Juana Elgezabal

Juana "Juanita" Elgezabal Leginazabal (Derio, Bizkaia, 1842ko abenduaren 15a - Cáceres, 1912ko irailaren 8a) enpresari berritzailea izan zen.

Juana Elgezabal
Bizitza
JaiotzaDerio, 1842ko abenduaren 15a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaCáceres, 1912ko irailaren 8a (69 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakantzerki enpresaburua

Bere garaira aurreratu zen emakume ekintzailea. 1885an “Variedades” antzokia ireki zuen Caceresen, 28 urtez hiriko lokalik popularrena eta modernoena izan zena. Langileei irakurtzen irakatsi zien. Umeen heziketa hobetzeko eskola eraikitzeko orubea eman zuen. Behartsuei laguntzen ahalegindu zen. Erreferente bihurtu zen.[1]

Bizitza

Derioko Aresti baserrian jaio zen. Haren guraso Isidro eta Maríak seme-alaba ugari izan zituzten. Juana, 18 urte zituela, 1842an Caceresera joan zen bere izeko Juana Elguezabal Vidauzarraga eta haren senar Saturnino González Celaya notarioa jagotera. Izeko-osabekin bizi izan zen hil ziren arte eta haien oinordeko bakarra izan zen.

Antzokia

Jasotako herentzia oparoari esker 1885an “Variedades” antzokia ireki zuen. 28 urtez hiriko lokalik popularrena eta modernoena izango zena. Denetarik egiten zen bertan, langileei irakurtzen irakatsi zein mitinak antolatu. Oholtzara berriz, disziplina askotariko artistak igon ziren. Lumiere anaiek 1894an asmatutako zinematografoa erabili zen, magia, antzerkia, musika kontzertuak, poesia saioak, denetarik egin eta ikus zitekeen.[2]

Testamentua

Juana 1912an hil zen Caceresen, ezkongabe eta ondorengorik gabe. Haren testamentuan bere ondasunak hainbat erakunderi utzi zizkien, Hermanitas de los Pobres kongregazioari, Concepcionistei zaharren-egoitzarako, edota Palancar Monastegiko fraileei. Antzokia berriz, eskola bat sortu nahi zuenarentzat utzi zuen, eta inork eskola sortzeko asmorik izan ezik, saldu eta dirua limosnatarako edo behartsuei laguntzeko izan zedila. Juanaren testamentuko guraria errespetatuz, 1914an eraiki ziren Vicente Marrón izeneko eskolak antzokia egondako orubean.[3]

Euskal Herriko senitartekoak ere ez zituen ahaztu. Pentsio onak utzi zizkien. Deriotik gaztetan irten, Caceresen kokatu, antzerki munduko enpresari izatera heldu, bertakoen erreferente bihurtu eta lorratz handia utzi zuen bizi izan zen herrian. Izan ere, seme-alabarik izan zen zuen arren, hil eta mende bat geroago ere, haren kanposantuko hilobian ez zen lorerik falta izaten. [4]

Argazkia

Fernando Jiménez Berrocal artxibozain eta historilariak ikerketa sakona egin du urte luzez eta datu ugari bildu, halere, liburuetan antzokiko takilan agertzen den betaurreko beltz lodidun emakumearen argazkirik ez du lortu.[5] [6]

Juanita Elguezabal saria

2010eko martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunen harira, Caceresko Udalaren Berdintasun Sailak “JUANITA ELGUEZABAL” sariaren lehen edizioa antolatu zuen. Kulturaren eta emakumeen espiritu ekintzaileen alde Juanak egin zuen lana eredutzat hartuz Caceresko emakumeek erreferente izan zezaten. Harrezkero urtero antolatu izan da.[7] [8]

Aitorpenak

  • Juana Elguezabal Leguinazabal kalea
    2022an Joaquín González de Cáceres komandanteak Juana Elguezábal izena hartu zuen.[9]
  • 2018an Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Derion, “Juana Elgezabal Leginazabal, bere garaiko emakume aitzindaria” erakusketa egon zen ikusgai, derioztar honek XIX. mendeko Caceresen sustatu zituen ideiak eta gizarte aldaketak ezagutarazteko. [10]

Erreferentziak

  1. «GRANDES MUJERES DEL ARRABAL CACEREÑO | Portal de la asociación de Vecinos de la Ciudad Monumental de Cáceres» avvciudadmonumental.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  2. Extremadura, El Periódico. «Doña Juana, la del teatro» El Periódico Extremadura (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  3. https://web.archive.org/web/20190212011350/https://cacereshistoriacc.blogspot.com/2017/09/
  4. (Gaztelaniaz) Extremadura, El Periódico. «¿Quién le deja flores a doña Juana?» El Periódico Extremadura (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  5. (Gaztelaniaz) Extremadura, El Periódico. «La rara empresaria de la calle Margallo» El Periódico Extremadura (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  6. (Gaztelaniaz) «Juanita, dueña y señora de las 'varietés'» Hoy 2010-02-07 (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  7. (Gaztelaniaz) «I Edición del Premio "Juanita Elguazabal", con motivo de la conmemoración del Día Internacional de la Mujer.» Ayuntamiento de Cáceres 2010-01-19 (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  8. (Gaztelaniaz) Extremadura, El Periódico. «Convocado el premio ´Juanita Elguezabal´» El Periódico Extremadura (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  9. (Gaztelaniaz) Avuelapluma. (2022-06-23). «María Telo o Juana Elguezábal, nuevos nombres de calles de Cáceres» Avuelapluma (Noiz kontsultatua: 2023-01-16).
  10. «Emakume txorierritarren ondarea - Txorierri - 2018-10-12» Aikor.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.