Juba

Juba[1] Hego Sudango hiriburua da. Erdialdeko Equatoria izeneko estatuan dago, 550 mko garaieran eta Nilo Zurian nabigagarria den azken lekua da.

Juba
Juba
hiria
Administrazioa
Herrialdea Hego Sudan
ProbintziaErdialdeko Equatoria
Izen ofizialaJuba
Jatorrizko izenaJuba
Geografia
Koordenatuak4°51′N 31°36′E
Map
Azalera52 km²
Altuera550 m
Demografia
Biztanleria459.342 (2023)
−66.611 (2017)
Dentsitatea8.833,5 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1922
Ordu eremuaUTC+03:00

Biztanleria

Azken urteotan populazio hazkunde handia izan du; arrazoi nagusi batzuk hauexek dira: bake akordioa eta dagoeneko estatu baten moduan ari den egitura politiko baten hiriburua izatea, petrolioarekin loturiko dirua eta txinatarrak bertara lan egitera eta eskualdeko garapenean esku hartzera joatea.

Bere biztanleria kalkulatzea eztabaidagaia izan da, egoera politikoa dela medio. 2008ko apirila eta maiatzean Sudango 5. errolda egin zen baina arduradun politiko hegosudandarrek ez zituzten emaitzak ontzat jo[2].

Populazio hazkundea:

UrteaBiztanleria
1973 (errolda)56.737
1983 (errolda)83.787
1993 (errolda)114.980
2005 (kalkulua)163.442
2008 (kalkulua)250.000[3]

Herriak eta hizkuntzak

Hirian bari herrikoak izan dira bertoko biztanleak eta batzuetan SPLA/M Hego Sudango talde independentistako buru gehienak diren dinka herrikoekin ika-mikak egon dira[4].

Hiriak izena eman dio Jubako arabiera izeneko pidginari; hizkera hau Equatoria aldean lingua franca da eta arabiera estandarretik urrun dago.

Erlijioak

Populazioaren erdia inguru kristaua da; bertan katedral anglikano eta katolikoak daude. Azken hau Hego Sudan osoko katolikoen artzapezpikuaren egoitza da.

Historia

Juba Hotela 1936an.

XIX. mendean Gondokoro izeneko misio eta salerosketetarako gunea zegoen Juba ondoan, Otomandar Inperioaren azken postua zen hegoalderantz, soldadu bakan batzuek -askok malariak jota- okupatua. Ugandarako bidean Samuel Baker esploratzaile eta esklabotzaren kontrako aktibista ere bertan kokatu zen 1863tik 1865era eta 1871tik 1873ra[5].

1899tik 1956ra Erresuma Batua eta Egiptok sortutako egitura politikoaren menpean egon zen, Sudan osoa bezala. Britainiarrek Hego Sudan eta Uganda lotzeko zuten asmoak 1947an egindako Jubako Konferentziarekin zapuztu ziren, hortik egungo Sudanen batasuna atera zelako garaile. Hegosudandarren haserrea ere eragin zuen akordio horrek eta harrezkero ezegonkortasuna ia etengabea izan da; 1955ean hirian zeuden soldadu batzuen altxamenduak 1972 arte amaitu ez zen Sudango Lehen Gerra Zibilaren hasiera ekarri zuen. Sudango Bigarren Gerra Zibilaren garai luzeetan (1983-2005) Juba kokaleku estrategikoa izan zen eta borrokaldi ugari gertatu ziren bertan.

2005ean Sudanese People's Liberation Armyk (SPLA) hiria hartu zuen eta urte berean sinatutako bake itunaren arabera Hego Sudango hiriburua da, denbora batez behin-behinekoa Rumbek izan bazen ere. NBEren presentzia ere handituz joan zen, lehenago laguntza humanitarioa Kenyatik eraman behar zitzaielako oso egoera latza bizi izan zuten hegosudandarrei; Office for the Coordination of Humanitarian Affairs (OCHA) izenekoa antolatu zuen hirian eta apurka-apurka egoera hobetuz joan zen.

2011ko uztailaren 9tik Hego Sudango hiriburua da, independentzia aldarrikatu ostean.

