Julia Pastrana

Julia Pastrana (Sinaloa, Mexiko, 1834 Mosku, Errusia, 1860ko martxoaren 25a) Europan jasaten zuen hipertrikosia erakusten ibili zen emakume mexikarra izan zen.

Julia Pastrana

Bizitza
JaiotzaSinaloa, 1834
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMosku, 1860ko martxoaren 25a (25/26 urte)
Hobiratze lekuaSinaloa
Heriotza modua: arazo puerperala
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakzirkuko artista
Altuera1,34 metro

Biografia

1834an, Sinaloan (Mexiko) Julia Pastrana izenez ezaguna zen emakumea jaio zen, sustrai biltzailea zen indiar tribu batean. Hipertrikosia zuen, hots, gorputz guztia ile beltzez estalita zuen. Gainera bi hortz ilara zituen eta helduaroan 137 zentimetro neurtzera baino ez zen iritsi. Medikuen bisita lehen aldiz jaso zuenean diagnostikoa bestelakoa izan zen: gizaki baten eta gorila baten arteko harreman antinaturalaren fruitu omen zen[1].

Horrelako pertsonek zirkuan arrakasta handia zuten garaian, norbaitek negozioaren usainari jarraituz alaba «erosi» zion Juliaren amari. 20 urterekin zirkuko «fenomeno» moduan hasi zen lanean Mexikon bertan, baina berehalako arrakastak AEBetara eraman zuen; «Hibrido harrigarria» moduan aurkeztu zuten.[1]

Theodore Lent artisten enpresariak berehala ikusi zuen gazteak aukera komertzial handiak eskaintzen zituela eta urte hartan bertan, 1854an berarekin ezkondu zen. Erakustaldiak eskaintzeaz gain, bere etxean tertuliak antolatzen hasi zen emaztea gai hartuta. Dantzan eta kantatzen irakatsi zion. Baina Juliak, bere aldetik, hiru hizkuntzatan idazten eta irakurtzen ikasi zuen. Irakurtzea gustatzen zitzaiola zioen, baina hain justu, ikuskizunetan erabateko analfabetoa bailitzan aurkezten zuten.[1]

Europan ere bira egin zuten ikuskizun berri batekin: «Munduko emakume itsusienak». Akrobaziak egiten zituen zaldi baten gainean, eta dantzan eta kantuan Lola Montes imitatzen zuen. 1860an haur bat izan zuen, baina, erditzea konplikatuta, egun gutxira hil ziren ama-semeak.[1]

Heriotza ondoren

Lenten anbizioak, ordea, ez zuen mugarik. Izan ere, emaztearen agonia ikusteko sarrerak saldu zituen. Hil eta gero, bi gorpuak momifikatzeko agindua eman zion Sukolov doktoreari eta momiak Moskuko Unibertsitateari saldu zizkion. Baina handik gutxira unibertsitateak momiak erakutsita negozioa egiten zuela jakin zuen eta, Juliaren pagotxa heriotzak eten ez zuela ikusita, gorpuak erreklamatu zituen. Plataforma baten gainean erakusten zituen, Julia dantzari errusiar bat bezala jantzita eta haur txikia marinel jantzia zeramala.[1]

1864an Lent berriro ezkondu zen. Hau ere emakume bizarduna zen eta Pastranaren ahizpa ezkutua bailitzan promozionatu zuen. Baina gutxi falta zitzaion enpresariari burua galtzeko eta eroetxean hil zen, bere emazteei esker irabazitako dirua errekara bota ondoren. Emazte berriak bizarra moztu, mundu hura utzi eta senarrak utzitako momiak saldu zituen.[1]

Julia eta semearen arrastoak batetik bestera ibili ziren 1976an Osloko almazen batetik lapurtu zituzten arte. Juliari jantzia kendu eta beso bat moztu zioten. Semearen momia bide bazter batean agertu zen, arratoiek erdi janda. Gorpuak aztertu eta berehala ikusi zuten hain ederki kontserbatzea ez zela miraria izan; gorpuak ez zituzten ohi bezala baltsamatu, disekatu egin zituzten, animaliak bezala.[1]

Erreferentziak

  1. Letona, Xabier. (2006-12-03). «Bizitzarik itsusiena» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.