Juana Larando
Juana Larando (Donostia, XVII. mendea) kortsario jarduneko emakumea izan zen. Alarguna zen eta ostatu baten jabe izateaz gain, beste sozio batzuekin Koroaren ontzi etsaiak harrapatu eta sakeatzen ibili zen patatxe bat ere bazuen. Berak, inoiz ontziratu ez bazen ere, beti jaso zituen harrapaketetatik zegozkion mozkinaren parteak. Euskal Herrian ez da emakumezko piraten berririk izan, baina bai kortsario jarduneko emakume honena.[1]
Juana Larando | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, ? (423/424 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | kortsarioa |
Lantokia(k) | Donostia |
1630ean, hemezortzi bat abenturazale bizi omen ziren Juana Larandoren ostatuan, harrapakinen baten truke dirua irabazi arte ezer kobratzen ez zielarik, Tolosako Korrejimentuaren Agiritegian agertzen denez. Beste bi bazkiderekin batera "San Juan" izeneko patatx edo ontzi txiki bat erosi zuen, bata oriotarra zen eta bestea donostiarra. Patatxaren jarduera-eremua Frantziako kostaldea eta "Ingalaterrako kanala" izan zen. Bertako kapitaina Juan de Etxaniz izan zen.
Patatxaren irteeretako batean hamabi mila dukat lortu zituzten. Itzuleran, ontzian matxinada bat izan zen; "San Juan"a baliogabetuta geratu zen eta utzi egin behar izan zuten, ondorioz, beste ontzi hobe bat harrapatu zuten, Herbehereetako "San Pedro". Zumaiara joan ziren, eta han saldu zuten hamaika mila ehun eta berrogeita hamabost errealetan.
Erreal horien banaketak sekulako iskanbila eragin zuen; Orioko parrokoari ere bere zatia zegokion –"San Juan"aren garaipenaren aldeko mezak eman zitzan eskatu baitzioten- bai eta banaketaren ondorioz egin zen epaiketako interpreteari, gero, preso hartutako flandestarrei emandako janaria ere ordaindu behar izan zen –ontzirik gabe bidali baino lehen- bai eta haien herrira itzultzeko txaluparen ordaina ere. Banaketaren emaitza, beraz, ondorengoa izan zen: Juana de Larando alargunari hiru mila seiehun eta bederatzi erreal eman zizkioten; Etxaniz kapitainari seiehun eta hirurogeita hamazazpi; interpreteari ehun erreal, eta kortsario bakoitzari laurogeita sei erreal bakarrik egokitu zitzaien. Portzentaje hau eskasa izan zen harrapakina halako handia izanik. [2]
Erreferentziak
- Emakumeak eta itsasoa erakusketa. Untzi Museoa, Donostia, 2016. Testuak: Olga Macías / Ilustrazioak: Elena Odriozola.
- Kortsarioak eta piratak Luis Murugarren eta Joseba Urretabizkaia. Bertan bilduma. Gipuzkoako Diputazioa. Donostia 1994.