June Almeida
June Dalziel Almeida (1930eko urriaren 5a - 2007ko abenduaren 1a) eskoziar birologoa izan zen. Hezkuntza formal gutxi izan arren hasiera batean, Zientzian Doktorea izatera iritsi zen eta aitzindaria birusen irudiak hartzen, identifikazioan eta diagnostikoan.[1] Koronabirus mota berri bat aurkitu zuen eta Manual for rapid laboratory viral diagnosis ('Birusen laborategiko diagnostiko azkarrerako eskuliburua') argitaratu zuen 1979an.
June Almeida | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | ibaumaleon |
Jaiotza | Glasgow, 1930eko urriaren 5a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Heriotza | Bexhill-on-Sea (en) , 2007ko abenduaren 1a (77 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | birologoa eta biologoa |
Enplegatzailea(k) | Glasgow Royal Infirmary (en) Wellcome Research Laboratories (en) St Bartholomew's Hospital (en) Royal Postgraduate Medical School (en) St Thomas's Hospital Medical School (en) Ontario Cancer Institute (en) |
Biografia
June Dalziel Hart 1930eko urriaren 5ean jaio zen Duntroon kaleko 10ean, Glasgown; ama Jane Dalziel (née Steven) zen eta aita Harry Leonard Hart, autobus gidaria.
16 urterekin eskola utzi zuen histopatologiako teknikari gisa lan egiteko Glasgowko Royal Infirmary-n. Ondoren, St. Bartholomew Ospitalera joan zen lanera. [2]
1954ko abenduaren 11n Enrique Rosalio (Henry) Almeidarekin (1913–1993) ezkondu zen, Venezuelako artista, eta alaba bat izan zuten: Joyce.
Kanadara joan ziren bizitzera, eta han June Almeidak Ontarioko Minbiziaren Institutuan lan egin zuen mikroskopio elektroniko teknikari gisa. Titulu formal gutxi izan arren, bere gaitasunei esker, lanean gora egin zuen.[2] Egindako argitalpenek egitura birikoa identifikatzeko egindako lana agertzen zuten eta izen ona eman zioten. Bere gaitasunak ondo ezagutzen zituen A. P. Watersonek, orduan St Thomas's Hospital Medical School- eko mikrobiologiako irakaslea zenak, eta, horregatik, Ingalaterrara itzul zedin eta ospitale hartan lan egin zezan konbentzitu zuen 1964an.
June Almeidak birusak hobeto ikusteko metodo bat garatu zuen antigorputzak erabiliz, horiek agregatzeko. Hepatitis B dakarren birusa eta hotzeriaren birusak aztertu zituen. [3]
June Almeidak errubeolaren birusaren lehen irudiak lortu zituen mikroskopia elektroniko inmunearen bidez[4] eta, David Tyrrellekin batera, koronabirus mota berri bat karakterizatzen aritu zen 1964n[5] —birus familia horrek barne hartzen ditu SARS birusa eta COVID-19 eragiten duen SARS-CoV2 birusa—. Artikulua hasieran ez zieten onartu, baina 1965ean British Medical Journal aldizkarian argitaratzea lortu zuten eta June Almeidak ateratako argazkiak 1967an Journal of General Virology aldizkarian.
Almeidak Waterson jarraitu zuen Londresko Medikuntzako Graduondoko Unibertsitatera eta, bertan, idatzitako artikuluetara egindako ekarpenekin Doktoregoa lortu zuen.
Karrera Wellcome Institutuan amaitu zuen.[3] Wellcome Institutuan lan egiten zuen bitartean, birusen irudiak hartzeko arloan hainbat patente lortu zituzten.[6] 1970ean Albert Kapikian-ek sei hilabete eman zituen Erresuma Batuan, eta bere arduradunaren iradokizuna jarraituta, Almeidaren teknikak ikasi zituen. AEBra itzuli zenean, teknika horiek erabili zituen bakterioek sortzen ez duten gastroenteritisaren kausa identifikatzeko: Norwalk birusa.
Almeidak Wellcome Institutua utzi zuen eta yoga irakasten hasi zen, baina [7]1980ko hamarkadaren bukaeran aholkulari gisa itzuli zen, GIB birusaren argazki berriak ateratzen lagundu zuenean.[2]
Manual for rapid laboratory viral diagnosis ('Birusen laborategiko diagnostiko azkarrerako eskuliburua') argitaratu zuen 1979an Osasunaren Mundu Erakunderako.[8]
June Almeida Bexhillen hil zen, bihotzekoak jota, 2007an [3]
Lagatako ondarea eta koronavirusa
2019–20ko COVID-19 pandemia dela eta, bere ikerketa aditzera eman da berriro. BBCak June Almedia deskribatu zuen lehen koronabirusa aurkitu zuen emakumea bezala.[7]
Hugh Pennington katedradunak adierazi zuen txinatar ikerlariek June Almeidaren teknikak erabili zituztela COVID-19a identifikatzeko eta Almeidaren lanek birus honen identifikazio azkarrean lagundu zutela.[9]
Erreferentziak
- Booss, John; August, Marilyn J. (2013). To catch a virus. Washington, DC: ASM Press, 209 or. ISBN 978-1-55581-507-3..
- Almeida, Joyce. (2008-06-28). «June Almeida (née Hart)» British Medical Journal (BMJ Group) 336 (7659).
- J. E. Banatvala, 'Almeida, June Dalziel (1930–2007)', Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, Jan 2011 accessed 18 Oct 2012
- Paterson, Andrew. (2017). Brilliant! Scottish inventors, innovators, scientists and engineers who changed the world. Londres: Austin Macauley, 577 or. ISBN 9781786294357...
- Booss, John; August, Marilyn J. (2013). To catch a virus. Washington, DC: ASM Press, 217 or. ISBN 978-1-55581-507-3..
- Almeida, June Dalziel, patents, accessed October 2012
- Brocklehurst, Steven. (2020-04-15). «The woman who discovered the first coronavirus» BBC.
- Almeida, June D. et allii. (1979). Manual for rapid laboratory viral diagnosis. WHO.
- «June Almeida, tribute to Scotland's forgotten hero of the coronavirus» The Herald Scotland.