Jules Verne
Jules Verne (Nantes, Bretainia, Frantzia, 1828ko otsailaren 8a – Amiens, Pikardia, Frantzia, 1905eko martxoaren 24a) frantsesezko idazlea izan zen. Zientzia-fikziozko nobelaren aitzindaritzat jotzen da[1] eta, XIX. mende erditik aurrera, abenturazko nobelaren ordezkaririk garrantzitsuena.[2] Frantziako idazlerik itzuliena izateaz gain, bere lanek egokitzapen ugari izan dituzte, eta, horren ondorioz, Verneren lanetan oinarrituta sortu dira komiki eta haurrentzako bertsio anitz, edo zine eta antzerkirako moldaketa ugari.[3] Vernek garaiko jakintza eta teoria zientifikoetan oinarrituta sortzen zituen bere fikzioak, eta, horri esker, berak deskribatutako asmakizun asko errealitate bihurtu dira.[1]
Jules Verne | |
---|---|
(1878) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jules Gabriel Verne |
Jaiotza | Nantes, 1828ko otsailaren 8a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Nantes Paris Amiens Maison de Jules Verne (en) |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Amiens, 1905eko martxoaren 24a (77 urte) |
Hobiratze lekua | Cimetière de La Madeleine d'Amiens (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: diabetes mellitusa |
Familia | |
Aita | Pierre Gabriel Verne |
Ama | Sophie Allotte de La Fuye |
Ezkontidea(k) | Honorine du Fraysne de Viane (1857ko urtarrilaren 10a - ezezaguna) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | lycée Saint-Stanislas (en) lycée Georges-Clemenceau (en) (1844 - 1846) : Erretorika, filosofia lycée Georges-Clemenceau (en) (1944 - 1946) Parisko Unibertsitatea (1947 - 1948) : zuzenbide |
Hizkuntzak | frantsesa esperantoa |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, antzerkigilea, poeta, haur literatura idazlea, idazlea, zientzia-fikzio idazlea eta esperantista |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | James Fenimore Cooper, Edgar Allan Poe, George Sand, Daniel Defoe, Victor Hugo eta Walter Scott |
Kidetza | Académie des sciences, des lettres et des arts d'Amiens (en) Société de Géographie (en) |
Genero artistikoa | zientzia-fikzioa antzerkia abentura-nobela Fikzio espekulatiboa olerkigintza zientzia-dibulgazioko literatura merveilleux scientifique (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
| |
Bizitza
Hasierako urteak
1828ko otsailaren 8an, Nantes hirian jaio zen familia burges batean.[4] Aita abokatua zen eta ama Sophie, armadoreen familia bateko alaba. Bost anai-arreben artean zaharrena zen.[5] Biografia askotan jasotzen da hamaika urterekin Indiara zihoan itsasontzi batean ihes egin zuela, baina ez da egia. Gertaera hori Marguerite Allotte de la Fuÿe biografoak jaso zuen;[6] alta, ondorengo biografo Charles-Noël Martinek[7] agerian utzi zuen pasadizo hori ez zela inoiz gertatu, Allote de la Fuÿeren liburuan deskribatzen diren beste hainbat gertakari bezala.
