Julia Irazu Gartzia

Julia Irazu Gartzia (Bilar, Arabako Errioxa, 1892ko apirilaren 12aErrenteria, 1979ko apirilaren 17a) Maistra aitzindaria. Araban eskolak ematen hasi zen baina urte gehienak Oiartzun eta Errenteriako eskoletan eman zituen.

Julia Irazu Gartzia
Bizitza
JaiotzaElvillar, 1892ko apirilaren 12a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaErrenteria, 1979ko apirilaren 17a (87 urte)
Hezkuntza
Heziketairakasle eskola
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Biografia

Arabako Errioxako Bilar herrian jaio zen Julia. Norberto eta Quirina ezkontideen bost seme-alabetatik laugarrena izan zen. Herri txikia eta landa-ingurune pobrean, etxeko eta landako lanak ziren neskatila batek etorkizunerako izan zezakeen aurreikuspena eta ezkontzea eta seme-alabak izatea. Juliaren kasuan ez zen hori gertatu. Bi urterekin izandako istripu batean ezkerreko eskua ia osorik galdu zuen (hatz lodia eta muinoia bakarra geratu zitzaizkion) eta egoera horrek bultzatu zuen gurasoen aldetik beste bidea hartzera. Kezkatuta zeuden ez ziotelako etorkizunik ikusten herrian, ez langile bezala ezta emazte bezala ere eta Karitateko Alabak mojek zuten komentu-barnetegira bidali zuten formatzera.[1]

Vianan zegoen komentua.  Bertan, lekaimeek, nobiziotza bat ez ezik (haren ahizpa Blasa ere hor zebilen, Julia baino hiru urte zaharragoa), baserritarren eta langile xumeen alabentzako ikastetxe bat zuzentzen zuten. Hasierako ikasketak amaituta, Logroñora abiatu zen, sorterritik 16 kilometrora. Hiri horretan, maisuaren tutoretzapean bizi izan zen haren etxean; apopilo hartzeagatik ez ezik, ematen zizkion klase partikularrak ordaintzen zizkion maisuari. Handia izan zen gurasoek egindako sakrifizio ekonomikoa. Irakasle Eskola Normalera sartzeko azterketa gainditu zuen. Hori zen, hain zuzen, emakume batek XX. mende hasieran egin zezakeen ikasketa ia bakarra eta klase herrikoien alaba asko erakarri zituzten Irakasle Eskolak orduan.

Horri esker, trebatu, maistra izatera iritsi eta profesionalizatu ahal izan zuen Juliak. Bi urteren buruan, bere ikasketak amaitu zituen eta, hemezortzi urte zituenerako, bazuen titulu bat, baita lanean aritzeko toki bat: Aramaioko landa-eskola.[1]

Maistren arau moralak

Garai hartan nahitaezkoak ziren arau moral estuak zaindu eta betetzea.  Juliak horrekin egin zuen topo maistraren ardura hartu zuenean. Maistra onak kontuan hartu behar zituen jokabide morala, ohorea, obedientzia, umiltasuna, diskrezioa eta begirunea, eta, ondorioz gona luzea jantzi behar zuen (orkatiletatik bost zentimetrora), eta ilea behar bezala bildu. Agintariek asko zelatatzen zituzten maistrak eta herritarren zentsurak saihestearren nahiko ohikoa izaten zen, emakume askeak izan arren, beste norbaitek lagunduta ibiltzea.

Juliak gaizki jasan zuen egoera. Protestak egin zituen gaztaroa lapurtu eta emakume heldu itxuraz bere burua ikusteagatik. Bere ahizpa Gerarda asko tematu behar izan zen Juliaren jarrera errebeldea alde batera utzi eta bere egoera berria onar zezan. Ondorioz, amak, ordurako alarguna zenak, Aramaiora lagundu zuen, baita hurrengo lanpostura, Mendixurrera ere.[2]

Garaiko maistrak eta ibilbidea

XX. mende hasierako emakumeek hezkuntzara sartzeko zituzten baldintzak, eta lanbide horietan aritu ahal izateko aurkitzen zituzten irtenbide profesionalak, urriak eta zailtasunez beterikoak ziren. Hemezortzi urterekin lortu zuen maistra titulua Luisak. Bera bezala, maistra askok eraman zuten beren jakituria landa-eremuetara edo hiri-ingurune xumeetara. Irakurtzen eta idazten irakatsi zuten; kristau dotrina ere bai. Ikasgaien oinarrizko ezagutzak eman zituzten, neskatilei josten eta bordatzen irakatsi zieten, baita eduki moral eta ideologikoak ere. Analfabetismoa murrizten lagundu zuten (zehazki, XX. mende hasieran, emakumezko herritarrek %71ko analfabetismo-tasa zuten), eta umeak gehiago eskolatzen. Gainera, profesionalak ziren aldetik, emakumeak beste ikasketa eta lanbide batzuetan sartzera bultzatu zituzten.[2]

Juliak Aramaion eman zion hasiera bere maistra ibilbideari. Ondoren Mendixur herrira mugitu zen. (Herri honetan hil zitzaion ama eta senarra izango zuena ezagutu). Hurrengo destinoa Burgoseko Ocon de Villafrancakoa izan zen. Ondoren etorriko ziren Oiartzun eta Errenteriakoak.

Oiartzunen 18 urte eman zituen Juliak, 1925tik 1943ra. Ergoien auzoko Ayerdi etxean kokatutako eskola mistoko arduraduna izan zen. Etxea ere bertan zuen. Francisco Ruiz de Azuarekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten, Jose Antonio 1930ean jaioa eta Maite 1935ekoa. Gerra bertan pasa zuten.

Familia arrazoiak tarteko, 1943an, seme zaharrenak 14 urte zituela, Errenteriara lekualdatzea eskatu zuen eta Biteri Eskolen postua esleitu zioten; herrian zeuden eskola publiko bakarrak. Pentsa daitekeenez, aldaketa handia izango zen harentzat. Landa-eremuetara ohituta zegoen, eskola mistoetara eta adin desberdinetako ikasleak hartzera. Oraingoan, ordea, 500 ikasle inguru bertaratzen ziren ikastetxea hartu zuen, sexu eta adinaren arabera zatituta, eta 7 maistra eta 6 maisuko talde batek gidatuta. Hasiera batetik eta erretiroa hartu arte, 1962an, Lehen Graduko ikasleez arduratu zen. Goizeko klaseak Entziklopediako askotariko ikasgaiak lantzeko izaten ziren, eta arratsaldekoak, berriz, eskulanak irakasteko.[2]

"Emakumeei begiradarik onena. Mariasun Landa Saria"

Julia Irazu, una de aquellas maestras pioneras idazlanagatik, Maite Ruiz de Azuak idatzitako historia saritu zuten 2012ko Mariasun Landa Sariak-en barruan. Lan horretan, XX. mendeko emakume baten bizitza erakusten du egileak eta ildo horri jarraituz, beste emakume maistren bizitza eta bizimodua kontatzen ditu. Epaimahaiak garrantzia eman zion, hain juxtu, kontatu gabe gera zitekeen istorio bat ezagutzera emateari.[3]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Ruiz de Azua, Maite. (2012). [https://static.errenteria.eus/web/eu/herria/artxiboa/Oarso/Oarso2012/05%20ruiz%20de%20azua.pdf «Julia Irazu, una de aquellas maestras pioneras»] Oarso12 (Errenteria: Oarso): 1-3..
  2. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  3. «Karmele Mitxelena eta Maite Ruiz de Azua dira Mariasun Landa Sarietako irabazleak» Oarsoaldeko Hitza 2012-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.