Juana Goizueta Vértiz

Juana Goizueta Vertiz (Lesaka, Nafarroa Garaia, 1969ko urriaren 14a) zuzenbide konstituzionaleko irakasle nafarra da, 2013tik Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultateko dekanoa.

Juana Goizueta Vértiz
Bizitza
JaiotzaLesaka, 1969ko urriaren 14a (54 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea

Inguma: juana-goizueta-bertiz
Zuzenbide Fakultateko logoa

Biografia

Lesakan (Nafarroa Garaia) jaio zen 1969an.[1] 1992an Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. 1992tik 1994ra konstituzio-zuzenbideko irakasle laguntzailea izan zen Nafarroako Unibertsitatean eta 1994az geroztik, Konstituzio Zuzenbideko irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean.[2] 2006. urtean Zuzenbidean doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, "El derecho a la libre circulación y residencia en la Constitución española" izeneko tesiarekin.[3]

Atzerrian hainbat ikerketa-egonaldi egin ditu. Europako eta Espainiako hogei ikerketa-proiektutan parte hartu du. Besteak beste: “El Senado como Cámara territorial real / Senatua Lurralde Ganbera erreal gisa”; “El estatuto jurídico y los derechos de los inmigrantes/ Estatutu juridikoa eta etorkinen eskubideak”;edo “Las implicaciones constitucionales de los procesos de integración en América Latina / Integrazio prozesuek Latinoamerikan dituzten inplikazio konstituzionalak”.[4]

Berrogeita hamar argitalpen baino gehiago idatzi ditu bakarrik edo taldean. 40 bat biltzarretan parte hartu du, eta txostenak eman ditu bai foro nazionaletan bai nazioartekoetan. Oinarrizko eskubideak, migrazio-politikak, europar herritartasuna eta genero-berdintasuna aztertzen ditu nagusiki.[2][4][5]

Euskal Herriko Unibertsitatea, Liburutegia, Leioa

Hainbat masterretako irakaslea izan da, besteak beste: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterra (EHU); Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Masterra (Oñatiko Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutua); Inmigrazioari eta Garapenerako Lankidetzari buruzko on line Masterra (EHU); Coruñako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Europar Batasuneko Ikasketen Master Ofiziala; Europako Batasuneko Integrazio Politiko eta Batasun Ekonomikoaren Unibertsitateko Master Ofiziala (EHU); eta Gizarte Demokratiko, Estatu eta Zuzenbideko Unibertsitate Master Ofiziala (EHU).[4]

Europako Konstituzioari buruzko Goi Mailako Ikastaro Interaktiboaren Idazkaritza Akademikoko kide izan da, Batzorde Akademikoko kide eta Europar Batasuneko Immigrazioari eta Garapenerako Lankidetzari buruzko Masterreko zuzendari. EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendaria da.[6] Zuzenbide Publikoaren Institutuko (Bartzelonako Unibertsitateko Ikerketa Zentro Berezia), Gipuzkoako Foru Aldundiko Etika Instituzionaleko Batzordeko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Arbitraje Batzordeko kidea da.[1][2]

Kargu akademikoen artean, aipatzekoak dira Kalitate, Berrikuntza eta Irakasletzako I. dekano-ordea izatea, 2012ko urriaren 31tik 2013ko azaroaren 7ra arte; Zuzenbide Fakultateko dekanoa, 2013ko azaroaren 7tik aurrera; Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendari-kidea, Estatutua Garatzeko Batzordeko kidea, Ekonomia Batzordeko kidea, Gobernu Kontseiluko kidea, Graduondoko Batzordeko kidea edo Espainiako Zuzenbide Fakultateko Dekano eta Dekanoen Konferentziako lehendakariordea.[2]

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.