Juan Ruiz
Juan Ruiz (Alcalá de Henares, c. 1283 – c. 1350), ezizenez Hitako artziprestea, Gaztelako elizgizon eta poeta izan zen. Erdi Aroko gaztelaniazko poema-liburu aipagarriena idatzi zuen: Libro de buen amor (1330, «Maitasun onaren liburua»).
Juan Ruiz | |
---|---|
Maitasun onaren liburua idazlanaren eskuizkribuetako bat, Espainiako Liburutegi Nazionalan gordea. Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan Ruiz |
Jaiotza | Alcalá de Henares, c. 1283 |
Herrialdea | Gaztelako Koroa |
Heriotza | c. 1350 (66/67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, artzapeza, apaiz katolikoa eta apaiza |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Arcipreste de Hita |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolikoa |
Juan Ruizen bizitzari buruz, berak liburu haren hitzaurrean emaniko datuak baizik ez dira ezagutzen. Toledon egin zituen eliza-ikasketak, eta apaiz izan zen Hitan, Alcalatik hurbil. Badirudi, bizi zelarik, ospe handia ekarri ziotela berak moldaturiko herri-kantuek. Libro de buen amor obran hamabi kontakizun-poema aurkeztu zituen, cuaderna via izeneko bertsoetan moldatuak gehienak, amodiozko menturei buruz. Buen amor (Jainkoaren maitasuna) eta loco amor (gizakien amodio haragikoia) direlakoen arteko aldeak nabarmentzen saiatu zen bere obran; horretarako ez zituen ezkutatu bere garaiko eguneroko bizitzako errealitatea eta mintzaira-moldeak, eta satira zorrotz baten bidez aurkeztu zituen amodiozko egoerak.
Gaztelako tradizio zaharra ongi ezagutzen zuen, eta hartatik bilduriko pertsonaiak ere sartu zituen bere obran (Fernando de Rojasen Celestinarekin segida izango zuen Trotaconventos izeneko emakume maitale-hornitzaile zaharra, adibidez). Iturri ugari erabili zituen Juan Ruizek, Biblia eta idatzi santuak, arabiarren tradizioa eta Erdi Aroko zaldun-literatura, baina Gaztelako herri-literaturatik jasotakoa nabarmendu zen etengabe haren obran.
Juan Ruizen nortasunaren auzia
Ez dakigu gauza handirik Juan Ruizi buruz: «Joan Roíz, açipreste de Fita», lau hitz horiek dira, bere Libro de buen amor («Maitasun onaren liburua») poemako hemeretzigarren ahapalditik hartuak, XIV. mendeko gaztelar poeta handienari buruz zehatz dakigun guztia. Egileari buruzko datu faltaz gainera, liburuaren data ere ez da zehatz ezagutzen, bi urtekoak baitira eskuizkribu nagusiak: 1330 eta 1343koak (aurrekoa baino luzeagoa da bigarrena). Baina liburuak garai hartako Gaztelako Erresumako gizarteari buruzko oso informazio aberatsa ematen du, gizona baita poetaren asmoen helburu nagusia.
Juan Ruiz, dirudienez, Alcala de Henares udalerrian jaio zen, Miguel de Cervantesen jaioterrian, eta Hitako artziprestea izan zen. Bere obraren eskuizkribuetako baten kopiatzaileak, Alfonso de Paradinas delako batek, hau eransten du bukaeran: «Hau da Hitako artziprestearen liburua, artzipresteak Toledoko artzapezpiku Don Gil kardinalaren aginduz preso zegoelarik ondu zuena», eta Gil de Albornoz kardinala 1337-1350 bitarteko urteetan izan zen Toledoko artzapezpiku. Eta pertsona bera aipatzen da gainera Maitasun onaren liburua-ren bukaeran datorren Talaverako apaizen kantika batean:
« | Han Talaveran, apirileko kalendetan, / dira helduak Don Gil artzapezpikuaren gutunak... | » |
Talaverako apaizen kantika |
Baina aldi berean bada pentsatzen duenik, eta ez du arrazoirik falta, bertso horiexetatik abiatuta aipatu zuela kopiatzaileak gero Don Gil poemaren bukaeran; eta poemaren hasierako bertso batzuk hitzez hitz hartu zituelako pentsatu zuela kopiatzaileak espetxean idatzi zuela bere Juan Ruizek liburua:
« | Jauna, judutarrak, herri galdua, Faraonen gabibutasunetik atera zenuen hori, Daniel atera zenuen Babiloniako putzutik: atera nazazu, koittadu hau, espetxe gaizto honetatik.... atera nazazu lazeria honetatik, presondegi zital honetatik.... libra nazazu, ene jainkoa, natzan presondegi honetatik...
