KV15

KV15 Egiptoko Luxor hiritik gertu, Niloren mendebaldeko ibarrean dagoen nekropolia den Erregeen Haraneko hilobi bat da. Bertan Seti II.a izan zen lurperatua, jada gainbehera zihoan Egiptoko XIX. dinastiako seigarren faraoia.

KV15
Kokapena
Estatu burujabe Egipto
Egiptoko gobernadore-herria Luxor Governorate
HiriaLuxor
Koordenatuak25°45′00″N 32°36′51″E
Map
ErabiltzaileaSeti II (en) Itzuli
Arkitektura
Dimentsioak88,65 (luzera) m
Azalera298,11 m²

    Testuinguru historikoa

    Sei urtez Egiptoko faraoi, K. a. 1208 eta K. a. 1202 artean gutxi gora-behera, Userjeperura-Meriamon Seti-Merenptah garai zail batean bizi izan zen, non errege etxea nabarmenki ahuldua zegoen eta Inperio Berriko oparotasun garaia amaitzen ari zen. Ustezko usurpatzailea izan zen Amenmesesek atzean utzia, Seti II.a, itxuraz, borondate gutxi eta ahuldade handiko errege bat izan zen, herrialdearen gobernuan paper aktibo bat izatea eragotziko ziona. Amenmeses hil ondoren, Setiren eragina urria izan zen hiriburua zen Pi-Ramsesetik kanpo, eta Nubiako erregeordearen eta Amonen Apaiz Gorenaren autonomiak gorantza jarraitu zuen.

    Apenas dago bere agintaldiaren daturik, ziuraski oso ezegonkorra eta kaotikoa izan zena hiri handietatik kanpo. Karnakeko Mut eta Amonenak eta Hermopoliseko Totena bezalako tenpluak eraikitzen jarraitzeko saiakera ahulak daude, baita gaur egun ia erabat suntsitua dagoen hil tenplu bat ere Tebaseko mendebaldeko ertzean. Seti II.aren erregealditik geratzen diren arrastoen artean hobekien dokumentatua dagoena bere hilobia den KV15a da.

    Bere erregealdi laburrean, ia ezerezetik, beranduago Bi Lurretan paregabeko boterea lortuko duen irudi bat agertzen da, Bay kantzilerra, XIX. dinastiaren amaierako benetako eminentzia iluna. Pertsonaia ilun honek izan zuen eragina hain izan zen handia Erregeen Haranean berarentzat hilobi bat ere eraiki zela Seti II.aren erregealdiaren amaieran edo honen oinordeko izan zen Siptahren erregealdiaren hasieran. Aldi berean, Seti II.aren Errege Emazte Handia izan zen Tausert erreginaren gorakada ere aipatu behar da, Bayrekin batera bere senar Seti hil ondoren boterean jarraituko zuena eta Siptah eta herrialde osoa bere menpe izango zituena. Hiltzean, Seti II.ak Egipto noraezean utzi zuen, noble anbiziotsuek zuzendua eta nazioartean geroz eta eragin txikiagoa zuena.

    Kokapena

    KV15 Erregeen Haraneko hegomendebaldeko adarraren hegoaldeko muturrean dago, zehazkiago, ekialdeko adarrean. Hilobi honetatik gertu Seti II.agandik gertuko beste pertsona batzuk lurperatuak izateko erabili ziren garai bereko beste hilobi batzuk daude, Siptah KV47an, Tausert KV14an eta Bay kantzilerra KV13an kasu.

    Alabaina, hilobi guzti hauen indusketaren historia ez da oso zehatza, eta adituak ez dira ados jartzen horietatik lehena zein izan zen erabakitzen. Seti II.aren hilobiari dagokionez, Merenptah hil eta gutxira eraikitzen hasi zela iradoki da, baina Amenmeses tronuratu ostean gelditua izan zela. KV15 hilobiaren tamaina txikiaren ondorioz erregearen jatorrizko lurperaketa tokia ez zela ere pentsatu da, eta asmo horrekin soilik Sethnakhten agintaldian ezarri zela, KV14a usurpatu zuena, non, azken teoria honen arabera, Seti II.a eta Tauserten gorpuak zeuden. KV15eko Seti II.aren omenezko idazkunak suntsituak eta ondoren berreginak izateak Amenmesesen agintaldia zein Siptahren tronuratzea eta erregearen alarguna zen Tausert erreginaren ondorengo presentzia hildakoaren oroimena berreskuratzen adieraz ditzake.

