Juanita Unzueta
Juana "Juanita" Unzueta García (Eibar, Gipuzkoa, 1924ko ekainaren 16a - ib., 2017ko apirilaren 6a) dantza klasikoa ikasi zuen eta dantzari profesionala izan zen Errusian. Errusiatik Eibarrera balleta ekarri zuen. Ballet Eibarrés dantza akademiako sortzailea eta irakasle izan zen.[1]
Juanita Unzueta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juana Unzueta García |
Jaiotza | Eibar, 1924ko ekainaren 16a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Eibar, 2017ko apirilaren 6a (92 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | ballet dantzaria eta dantza irakaslea |
Biografia
Eibarko Fermin Calbeton kalean jaio zen eta Gerra Zibiletik ihesi, lau urteko anaia Armandorekin, Gerrako umeen taldean heldu zen Sobietar Batasunera, Errusiara, 1937an.
Errusian dantzari
Leningradon eta Moskun bizi izan zen. Dantza klasikoa ikasi zuen eta dantzari profesionala izan zen Errusian. Bolshoi antzokiko Vladimir Biely irakasle errusiarrarekin ikasi zuen balleta, eta besteak beste Antzoki Handian zein lantegi handietako langile errusiarren aurrean hainbat emanaldi eskaini zituen.[2]
Juanitak Stalinen aurrean euskal jota bat dantzatu zuen mandatariaren begiradapean. Siberian berriz, militar amerikar baten epaiketan aurreskua dantzatu zuen.
Ospitaleko lana
Gerra garaian Moskuko ospitale batean lan egin zuen. Zaurituak garbitzen jardun zuen eta, haien samina arintzeko, dantza eta kantuekin entretenitzen ere saiatzen zen.
Ezkontza
Ukranian gerrilari ibilitako Manuel Ruiz de Haro andaluziarrarekin ezkondu zen 1945ean. Ezkontza zibila izan zen.[3]
Eibarrera itzulera
Stalin hil zenean, Sobietar Batasuneko agintariek aukera eman zieten Gerrako umeei, eta senarrarekin Eibarrera etorri zen Unzueta. Espainiako agintari frankistek zaintzapean izan zituzten itzulitakoak, eta latza izan zen esperientzia Unzueta eta senarrarentzat. Poliziak errusierazko liburu guztiak kendu zizkieten etxetik ("Dostoievskiren eleberriak barne"), eta Madrilera joan behar izan ziren CIA amerikarrak zuzendutako galdeketetan parte hartzera. Aeronautika eta misilen industriari buruzko galderak zuzendu zizkioten Ruiz de Haro senarrari, honek lantegi batean tornuan lan egin zuelako aitzakia ahularekin.[4]
Guztiarekin, amets bat bete ahal izan zuen itzuli eta gutxira: Ballet Eibarrés martxan ipintzea. 1958an izan zen bere ikasleen jendaurreko lehen agerraldia Eibarko Amaia antzokian.[5] Harrezkero, balleta sortu zenetik, asko izan dira bertan ikasitakoak. Bere eskolan ikasi zuten, besteak beste Iker Gomez dantzari eta koreografoak, edota Juanitaren lekukoa hartuta, Ballet Eibarresi jarraipena eman zion Pili Alonso irakasleak.[6]
Omenaldia
2018ko apirilaren 27an Eibarko Coliseo antzokian omenaldia eskaini zioten bere ikasle, dantzari, koreografo eta zenbait musikarik dantza esparruan Juanita erreferente izan zela gogoratuz.[7][8][9]
Erreferentziak
- kezka. «Juanita Unzueta, balleta Errusiatik Eibarrera ekarri zuen emakumea hil da» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20070619/24507/eu/Juanita-Unzuetak-1956an-sortutako-Eibarko-ballet-taldeak-eskainiko-du-emanaldia
- «Juana Unzueta García — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) Izquierdo, Rafael Moreno. «Los «niños de Rusia», un filón de oro para la CIA» Jot Down Cultural Magazine (Noiz kontsultatua: 2020-12-09).
- oier. «Medio siglo de danza» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- dantzak. (2017-04-10). «Juanita Unzueta, balleta Errusiatik Eibarrera ekarri zuen emakumea hil da» Kezka Dantza Taldea (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) Homenaje; Danza. «La danza, su pasión» Eibarko Udala - Ayuntamiento de Eibar (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) Cano, Juan Manuel. (2018-04-27). «Eibar homenajea a Juanita Unzueta» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- «#Juanita Unzueta Artxiboak» etakitto.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).