Julen Lekuona Berasategi

Julen Lekuona Berasategi (Oiartzun, Gipuzkoa, 1938ko uztailaren 18a - Donostia, Gipuzkoa, 2003ko uztailaren 19a) euskal idazle eta abeslaria, eta musikagilea izan zen. Apaiza zelarik Ez Dok Amairuko partaidea izan zen, garai hartan munduko leku askotan zeuden apaiz langile, ezkertiar eta protestazale horietakoa baitzen. Gitarra eskuetan harturik kantu zirraragarriak konposatu zituen: Ez, ez dut nahi, Ilargira nora edota Itsasoan urak handi dire, esate baterako.

Artikulu hau abeslari eta idazle oiartzuarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lekuona».
Julen Lekuona Berasategi

Bizitza
JaiotzaOiartzun, 1938ko uztailaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 2003ko uztailaren 19a (65 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, musikaria eta idazlea
KidetzaEz Dok Amairu

Musicbrainz: ff6793ce-c599-4ded-8d97-9bf260feb96f Musikasten: julen-lekuona Edit the value on Wikidata

Idazlea ere bazen, eta itzulpena eta antzerkia landu zituen. Besteak beste, Tennessee Williamsen Kristalezko Zooa liburua itzuli zuen. Ez Dok Amairu desegin zenean, Lekuona ere kantagintzatik urrundu zen. Bertso zaharrak bilduman hartu zuen parte, Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin batera. Hil ondoren omenaldi disko bat egin zioten hainbat kantarik eta taldek.

Biografia

Donostiako seminarioan ikasi zuen, Oiartzungo Lartaun taldean txistua jo, eta Oiartzungo herri aldizkarian, Zeruko Argia astekarian eta El Diario Vasco egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerkizale ezaguna zen, baina antzeztu beharrean zuzentzen zuen, obrak itzultzearekin batera. Besteak beste, Kristalezko zooa (Tennessee Williams) eta Erizaina etxea (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.

Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Seminarioko urteak amaitu eta apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean.[1] Ezohikoak ziren bere mezak, gitarraz eta kantuz aritzen baitzen, herritarrekin batera.

Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an Zeruetako gure osaba kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. Urte gutxi batzuk geroago Zeruko Argian idatziko zuenez, "iñolaz ere ezin giñezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen asi, ori baño tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal errietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin giñezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibilli. Erriak gizarte batean bizitzera esnatu bear du".[2] 1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen. 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin. Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak, gehienetan taldearekin eta inoiz bakarka. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu. Lekuonak euskaratutako kantuak grabatu zituztenetako bat Jose Antonio Villar da.

Caracasen (Venezuela), Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe, ezta grabatu zituenik ere. Horrek haserrea piztu zion. 1965ean gertatu zen hori. Bertan daude bere kantu ezagunenetako batzuk: "Eliza pobrea" -Ez Dok Amairuk 1966ko urtarrilean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emandako jaialdian abestu zuenean, kalapita handia sortu zuen kantu horrek-, "Herri bat hiltzen", "Iltzaile bat bezala"... Azken kantu hori Madrilen (Espainia) epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen.

Hurrengo urtean lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin. Poliziak ale guztiak bahitu zituen, "Iltzaile bat bezala" kantuan "tiroak gogoan" esaten zuelako. Auzia ez zen hor amaitu. Hilabete batzuk geroago, Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen kantu horren harira. Zigor gisa, gitarra kendu egin zion Guardia Zibilak, eta ez zuen berreskuratu Franco hil arte, hamar urte geroago. Bigarren disko txikia 1968an grabatu zuen, Bartzelonan, hango zenbait musikariz lagunduta. Jose Mari Altuna musikari azpeitiarrak egin zizkion harmonizazioak.

1972an apaiz izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak disko arrakastatsua (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen. Urte hartan, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Azpeitian jarri ziren bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten, eta ondoren Irunera aldatu ziren, aurrezki kutxa batean lana aurkitu zuelako Lekuonak.

Kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000n Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an. Disko bat grabatu nahi zuela esana zien gertukoei, baina ezin izan zuen asmoa gauzatu. 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan zegoela.

Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Halaber, hil ondoren omenaldi hainbat jaso zuen. Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian, Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkinekin. Artista horiek eta beste batzuek hartu zuten parte Itsasoan urak handi dire diskoan (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez.

Diskografia

Omenezko diskoa

  • Itsasoan urak handi dire (2004, Hirusta).

Erreferentziak

  1. Aizpurutxoko apaiz berria Uztarria.com, Azpeitiko Ataiye
  2. Euskal musika berri, Zeruko Argia, 1966ko maiatzaren 1a.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.