Klima

    Datu klimatikoak (Juba, 1971-2000)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 42 43 42 42 44 38 37 36 38 39 41 41 44
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 36.8 37.9 37.7 35.4 33.5 32.4 31.1 31.6 33.1 34.0 34.7 35.9 34.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 20.1 21.7 23.6 23.4 22.6 21.9 21.1 21.0 21.1 21.3 20.9 20.0 21.6
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 16 16 16 18 17 16 17 16 16 14 13 15 13
Euria (mm) 6.7 14.5 39.9 116.8 133.3 129.5 148.7 131.5 107 115.4 47.7 9 1000
Euri egunak (≥ 0.1 mm) 1.4 2.0 6.6 11.6 12.4 10.3 13.0 11.5 8.6 10.4 6.5 1.9 96.2
Iturria (1): World Meteorological Organisation [6]
Iturria (2): World Weather and Climate Information [7] for rainfall.

Azpiegiturak

Zubia Juban Niloren gainean.

Ibai-portu garrantzitsua da, Niloaren ibilguko hegoaldeko azken geltokia; 2007an berriz ireki zuten, hobekuntza lanak egin ostean.[8] Gerra baino lehen, eskualdeko garraiogune garrantzitsua zen, eta handik errepide batzuk abiatzen dira (gehienak, asfaltatugabeak[9]) Kenyara, Ugandara eta Kongoko Errepublika Demokratikora. Azken urteetan azpiegitura horiek guztiak konpontzeari ekin zaio, Ugandara doan errepidetik hasita; lan horretan eguraldia ere kontra izan dute, euri sasoi luzeak martxotik urri arte irauten duelako.

Jubako aireportua Ekialdeko Afrikako erabilienen artean dago; 2007an terminal berri bat egiten hasi ziren, baina petrolioaren prezioa apaldu zenetik lanek atzerapena izan zuten. Khartum, Nairobi, Entebbe (Uganda) edota Addis Abeba bitarteko hegaldiak daude.

Hirira ez da trenbiderik heltzen; Hego Sudango eta Ugandako gobernuek azken honetako iparraldean dagoen Gulu hiritik Jubaraino helduko litzatekeen trenbidearen proiektua lantzen ari dira; hortik dagoeneko tren zerbitzua duen Waura luzatuko litzateke. Bi gobernuek egitasmo honen gaineko ituna sinatu zuten 2008ko abuztuan[10]. Hala ere, 2010ean Jubarako trenbide lotura zuzenean Kenyatik egiteko aukeraz hitz egin zen[11].

Unibertsitatea

Jubako Unibertsitatea, izen hori izan arren, denbora luzez Khartumen kokatuta egon zen; azken urteotan Hego Sudango hiriburura lekualdatuz joan da eta goi mailako irakaskuntzako ikastetxe nagusia da. Ingelesa da erabiltzen den hizkuntza[12].

Negozio hiria

Nazioarteko gero eta negozio-entitate gehiagok presentzia dute hirian. Kenya Commercial Bank edo KCB Groupek Hego Sudanerako egoitza nagusia bertan du eta herrialde osoan beste 11 adar[13]. Hiru banku hegosudandarrek (Buffalo Commercial Bank, Ivory Bank, Nile Commercial Bank) ere egoitzak dituzte Juban.

Aseguru-etxe batzuek ere (eskualde mailako Equity Bank Group, Ugandako aseguru etxe nagusia den National Insurance Corporation) bulagoak zabaldu dituzte[14].

Erreferentziak

  1. South Sudan parliament throw outs census results, Isaac Vuni, Sudan Tribune, 2009ko uztailaren 8a.
  2. 2006an kalkulatutako biztanleria.
  3. Southern Sudan's frontline town BBCn, 2005.
  4. Pat Shipman: To The Heart Of The Nile: Lady Florence Baker and the Exploration of Central Africa.
  5. Weather Information for Juba. World Meteorological Organisation (UN) (Noiz kontsultatua: 2011-07-09).
  6. Average Weather in Juba, Sudan. World Weather and Climate Information (Noiz kontsultatua: 2011-07-24).
  7. South Sudan needs river transport to boost economy, Sudan Tribune.
  8. 2009an, asfaltozko hiru errepide zeuden hirian.
  9. Gulu - Juba Railway In The Offing.
  10. Railway Link From Juba May Go Directly To Kenya.
  11. Unibertsitateko webgunea.
  12. About KCB Southern Sudan.
  13. NIC Expands Into Sudan.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.