Julene Azpeitia
Julene Azpeitia Gómez[1] (Zumaia, Gipuzkoa, 1888ko urtarrilaren 8a - Bilbo, Bizkaia, 1980ko otsailaren 5a) maistra eta euskal idazlea izan zen.[2] Leku askotan bizi izan zen: Mexikon, Gorlizen, Burgosen, Markinan, Durangon...
Julene Azpeitia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Julene Azpeitia Gómez |
Jaiotza | Zumaia, 1888ko urtarrilaren 8a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara gaztelania |
Heriotza | Bilbo, 1980ko otsailaren 5a (92 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, maisu/maistra, ipuingilea, haur literatura idazlea eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Emakume Abertzale Batza |
Izengoitia(k) | Arritokieta eta Tene de Azpeitia |
Biografia
Lehen ikasketak Zumaian bertan egin zituen, lehen mailako Irakasletza Donostiako Eskola Normalean, eta titulua Bilboko Normalean lortu zuen. Valladolideko oposizioetan lehenengo postua atera zuen 1911n.[3] Ezkondu ondoren, Mexikon eman zituen lau urte, 1916tik 1920ra. Euskal Herrira itzuli eta bere lanbideari ekin zion hainbat postu eta tokitan. Gerra ondoren erbesteratuta, 1947an Bizkaiko Diputazioaren eskoletan irakatsi zuen berriro. 1949an zigortu egin zuten, eta 1952 arte Burgos aldean aritu behar izan zuen irakasle. 1958an jubilatu zen. Literaturaz gain, pedagogia alorrean ekarpen aipagarriak egin zituen. Hori dela eta, Euskatzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1964 eta 1975 urteetan.[4].
Lana
Bi interesgune zituen: umeak eta euskara. Lehenengo ikastoletako irakaslea izan zen, eta irratian ere lan egin zuen. Ipuin-idazlea eta artikulugilea zen. Halaber, ikastolak sortzeko mugimenduan ibili zen. Azpeitia´tar Julene, berak sinatzen zuen moduan, bere garaiko haur-literaturaren alorrean nabarmena zen hutsunea betetzen ahalegindu zen, idazkera egokiz eta pedagogia-senaz. Euskaltzain urgazlea izan zen, eta aldizkari askotan idatzi zuen: Euzkadi, Argia, Euskera, Ekin, Yakintza, Egan, Zeruko Argia, Karmel, etab. Hona hemen haren lanetako batzuk: Osasuna, merketza ta yanaritzaz (1922), sukalde-liburua; Irakurri matte (1932), hiru liburuk osatu behar zuten bildumako lehena, gerra zela eta argitaraturiko bakarra; Amandriaren altzoan(1961), 100 ipuin biltzen duen liburua, Euskaltzaindiak deituriko lehiaketan saritua; Umien Adiskidea (1961), irakurtzen eta idazten irakasteko metodoa; Zuentzat (1974), haurrentzako ipuin eta irakurgaiak.
Idazlanak
Haurrentzako ipuin eta irakurgaiak
Eleberriak
- Odolak, odolari dei
- Martxela
Bestelakoak
- Osasuna, merketa eta yanaritza: sukaldaritza liburua.
- Umien adiskidea (1961): haurrek irakurtzen eta idazten ikasteko metodo bat.
Sariak
Aitortzak
- 2023: Martxoaren 24an, euskara batuak "herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko, Euskaltzaindiak eta Orereta Ikastolak Errenteria eta Donostia lotuko zuen 8.000 lagunek osatutako giza-kate erraldoi bat antolatu zuten. Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona oroituko zituen ekimenak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.[7][8]
- Julene Azpeitia izeneko haurreskola dago Durangon, 2004an Durangoko Udalaren ekimenez irekia, herri honetan hainbat urtez bizi izen zen maistra eta idazlearen omenez, Zabalarra eraikinean.
- Durangoko Udalak Julene Azpeitia literatur lehiaketa antolatzen du urtero, ipuin eta bertso lehiaketa. Juan Antonio Aroma Lejarretak, Euskadiko Ezkerra alderdiko zinegotziak, 80ko hamarkadan proposatu zion Durangoko Udalari haren izena izan zuen ipuin lehiaketa antolatzea.[9]
- Zumaiako Udalaren Hezkuntza eta Euskara sailaren eskutik, 1988 urtetik aurrera, Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketa antolatzen da urtero eta saritutakoak argitaratu euskarri ezberdinetan.[10]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- Ametzagaiña taldea: «Julene Azpeitia (Zumaia 1888 - Bilbo 1980)», Gure Mendea: ehun urte euskal kulturan, Argia.com.
- Calleja, Seve. (1994). Haur literatura euskaraz: lehenengo irakurgaietatik 1986ra arte. Labayru Ikastegia. Bilbao Bizkaia Kutxa ISBN 8486833779..
- San Martin, Juan.- Julene Azpeitia Gomez (1888-1980), honako aldizkarian argitaratua: Euskera. -- 26. libk. (1981, 1) ; 509. or -- ISSN. 0210-1564
- (Gaztelaniaz) DETERMINAR, SIN. «Efeméride. Juliana de Azpeitia y Gómez nace en Zumaia el 8 de enero de 1888» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- (Gaztelaniaz) Arlucea, Ana Vega Pérez de. (2020-07-17). «Julene Azpeitia o la cocina económica» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- «Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko» EITB 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
- Iraola, Arantxa. (2023-03-18). «Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
- «Idazteko eta irakurtzeko zaletasuna pizten: Julene Azpeitia lehiaketa -» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
- Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketa Zumaiako Udalaren 2021eko deialdiaNoiz kotsultatua: 2020ko martxoak 11.
Bibliografia
- Mintegi, Laura (1987): Julene Azpeitia, Bidegileak bilduma, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza
- Arrien, Gregorio; Barruetabeña, Sabin; Lertxundi, Anjel et al.- (1988) Julene Azpeitia: ehun urte mugan (1888-1988), Zumaia, Udaleko Hezkuntza eta Euskara Batzordea.
- Xabier Altzibar Aretxabaleta. Askatasun eguzkia baino beharrago. Julene Azpeitia, Biografia eta obra. Garagorrienea ekimena Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eta Andoaingo Udalak elkar hitzarturikoa. ISBN 978-84-945641-5.4