Julián Besteiro
Julián Besteiro Fernández (Madril, 1870eko irailaren 21a - Carmona, 1940ko irailaren 27a) Espainiako buruzagi sozialista izan zen. Filosofian doktore (1895), Alemanian ikasketak sakondu eta Madrilgo unibertsitateko Logika katedra eskuratu zuen (1912). Krausismoa eta marxismoa, Alemanian sakon aztertu zituenak, dira Besteiroren pentsamenduaren iturburuak. PSOE eta UGTko batzorde nazionaletako kide hautatu zuten (1914 eta 1915) eta erakunde horietako lehendakari 1928an. Espainiako Bigarren Errepublikaren aldeko bazen ere, ez zen burgesiarekin lan egitearen aldekoa, baina tesi kolaborazionistak gailendu zirelarik, alderdiko karguak utzi zituen. Errepublikako gorte konstituzio-egileetako lehendakari izendatu zuten. Haren tesi gero eta erreformistagoek ez zuten Francisco Largo Caballeroren jarrera erradikalen aurrerabidea galarazi, eta 1933an sindikatuko karguak utzi zituen. Gerra Zibilean Madrilen zen; Londresen diplomazia-saioak egin zituen negoziazioak abian jartzeko. 1939an Defentsa batzorde nazionalean esku hartu zuen. Preso hartu eta betiko kartzela-zigorrera kondenatu zuten. Presondegian hil zen 1940an.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julián Besteiro |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.