Aitak, gizon autoritarioa eta zorrotza, semea jaio bezain pronto abokatua izango zela eta bere abokatu-langela jarauntsiko zuela erabaki zuen, eta bere horretan mantendu zen, nahiz eta Julesek, nerabezaroan, itsas bidaiekiko grina azaldu zuen.[5]
Ikasketak Parisen eta ezkontza
1847an, Parisera joan zen, zuzenbide-ikasketetako lehen azterketa egitera; dena den, ziur aski, beste asmo bat ere bazuen bidaia hartan, hain zuzen, bere lehengusina Carlolinengandik aldentzea. Izan ere, Verne maiteminduta zegoen neskarekin, baina azken hori, urte hartan bertan, gizon aberats batekin ezkondu eta idazle gaztearen etsipena sorrarazi zuen. Aditu batzuen ustez, misoginia antzematen da Verneren lanetan, eta Carolinerekin izan zuen desengainua arrazoietako bat izan liteke.[8] Parisen, bestalde, literaturaren inguruan zeukan interesa ahal izan zuen ase, liburu-dendetara eta antzokietara maiz joanez. Horretaz gain, literatur giroetan murgildu zen, eta Alexandre Dumas, aita eta semea, ezagutzeko aukera izan zuen. Harreman horiek bere antzerkiak mustea ahalbideratu zuen, Dumas aitak Théâtre Historique izeneko antzokia zuzentzen zuelako.[9]
1850ean, zuzenbideko ikasketak amaituta, aitak Nantesera itzul zedin eskatu zion, baina semeak aurre egin zion, literaturan lan egin nahi zuela esanez. Aita-semearen arteko eztabaidak hainbat gutunetan irakur daitezke.[9]
Vernek zientziaren aroaren literatura idatziko zuela erabaki zuen, eta Liburutegi Nazionalean pasatzen zuen denbora kimika, botanika, geologia, geografia, astronomia, etab. ikasten. Walter Scott edo Edgar Allan Poe idazleen fikzioa eta zientzia uztartu nahi zituen, eta nobela-genero berri bat sortu. Dirua irabazteko, antzerkiak eta operetak idatzi zituen, arrakasta eta kalitate gutxikoak asko.[1]
1856an, Honorine du Fraysne de Viane, bi alaba zeuzkan alarguna, ezagutu zuen; hurrengo urtean ezkondu ziren eta Parisen finkatu zuten beraien bizitokia. Garai hartan, burtsako aferetan hasi zen. Horretarako, aitari dirua eskatu zion, eta azken horrek, semearen asmoen kontra egon arren, amore eman zuen eta 500.000 libera eman zizkion. 1861ean, Jules Verneren seme bakarra jaio zen: Michel.[7]
Jules Hetzelekin elkartzea eta bidaiak
1862an, Pierre-Jules Hetzel editorea ezagutu zuen. Idazleak Cinq semaines en ballon (Bost aste globoan) eskuizkribua aurkeztu zion, baita azkeneko hamar urteetan garatzen ari izan zen proiektua ere: zientzia nobelatzea. Hetzelek liburua argitaratu zuen hurrengo urtean, egundoko arrakastaz, idazlea eta editorearen arteko harreman oparoari hasiera emanez. Elkarrekin sei kontratu sinatu zituzten 1862 eta 1875 urte bitartean, eta akordio horien ondorioz, Vernek liburu ugari idazteko konpromisoa hartu zuen, urtero bi edo hiru, kontratu bakoitzaren arabera, eta Magazine d'éducation et de récréation aldizkarian kolaboratzeko. Bere lanek ospe handia eman zioten.[10] 1862an, Amiensen finkatzen du bere behin betiko bizitokia, bere emaztearen nahia betez.
Hurrengo urteetan lan eskerga egin zuen idazten, baina aukera izan zuen bidaiatzeko ere, umetako ametsa betez. Horrela, 1867an, Amerikara joan zen anaiarekin «Greant Eastern» itsasontzian; 1880an, itsas bidaia egin zuen Mediterraneoan zehar, Saint Michel III bere ontziaz (lehenago beste bi izan zituen: Saint Michel eta Saint Michel II); 1881ean, Ipar itsasoan eta Baltikoan barrena ibili zen; eta 1884an, Mediterraneoan berriz ere.[11]
Oinazeak eta politika
Helduaroan, zorigaitzak jasan behar izan zituen. Seme Michelek buruhauste ugariak eman zizkion eta, beste neurrien artean, zentzategi batean sartu zuen denbora batez. 1886an, iloba Gastonek oinaze handia eragin zion: burutik nahastuta, pistola batez tiro egin zion, eta herren utzi zuen bizitza guztirako. Urte horietan, galera bereziki mingarriak jasan zituen, gertuko pertsona hauek hil baitzitzaizkion: Parisen bisitatzen zuen emakume bat (1885), Jules Hetzel (1886) eta ama (1887). Horregatik guztiagatik, tristuran murgildu zen, eta hortik aurrerako lanetan sentimendu hori islatu zen.[5]
Askoren harridurarako, 1888an, Amiens udaleko kontseilurako aurkeztu zuen bere burua, eta hautatua izan zen 1888, 1892, 1896 eta 1900 urteetan. Urte horietan, bere lanean nabarmendu zen, eta jardun horrek lagundu zion azkeneko urteetako malenkonia uxatzeko. Izan ere, gogorra zen Vernerentzat ikustea kritikak ez zuela bere lana aintzat hartzen.[5]
Azken urteak
1897an, Paul, anaiarik maiteena hil zitzaion. Horretaz gainera, bere osasuna nabarmen okertu zen. Bizitzan eramandako lan erritmoak, ziur aski, bere gaitzetan eragina izan zuen: urdailetako minez, zorabioez eta aurpegiko paralisiaz kexatu zen bere lan-bizitzan zehar. Zahartzaroan, diabetesak, apurka-apurka, ikusmena eta entzumena galarazi zizkion eta, horren ondorioz, irakurtzeari —haren zaletasun nagusiari— utzi behar izan zion. Verne gero eta bakarrago sentitu zen eta, idatzi arren, ez zuen aurreko erregulartasuna mantendu.
