Juana Cruz

Juana Cruz de la Casa, ezagunagoa Juanita Cruz izenez (Madril, 1917ko otsailaren 12a 1981eko maiatzaren 18a) madrildar toreatzailea izan zen, Espainiako emakume toreatzaile aitzindarietako bat.[1][2][3][4][5]

Juana Cruz
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuana Cruz de la Casa
JaiotzaMadril, 1917ko otsailaren 12a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril, 1981eko maiatzaren 18a (64 urte)
Hobiratze lekuagrave of Juanita Cruz (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraktoreatzailea
Izengoitia(k)Juanita Cruz
Juana Cruzen estatua Almudenako hilerrian

Biografia

Lehen urteak

Txikitatik, zezen-munduarekin harremanetan hasi zen Cruz, hainbat zezen-ikuskizunetara joatean, batez ere txikitatik Felipe II.a Etorbidera joan zelako, Madrilgo Aragoiko errepideko zezen-plaza zaharraren parean. 1932ko ekainaren 24an, 15 urte zituela, Leongo zezen-plazan jardun zuen lehen zekorraz, eta albistea prentsan argitaratu zen, lehen aldiz haren izena eta abizena aipatuz. Horren ondorioz, Gobernazioko ministroak debekatu egin zuen plazetan toreatzen uztea. Zailtasunak zailtasun, eta kasuan kasuko gobernadoreek ematen zituzten baimen bereziekin, hurrengo urteko apirilaren 16an aurkeztu ahal izan zen profesional gisa Kordobako Cabra zezen plazan, artean ezezaguna zen Manuel Rodríguezekin (Manolete) tartekatuz. Arratsalde hartan, Juanita Cruzek bi belarri eta bi buztan moztu zituen, eta arrakasta zela eta, Berpizkunde igandean errepikatu egin zuen berriro Manolete eta El bebe Chicorekin. Emandako baimenak aprobetxatuz jarraitu egin zuen, Domingo Gonzálezen (Dominguín) laguntzarekin. Dominguinek, besteak beste, Murtzia, Malaga, Albacete eta Antequerako plazetan toreatzeko kontratatu zuen eta denboraldia 33 nobilladarekin itxi zuen.[6]

Legezko borroka

Lehen urte horietan, Juanita Cruzen legezko borroka latza izan zen; 1934an, Errepublikaren Konstituzioaren 2. eta 33. artikuluak zirela eta, apelatu egin zuen, Legearen aurrean sexuen arteko berdintasuna eta lanbidea aukeratzeko askatasuna babesten baitzituen, hurrenez hurren.[7] Laguntza ere izn zuen, Marcial Lalandaren a, esaterako. Urte horretan bertan, Rafael Salazar Alonso gobernazio-ministro berriak baimena eman zuen Espainian emakumeen oinezko toreoa egiteko, eta, hartara, 1930eko Erregelamenduaren 124. artikulua errebokatu zuen, konstituzioaren aurkakoa zela uste baitzuen.

Emakumeek oinez toreatzeko baimena izan ondoren, Cruzek 53 nobillada eginda itxi zuen 1934ko denboraldia; horietako batzuk Sevillako La Maestranzan, Valentziako zezen-plazan eta Bilboko Vista Alegre plazan izan ziren. 1935ean, 45 nobillada egin zituen Espainia eta Frantziaren artean, eta maiatzaren 5ean Granadan nabarmendu zen, Joselito de la Cal eta Antoñete Iglesiasekin batera. Gainera, lehen aurkezpena egin zuen Madrilen, kasu horretan La Chata zezen-plaza zaharrean. Las Ventas-en egindako aurkezpena ez zen iritsi hurrengo urtera arte, 1936ra arte, enpresaburu berriak toreatzailearen debuta iragarri zuenean apirilaren 2rako García Aleas alargunaren zezenekin, toreatzaile lankideak El Niño de la Estrella, Miguel Cirujeda eta Pascual Márquez izan ziren.[8] Egunkariek Korridaren berri ematean «Erabateko garaipena eta zintzoa. Bere arteak arrakasta izan zuen eta aurreiritziak alde batera gelditu ziren». Historian lehen aldiz aritu zen emakume bat plaza horretan.[9]