    Hilobiaren oinplanoa oso sinplea da, eta beste errege hilobi batzuk baino txikiagoa, oinarrizkoan bat datorren baina berrikuntzaren batzuk aportatzen dituen diseinu sinple batekin. Berrikuntza horien artean ohikoa baino leunagoa zen jaitsierako malda bat eta hil putzurik ez izatea zeuden. Sarrerako korridorea (A) eta ohiko hiru pasabideen ondoren (B, C, D) hil errituan putzu funtzioa egiten duen gela txiki batera iristen da (E) eta jarraian zutabeen aretoa dago (F), lau zutaberekin eta aretoa zeharkatzen duen arranpla batekin.

    Ondoren G pasabidera iristen da, hil ganbera bezala egokitu zena denbora falta nabarmenagatik. Hilobi honetan berezko hil ganberarik ez egoteak Seti II.a ziuraski uste baino lehenago hil zela adierazten du, eta, beraz, bere lurperaketa inprobisatu behar izan zela. Presa hau beranduago aipatuko diren margolan batzuekin berretsiak dira, baina, inolako zalantzarik gabe, amaitu gabe geratu zirenak.

    Apaindura

    Oinarrizko bi etapa bereiz daitezke KV15eko margolanen artean: lehena oso estilo zaindu eta eder bat duena, erliebeekin, eta bestea azkarrago egina eta kalitate txikiagokoa, erlieberik ez duena. Azken hau, hilobiarin zati gehiena hartzen duena, Seti II.aren heriotza eta Erregeen Haranean beronen lurperaketaren arteko epe laburrean egin behar izan zen, gutxienez gorpuaren baltsamatzeak irauten zuen hiru hilabeteak hartuko zituena.

    • B korridorerako sarrerako ateburuak, jada ohikoa den bezala hegodun eguzki diskoa erakusten du, kasu honetan ez zituena soilik erregearen izena eta epitetoak, baizik eta baita Maat jainkosa eta jejer frisoa ere, oso ohiko apaingarria XIX. dinastiako hilobien artean. Pasabide honetan zehar ikusten da erabilitako teknika aldaketa askoz azkarrago egina eta kalitate eta edertasun txikiagokoagatik, Raren Letaniako testu eta eskenekin eta Seti II.aren irudikapenekin Ra-Horajti, Sokar eta Nefertum jainkoekin. Sabaian putreak daude irudikatuta.
    • C pasabidean apaindura amaitu gabe dago, eta gorri koloreko zirriborroak baino ez dira ikusten. Hala ere, pasabide honen apainketarako erabilitako hil testuak Amduateko Liburua (bigarren eta hirugarren orduak) eta, berriz ere, Raren Letania izan zirela ikus daiteke. Hemen ere berriz agertzen da hildako erregea Ra-Horajti eta Sokar jainkoekin batera, eta sabaian Raren Letaniako zati gehiago eta alboetan Isis eta Neftis jainkosak dituen eguzki diskoa ikus daiteke.
    • D korridorea, hirugarrena eta luzeena dena, C korridorearen jarraipen piktorikoa da, eskena guztiak amaitu gabeko zirrimarra batzuk baino askoz gehiago ez direlarik. Amduataren Liburuko zati gehiago nabari daitezke, zehazkiago laugarren eta bosgarren orduak.
    • E gelak, erritualetan putzuaren areto bihurtua, erregearen eta zenbait jainko eta jainkosen eskenak kontatzen ditu, baina KV15 hilobiaren kasuan zenbait hil objekturen irudikapenak erakusten ditu, adibidez, Tutankamonen hilobia den KV62an aurkitutakoen antzeko zenbait estatua. Areto honetan ere margolanak amaitu gabe daude, kasu honetan zenbait irudi okre kolorez beteak izan diren arren, ertzetan alde guztietan agertzen den gorri kolorea dutela eta ñabardura urdin batzuekin.
    • Zutabeen aretoari dagokionez, aurrekoan baino tradizionalagoak diren irudiak erabiltzen dira. Hormetan Ateen Liburua agertzen da, zutabeetan Seti II.a Ra-Horajti, Osiris, Anubis, Ptah, Shu, Geb eta Nefertum jainkoei ofrendak egiten eta giza besoak dituen dyed zutabe bat agertzen diren bitartean. Horus-Iunmutef ere agertzen da, hildakoari egin beharreko Aho Zabalketa errituan funtsezko papera duena, beste mundura pasatzea errazteko. Dena dela, irudi hauek ondoren gainontzeko errege hilobiek erabiliko zuten berrikuntza bat dute, zutabe bakoitzaren alde bakoitzean bi irudi ordez bat bakarrik irudikatuz, eskena ondoko aldekoarekin osatuz.
    • Gko apaindura hilobi guztiko kaltetuenetako bat izan da, baina, dirudienez, Ateen Liburuko eskena gehiago erakusten ditu. Sabaian Nut jainkosaren irudi erraldoi bat dago, zeruaren pertsonifikazioa dena, ohikoa zen zeru izartsuaren funtzioa egingo zuena.
    • Hilobi guztian zehar, G korridorean izan ezik, hirurogei greziar eta demotikar grafito aurkitu dira, baita hieratiko eta koptoak ere, Setiren hilobia grekoerromatar garaian irekita egon zela frogatzen dutenak.