1905eko martxoaren 24an hil zen eta Amienseko La Madeleine hilerrian lurperatu zuten.
Lana
Verneren lan literarioen hastapenak antzerkian izan ziren. 1850ean, berak idatzitako Pailles rompues (lasto hautsiak) komedia Théâtre Historique antzokian estrenatu zen. Lan horrekin arrakasta izan zuela esan daiteke, eta idazleak pentsatu zuen antzerkian zuela etorkizuna. Hurrengo hamar urteetan 24 obra idatzi zituen (komediak, dramak eta operetak), bakarrik edo elkarlanean. Hala ere, horietatik zazpi bakarrik taularatu ziren. Aipatzekoa da ere, garai horretan, oraindik ezkutuan zegoen eleberrigilea antzeman daitekeela idatzi zituen artikulu eta errelatoetan, Les Musée de Familles aldizkarian argitaratu zirenak, hain zuzen ere.
Vernek, antzerkiarekin espero zituen emaitzak ez zituela lortzen ikusita, uko egin zion, eta beste ibilbide bati ekitea erabaki zuen. Momentu hartan, ezin zuen igarri idatziko zituen eleberrien antzerkirako moldaketekin lortuko zuela, urte batzuk beranduago, publikoaren arrakasta eta, horri esker, dirua. Izan ere, Munduari bira 80 egunetan (1872) eta Mikel Strogoff (1874-1875) lanak urte askotan taularatu ziren Chätelet antzokian.[5]
Baina eleberriak idazten hasi baino lehen, urte luzeak eman zituen ezagutza zientifikoak bereganatzen, zientziaren eleberria idaztea baitzen bere helburua. Asmo hori Jules Hetzel argitaratzaileari aurkeztu zion Vernek, baita bere lehenengo eleberria ere: Bost aste globoan (1863). Lan hori Les Voyages extraordinaires (bidaia harrigarriak) serieko estrainekoa izan zen, guztira 64 tituluz osatutako bilduma bilakatuko zena.[12]
Horien artean, hauek nabarmen daitezke:
Lurraren bihotzeraino (1864), kalitate literarioaren ikuspuntutik, Verneren onenetarikoa; Lurretik ilargira (1865), ospe izugarria eman ziona; Hogei mila legoako bidaia itsaspetik (1869), idazlearen aurrea hartzeko gaitasunaren adibide ezagunenetarikoa (urpekaria), baita bere pertsonaiarik ospetsuenetarikoa: Nemo kapitaina; Munduari bira 80 egunetan (1872), beste protagonista ezagun bat eman zuen eleberriak: Phileas Fogg; eta Uharte misteriotsua (1873-1875), Daniel Defoe idazlearen Robinson Crusoe eleberrian inspiratuta, eta aurreko beste bi lanen (Grant kapitainaren semeak eta Hogei mila legoako bidaia itsaspetik) triologiaren azkena. Aipatutako lan horietan guztietan, abentura, fantasia eta ezagutza zientifikoak uztartzen dira. Horregatik, Verneren obra sailkatzerakoan, abenturazko eta zientzia-fikziozko eleberriak idatzi zituela esan ohi da. Horien artean, esplorazio geografikoetan murgiltzen direnak daude, baita biziraupen eta ausardi gaiak lantzen dituztenak: Deux ans de vacances (1888), edo Un capitaine de quinze ans(1878). Baina horietaz gainera, beste motatako eleberri idazle gisa ere har daiteke Verne. Izan ere, historian kokatutako idatziak ere baditu (historikoak): Mikel Strogoff (1874-1875), edo misteriozko edo poliziakoak kontsidera daitezkeenak: Un drame en Livonie (1893).[13]
« | Batek irudika dezakeen oro, beste batzuek errealitate bihur dezakete | » |
Jules Verne |
Jules Verne 1905eko martxoaren 24an hil zen, baina bera hil ondoren idazleak bukatutako edo erdi idatzitako hainbat eleberri publikatu ziren. Horietako asko, bere seme Michelek birmoldatuta.
