditu taldeak[6]. Guraso biek eraikitzen dute habia, alga, belar eta makilatxoz muinotxo bat egiten dute, 10-15 cm-ko altuera, 25-35 cm-ko diametroa eta 8 cm arteko sakonerako zuloa duena. Emeak normalean oliba koloreko hiru arrautza jartzen ditu (1 eta 4 artean) eta guraso biek txittzen dituzte 24-27 egunetan zehar. Txitak jaiotzen direnean habiaren inguruan ibiltzen dira eta 40 egun pasatakoan beren garapena osatzen dute[3].
Taxonomia
Kaio iluna Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean bere Systema naturae liburuan. Larus fuscus izena eman zion[7], Larus kaioen generoa da eta fuscus izenak latinez "beltza" esan nahi du. Bost azpiespezie ditu[8]:
- Larus fuscus fuscus, Itsaso Baltikoan eta ekialdeko Eskandinavian bizi dena.
- Larus fuscus intermedius, Danimarkan, Herbeheretan eta Norvegian bizi dena.
- Larus fuscus graellsii, Britainiar Uhartetan, Islandian, Frantzian eta Euskal Herrian bizi dena.
- Larus fuscus heuglini, Errusia iparraldean eta Siberia erdialdean bizi dena.
- Larus fuscus barabensis, Erdialdeko Asian bizi dena.
Galeria
- Kaio iluna.
- Kaio iluna hegan.
- Kaio hauskara aurrean eta kaio iluna atzean.
- Txitak habian.
- Kaio ilun gaztea eta heldua.
- Arrautzak.
Erreferentziak
- Peter Harrison, Seabirds, ISBN 0-7470-1410-8
- kalasantza «».
- «Gaviota sombría» SEO/BirdLife.
- Dunning, John B. Jr. (editorea). (1992). CRC Handbook of Avian Body Masses. CRC Press ISBN 978-0-8493-4258-5..
- «Txingudi badiako labarrak eta landak - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
- «Culture: Wildlife - The Urban Seagull Colony» www.thisbrighton.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
- Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
- «Wayback Machine» web.archive.org 2009-04-29 (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).