Kaio hankahori

Kaio hankahoria (Larus michahellis) laridae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Europan, Ekialde Hurbilean eta iparraldeko Afrikan bizi da. Bizkaieraz Santza edo Itxastxori izendatuta.[2]

Kaio hankahori
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaLaridae
GeneroaLarus
Espeziea Larus michahellis
Naumann, 1840
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera130 cm
Errute denbora28 egun
Kaio hankahoria uso bat jaten.

Deskribapena

55-67 cm arteko luzera eta 130-158 cm arteko hego-zabalera ditu. Kilo eta erdiko pisua hartu dezake. Kaio hauskararen oso antzekoa da eta ezaugarri gutzi batzuek bereizten dituzte biak, nabarmenena hanka horiak dira, kaio hauskarak arroxa kolorekoak ditu. Tamaina aldetik ere kaio hankahoria apur bat handiagoa da. Horiak ditu mokoa eta begiko eraztuna ere. Bestela hegaztiaren lumaia grisa da bizkarraldean (beste kaioa baino ilunxeagoa) eta burua eta sabelaldea zuriak ditu. Hegoen muturrak beltzak dira, buztana aldiz zuri zuria da[3].

Kaio gaztea gainerako espezieen oso antzekoa. Buru eta sabelalde arteak, luma zuri eta marroiak tartekaturik dituztela eta bizkarraldea ere antzera, baina ilunagoa. Mokoa ere beltza du. Heltzen doan heinean gorputza zuritzen eta mokoa horitzen joaten zaio[4].

Tamainaz kaio nahiko handia da, ohikoak diren kaio hauskara eta kaio iluna baino handiagoa da, baina kaio beltza baino txikiagoa.

Banaketa eremua

Europa osotik, Afrika iparraldetik eta Asiako mendebaldaetik hedatzen den kaio espeziea da, oso ugaria eta arrunta.

Ingurune naturala eta habitata

Kostaldeko edozein eremu kolonizatzen du, padurak, gatzagak, hondartzak eta bestelako hezeguneak. Habiak ezartzeko itsaslabarrak edota kostaldeko uharteak nahiago izaten ditu[3].

Barnekaldeko eremuak ere kolonizatzen ditu, gero eta gehiago. Iberiar penintsulan esaterako, Madril inguruetan milaka ikusten dira bertako zabortegiak baliatuz elikatzeko.

Euskal Herrian

Euskal Herriko kostaldean oso ohikoa den kaioa da, kostaldeko edozein herrietan ikus daitekelarik.

Barnekaldean ere ikus daitezke janari bila eta ohikoa da Uribari-Ganboa urtegi inguruetan ikustea.

Kostaldeko itsaslabarretan zein uhartetan ugaltzen da eta bertan eraikitzen ditu kolonia handienak eta iraunkorrenak. Izaro eta Aketx uhartetan bizi dira Euskal Herriko kolonia handienak, oso ugaria da ere Santa Klara eta San Nikolas uhartetan eta ondo kontserbaturiko itsaslabarretan, Zumaiako flyschetan, Ogoñon, Txingudin eta askoz leku gehiagotan.

Herrietan arazoak

Kostaldeko herri eta hirietan ere ugaltzen da, horrela eremu kontinentalak kolonizatzen ere hasi da[5]. Teilatuetan habiak egiten dituzte eta zirinarekin arazo handiak sortzen dituzte, teilatuak kaltetuz, antena eta gainerako egiturak ere bai, eta batzutan terrazara atera eta habiatik gertu jartzearren gizakiak ere erasotu izan dituzte[6]. Hori dela eta hainbat udaletan kaioak izutzeko sistemak erabiltzen hasi dira, ultrasoinuen bozgorailuak edota hegazti harrapariak erabiliz, belatz handia bereziki[7].

Elikadura

Kaio hankahori saldo handia arrainak harrapatzen.

Ia edozer gauza jaten du, landareak, arrainak, ugaztun txikiak, krustazeoak, moluskoak, hegazti txikiak eta sarraskia ere bai. Oskoldun animaliak harrapatzen dituenean arroken kontra botatzen ditu oskola hautsi eta barneko haragia eskuratzeko[8].

Zabortegietan kaio hankahori ugari ikusten dira eta baita arrantza-itsasontzien inguruan ere, arrantzaleek baztertzen dituzten arrainak harrapatu nahian[3]. Inoiz bere espezie bereko arrautzak eta txitak jaten ere ikusi izan da. Hori dela eta bikotekide bat beti gelditzen da habian, gainerako kaioetatik bere ondorengoak babesteko[8].

Askotan bera baino txikiagoak diren itsas hegaztiei lapurtzen die jakiak, hauek jazartzen ditu hegaldi bizkor eta akrobatikoetan (kaioak hegalari trebeak baitira) eta harrapatutako arrainak edo jakiak osten die. Portaera hau, batez ere, beraiek baino hegan egiteko trebetasun txikiagoko hegaztiekin egiten dute.

Elikagai eta portaera barietate horri esker azken urteetan nabarmen ugaldu da kaio hankahoriaren populazioa.

Ugalketa

Martxoan edo aprilean bikotea habia egiten hasten da. Lurrean aurkitzen duen zulo bat erabiltzen du eta alga, belar eta beste hainbat landare materialekin estaltzen du. Habia lurreko harrapariei sartzea ezinezkoa egiten zaien itsaslaberretan egiten du, uharteen kasuan, lurreko harraparirik existitzen ez bada lurrean bertan egin dezake habia, inolako ardurarik edo beldurrik gabe, Izaro uhartea horren adibide da. Bi edo hiru arrautza jartzen ditu, normalean oliba kolorekoak, eta emeak 25-33 egunetan zehar txitatzen ditu.

Txitak lumatxa gris-urdinez jaiotzen dira[5] eta inguruko harkaitzetan kamuflatzen direnez lasai ateratzen dira habiatik. Hurrengo 45 egunetan gurasoek zaintzen dituzte, harik eta erabat garatzen diren arte[3].

Taxonomia

Johann Friedrich Naumannek 1840. urtean deskribatu bazuen ere kaspiar kaioaren (L. cachinnans) edo Kaio hauskararen (L. argentatus) azpiespezietzat jo izan da duela gutxi arte[9]. Bere izen binomiala Karl Michahelles zoologoaren omenez du. Kaio hankahoriak azpiespezie bi ditu[10]:

  • Larus michahellis michahellis (Naumann, 1840);
  • Larus michahellis atlantis (Dwight, 1922).

Galeria

Erreferentziak

  1. Malling Olsen, Klaus & Larsson, Hans. Gulls of Europe, Asia and North America, ISBN 0-7136-7087-8
  2. «Santza», Orotariko Euskal Hiztegia.
  3. «Gaviota patiamarilla» SEO/BirdLife.
  4. (Gaztelaniaz) «La gaviota patiamarilla (Larus michahellis) es una especie de ave charadriiforme de la familia Laridae» La Perdiz Roja (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  5. «Larus michahellis, Gaviota patiamarilla en Waste magazine» waste.ideal.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  6. (Gaztelaniaz) Vigo, Faro de. «Una gaviota más agresiva "asedia" la ciudad» www.farodevigo.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  7. Ferguson-Lees, J. y Christie, D.. (2001). Raptors of the World. Houghton Mifflin Field Guides ISBN 0618127623..
  8. «Gaviota Patiamarilla» www.pajaricos.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  9. (Gaztelaniaz) «Gaviota patiamarilla - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
  10. «Wayback Machine» web.archive.org 2009-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.