Eleberriak
- 1859: Voyage à reculons en Angleterre et en Écosse
- 1862: Le Comte de Chanteleine
- 1863: Bost aste globoan
- 1860: Paris au XXe siècle (1994an bakarrik argitaratua)
- 1864-67: Les Aventures du capitaine Hatteras
- 1864: Lurraren bihotzeraino
- 1865: Lurretik ilargira
- 1866-68: Grant kapitainaren semeak
- 1869: Hogei mila legoako bidaia itsaspetik
- 1869: Autour de la Lune
- 1870: L'Oncle Robinson (1993an bakarrik argitaratua)
- 1870-74: Le Chancellor
- 1870: Aventures de trois Russes et de trois Anglais dans l'Afrique australe
- 1871: Une ville flottante
- 1871-72: Le Pays des fourrures
- 1872: Munduari bira 80 egunetan
- 1873-75: Uharte misteriotsua
- 1874-75: Mikel Strogoff
- 1874-76: Hector Servadac
- 1876-77: Les Indes noires
- 1877-78: Un capitaine de quinze ans
- 1878: Les Tribulations d'un chinois en Chine
- 1879: Les Cinq Cents Millions de la Bégum
- 1879: La Maison à vapeur
- 1880: La Jangada
- 1881: L'École des Robinsons
- 1881: Le Rayon vert
- 1882: Kéraban-le-Têtu
- 1883: Archipel en feu
- 1883: L'Étoile du sud
- 1883-84: Mathias Sandorf
- 1884: L'Épave du «Cynthia» (André Laurieren laguntzarekin idatzita)
- 1885: Robur le conquérant
- 1885: Un billet de loterie
- 1885-86: Nord contre Sud
- 1885: Le Chemin de France
- 1886-87: Deux ans de vacances
- 1887-88: Famille-sans-nom
- 1888: Sans dessus dessous
- 1889: Le Château des Carpates
- 1889: César Cascabel
- 1890: Mistress Branican
- 1891: Claudius Bombarnac
- 1891: P'tit-Bonhomme
- 1891: La Journée d'un journaliste américain en 2889
- 1892: Mirifiques aventures de maître Antifer
- 1893: L'Île à hélice
- 1893: Un drame en Livonie
- 1894: Le Superbe Orénoque
- 1894: Face au drapeau
- 1895: Clovis Dardentor
- 1895: Le Sphinx des glaces
- 1896: Le Village aérien (1901ean argitaratua La Grande Forêt izenburupean)
- 1896: Seconde patrie
- 1897: Le Testament d'un excentrique
- 1897-98: En Magellanie
- 1898: Le Secret de Wilhelm Storitz
- 1898: La Chasse au meteore
- 1898: Les Frères Kip
- 1899: Les Histoires de Jean-Marie Cabidoulin
- 1899: Bourses de voyage
- 1899-1900: Le Volcan d'or (1989an bakarrik argitaratua)
- 1901: Le Beau Danube jaune
- 1901: Munduaren azken muturreko faroa
- 1901: La Chasse au météore
- 1901: Le Pilote du Danube
- 1902: L'Invasion de la mer
- 1902-03: Maître du Monde
Ipuinak
Antzezlanak
Berrogei bat dira Verneren antzezlan guztiak. Zerrenda osoa kontsultatu daiteke Centre International Jules Verne webguneko Le Théâtre et les livrets de Verne atalean.
Euskarazko itzulpenak
- Bounty ontziko mutinatuak (Les Révoltés de la Bounty), 2001. Itzultzailea: Ana Arakistain.
- Ezbeharra airean (Les naufragés de l'air), 2005 Itzultzailea: Xabier Galarreta.
- Grant kapitainaren semeak (Les Enfants du capitaine Grant), 1981. Itzultzailea: David Urbistondo.
- Hamabost urteko kapitaina (Un Capitaine de quinze ans), 1981. Itzultzaileak: Joan Amenabar (Elkar), Gillermo Etxeberria (Hordago; Lur).