    Indusketa

    Aurretik adierazi den bezala, KV15 gutxienez grekoerromatar garaitik egon da irekia, eta bertan ez da aurkikuntza askorik egin dokumentatutako garbiketa aktibitate bakarrean, Howard Carterrek egin zuena. Aurretik bazeuden hilobiaren aipamenak, Pocockeren garaian (1737), napoleondar espedizioan (1799) edo Burtonen garaian (1825). Ez dago askoz gehiago esaterik Seti II.aren hilobiaren historiako azken garaiei buruz.

    Azken urteetan, Antzinekotasunen Kontseilu Gorenak areto guztietako pitzadurak konpondu ditu eta argiteria zorua eta sarreran uholdeen aurkako babesa ere jarri ditu. Gaur egun, KV15ean geratzen dena, margolanez aparte, sarkofagoaren estalkiaren zatiak dira, itxuraz, Erregeen Haraneko errege hilobi batean erabili zen txikiena izan zena. Sarkofago honen tamaina txikiari buruz, azkenean Ramses III.ak erabili zuen handiago bat existitu izana planteatu da.

    Erregearen momia

    Seti II.aren lurperaketatik Deir el-Medinako langilerik ezagunenetako bat izan zen Paneb delako bati hil hatuaren zati bat lapurtzea leporatu izana ziurtatzen duten dokumentu batzuk iritsi zaizkigu. Hala balitz, tebastar nekropoli guztiko hilobiak eraikitzen zituzten artisau guztiak ezbaian jarriko lukeen ustelkeria kasu entzutetsu bat izango litzateke. Ustezko lapurra atxilotua izan ondoren, lapurtutako objektuak berriz bere tokira bueltatu ziren eta Seti II.ak bakean atseden hartzen jarraitu ahal izan zuen bere hilobia behin betiko bortxatua eta bere gorpua KV35era eramana izan zen arte. Panebi buruz ez dakigu beste ezer, egiptoar justiziak bere lana behar bezala egingo zuela suposatzen den arren.

    Ez da ezagutzen Seti II.aren gorpua bere emazte Tauserten erregealdi laburrean KV14 hilobian egon ote zen, baina, ezagutzen denaren arabera, bai egon zen KV15en ehun urte baino gehiagoz, Egiptoko XXI. dinastiako Amonen Apaizek hilobi lapur eta bandaloengandik salbu egongo zen ezkutaleku batera eraman zuten arte. Momiari eman zioten tratamendu ez zen oso ohikoa izan, eta baltsamatutako gorpuak nabarmen jasan zituen eramatearen gorabeherak. Hala, momia benda berriekin berriz biltzeko orduan, arduradunen presa eta zaintza faltaren ondorioz, gorpuak eskuin besoa osorik galdu zuen, mahaian bere ondoan zuen Ramses VI.aren estaldurara pasatuz.

    Baina Setik bere eramatean ez zuen soilik besoa galdu. Lepoa erdibitu egin zen, abdomena hautsi egin zen, burua gorputzetik banandu zen, eta kokotearen gainaldean duen zulo itsusi bat dira errege honen agintaldia baino askoz beranduagoko hil ondoko tratu txar zeinuak. Horrenbeste sufritu ondoren, gorpua salbu KV35ean jarri zen, Amenofis II.aren hilobia zena, beste zenbait faraoiren gorpuekin batera, errege momien beste ezkutaleku nagusia zen DB320an falta ziren gehienak. Seti II.a egurrezko zerraldo batean aurkitu zen bere aita Merenptah eta Amenofis III.aren momien artean. Benden artean, zaharberritzaileek jarritako zenbait kutun eta, idatzita, Merenptahren kartutxo batzuk aurkitu ziren. Momian ez da erregearen heriotzari buruzko arrastorik eman dezakeen ezer aurkitu, heriotza 40 urte inguru zituenean datatu den arren.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.