Erbestea eta karrera Amerikan

Errepublikanoa zen eta Espainiako gerra zibilarekin erbesteratu zen, eta Espainiako karrera profesionala amaitu zuen. Juanita Cruzek Amerikan aurkitu zuen bere bidea, Venezuelan, Kolonbian, Perun eta, ondoren, Mexikon ere bai. 1938ko irailaren 18an, Mexiko Hiriko El Toreo zezen-plazan paseotxoa egin zuen, Carlos Cuevas Lascurainen zezenak toreatuz, Porfirio Sánchez eta Arturo Álvarez lankideekin txandakatuz. Arrakasta ikusita, 1938ko maiatzetik 1942ko martxora arte agertu zen karteletan, eta Alfonso Ramírez, Calesero eta Carlos Arruza toreatzaile handiekin jardun zuen. Fresnillo zezen-plazan, Zacatecasen, hartu zuen behin betiko alternatiba 1940ko martxoaren 17an, Cerro Viejoren zezenekin.

Frankismoak emakume toreatzaileak debekatu

Frankismoa iristearekin batera, Ikuskizunen Sindikatuak araudia erreformatu zuen eta emakumeei zezenketak egitea debekatu zien berriro ere. Horregatik, Cruzek Ameriketan bere ibilbide profesionala garatzen jarraitzera behartuta egon zen 1944ko azaroaren 12ra arte, Bogotako Santamaría plazan bi adarkada larri izan zituen arte, eta bere ahalmen fisikoa larriki kaltetu zuen. Adarkaden ostean, emanaldi gutxitan parte hartu zuen.

Espainiara itzultzea

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Frantziara joan zen, han bizi baitzen erbesteratutako neba, eta azken aldiz toreatu zuen bertan. Ondoren, Espainiara itzuli zen anonimatuan murgilduz. Bere ibilbide profesionalean 700 zezenketa inguru toreatu zituen. Zezenketetan argi-jantzia eta gona erabiltzen zituen, eta, horregatik, zezen-lankideek kritikatu egin zuten, 'taleguilla' delakoa edo burtzikatzeko jantziaren erabilera eskatzen baitzioten.

Madrilen hil zen, bihotzeko lesio baten ondorioz, 1981eko maiatzaren 18an, eta Almudenako hilerrian lurperatu zuten Luis Sangre eskultorearen mausoleo eder baten azpian. Epitafioan hauxe irakur daiteke:

«A pesar del daño que me hicieron los responsables de la mediocridad del toreo en los años cuarenta-cincuenta, ¡brindo por España! (Berrogeita hamarreko hamarkadan zezenketaren kaskarkeriaren arduradunek egin zidaten kaltea gorabehera, brindo por España!»).[10]

Rafael García Antón senarrak eta ahaldunak Juanita Cruz, su odisea izeneko liburu biografikoa idatzi zuen hil zenean. Senarrak berak ordaindutako mila aleko tirada izan zuen. Haren gainean, José María de Cossiok hau esan zuen: «zekor serioak hiltzera iritsi da eta trebetasun eta ausardia nabarmenak erakutsi ditu».

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Paloma. (2018-04-02). «Mujeres ilustres: Juanita Cruz» Entre piedras y cipreses (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  2. (Gaztelaniaz) «¿Quién fue Juanita Cruz?» marchenaonline.foroactivo.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  3. «Cruz de la Casa, Juana, "Juanita Cruz" (1917-1981). » MCNBiografias.com» www.mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  4. (Gaztelaniaz) Rodríguez, Guillermo. (2023-05-18). «Un recuerdo de Juanita Cruz, símbolo del toreo: “A pesar del daño que me hicieron en mi patria los responsables de la mediocridad del toreo de 1940-1950… ¡Brindo por España!” , proclamó» Tendido7 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  5. (Gaztelaniaz) Telemadrid. (2017-05-28). «Juanita Cruz, torera, torera» Telemadrid (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  6. (Gaztelaniaz) «Juanita Cruz» www.todoporlafiesta.net (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  7. Antonio Fernández Casado. Juanita Cruz y la lucha por su derecho a torear. .
  8. «La Revista: Entrevista / Juanita Cruz» www.elmundo.es.
  9. García Jiménez, Antonio. (2021-05-14). «La mujer que invocó la Constitución para poder torear» El Blog de la BNE.
  10. Niño, Alex. (3 de noviembre de 1993). Juanita Cruz, postrera venganza. Madrid ISSN 1134-6582..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.