- Hogei mila legoako bidaia itsaspetik (Vingt mille lieues sous les mers), 2013. Itzultzailea: Maria Francisca Iñiguez.
- Indieta Beltza (Les Indes noires), 1979. Itzultzailea: Iñaki Azkune.
- Kazetari amerikar baten egunaldia 2889an (La Journée d'un journaliste américain en 2889), 2016. Itzultzailea: Alberto Barandiaran; il.Iker Serrano.[14]
- Lurraren bihotzeraino (Voyage au centre de la Terre), 2003 Itzultzailea: Iñaki Azkune.
- Migel Strogoff: tsarraren mandataria (Michel Strogoff), 1979. Itzultzailea: Joan Amenabar
- Mikel Strogoff (Michel Strogoff); 2002 (Ibaizabal), 2014 (Elkar). Itzultzailea: Karlos Zabala.
- Munduaren azken muturreko faroa (Le phare du bout du monde), 1981. Itzultzailea: David Urbistondo.
- Munduari bira 80 egunetan (Le Tour du monde en quatre-vingts jours); 1984, 2001. Itzultzailea: Manuel Arregi.
- Munduaren itzulia laurogei egunetan (Le Tour du monde en quatre-vingts jours); 2002. Itzultzaileak: Juan Karlos Arrieta Sagasti, Jesús María Arrieta.
Egokitzapenak
Verneren lana ezaguna da, hein handi batean egokitzapenei esker. Milaka bertsio egin dira, besteen artean komikirako, zinerako eta antzerkirako. Komikirako egokitzapenak direla eta, nabarmendu daitezke 70ko hamarkadatik aurrera Editorial Bruguera argitaletxeko Joyas Literarias bilduman gazteleraz argitaratu zirenak, izan zuten arrakastarengatik.
Zinerako, 100 pelikula inguru egin dira Verneren liburuetan oinarrituta. Horietako lehenengoa Verne oraindik bizirik zegoela: Le Voyage dans la Lune, 1902, Georges Méliès zuzendari, gidoigile eta ekoizlearen filma.
Erreferentziak
- «Jules Verne, zientzia-fikzioaren aita - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
- Aldekoa, Iñaki,. Literatura Unibertsala : Batxilergoa 1. ISBN 9788491090571. PMC 1080944474. (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
- González, Luis Daniel, 1955-. (2006). Bienvenidos a la fiesta : diccionario-guía de autores y obras de literatura infantil y juvenil. (2. ed. argitaraldia) CiE Dossat ISBN 8496437418. PMC 70768330. (Noiz kontsultatua: 2019-07-18).
- «Jules Verne - Bizitza. Beste fikzio bat» julesverne.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
- Salabert, Miguel. (1995). [www.cervantesvirtual.com/obra/clij.../2dad55f4-aa7a-11e1-b1fb-00163ebf5e63.pdf Verne en familia. ] CLIJ, 8-22 or. ISBN 0214-4123..
- H., R. T.; Fuye, M. Allotte De La. (1929). «Jules Verne, sa Vie, son Oeuvre» Books Abroad 3 (3): 240. doi: . ISSN 0006-7431. (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
- Martin, Charles-Noël. (1978). La Vie et l'œuvre de Jules Verne. M. de L'Ormeraie.
- Carrero, Natalia. (2017). Jules Verne. Tomo I. Breve viaje al centro de la misoginia. Graphiclassic, 132-137 or. ISBN 978-84-697-6832-7..
- Castillo, Montserrat. (1995). Cronología de Jules Verne. CLIJ, 32-37 or. ISBN 0214-4123..
- «Viaje al centro del Verne desconocido - La bibliografía completa de Jules Verne - Los contratos Verne-Hetzel» jgverne.cmact.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).
- «Jules Verne - Mikel Strogoff» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-18).
- «Les Voyages Extraordinaires» www.jules-verne.net (Noiz kontsultatua: 2019-08-21).
- (Gaztelaniaz) Lacassin, Francis. Julio Verne y la novela policial | Julio Verne. (Noiz kontsultatua: 2019-08-26).
- «Iruzkinak Jules Verne» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168. 34.zkia (2016ko abendua) 57 orr..
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Jules Verne Elkartea
- (Frantsesez) Centre International Jules Verne
- (Ingelesez) Egileaz