Jauna, atera ezazu atsekabe honetatik zeure artziprestea... |
» |
Talaverako apaizen kantika |
Gauza da, ordea, hasierako otoitz hau osatzen duten bertso horiek topiko bat direla, guztiz ohikoak baitziren halakoak garai hartan: frantses egitandiko kantiketan eta gaztelar testu batzuetan ere horrelakoxeak ageri dira, hala nola Fernan Gonzalezen poema idazlanean; eta oso normala litzateke espetxe hori munduko espetxea izatea, zeruko loriari kontrajarria. Aldi berean, ordea, lasai asko har daiteke hitzez-hitz esandakoa -eta horixe gertatzen zaio irakurleari-, alegia, Juan Ruizek, Hitako artzipresteak, espetxe batean preso egonik idatzi zuela liburua.
Laburbilduz, batzuen ustez Gil de Albornoz artzapezpikuaren aginduz atxilotuta zegoela idatzi zuen Juan Ruizek liburua, eta besteentzat, berriz, zenbait bertsoren gehiegizko interpretazioa baino ez da hori. Ez da aurkitu Hitan Juan Ruiz izeneko artzipreste bat izan zelako lekukotasunik eta, bestalde, izena eta abizena guztiz arruntak baitira Espainian, Burgosko Las Huelgas monasterioan dokumentatua dagoen Juan Ruiz bati egotzi izan zaio liburua, eta baita Andaluzia musulmanean hezi zen Juan Rodriguez de Cisneros delako beste bati ere; horiek ordea hipotesi hutsak dira.
Eta, hasieran aipatu den bezala, beste arazo bat ere bada -eta honek ere interpretazio desberdinak sortzen ditu, logikoak baina elkarren kontrakoak-, liburuaren idazkeraren urteari dagokiona: eskuizkribu baten arabera, 1330ean idatzi zen, eta 1343an beste baten arabera. Kritikak, beraz, bi ikusmolde ditu honetaz. Batzuen ustez, data horiek liburuaren bi argitalpeni dagozkie: 1330ekoa izango litzateke lehenengo idazketa eta, hamairu urteren buruan, liburua osatu eta berridatzi ondoren, berriz argitaratu bide zuen egileak, literaturan aspalditik -baita Erdi Aroan ere- sarritan egin izan den bezala. Beste batzuen aburuz, ordea, eta berriz ere sendoak dira argudioak, eskuizkribu baten data okerra da eta, hortaz, liburua idazketa bakar eta betirakoan, 1330ean edota 1343an, amaitu zen.
Baina horrek guztiak baino garrantzi handiagoa du, liburu honen egileari buruz, eta orobat liburuaren esanahiari buruz, sortzen diren zalantzak direla eta, amodiozko gertaerak eta pasarteak lehen pertsonan kontatuak izatea, ez baitu horrek gauza onik adierazten hizketan ari zaigun artzipresteari buruz; areago, liburua zentzugabea gertatzen da lehenengo pertsonan mintzatzen den hori dontzeila batekin ezkontzen denean. Irtenbide bakarra dago beraz, alegia, autobiografia hori asmatua dela uste izatea, fikziozkoa; horixe berresten du gainera amodioaren maisu izan zen Ovidiorengandik datozen Erdi Aroko elezaharrek obra honetan duten eragin erabakigarriak, De vetula poema famatuak bereziki, latindar poeta handiak bere biografia bertsoetan kontatzen duen Erdi Aroko elezahar faltsuan.
Gauzak areago nahasteko -Liburua gustura irakurtzen ari den irakurlearen kaltetan, batez ere- obraren protagonista, bere abenturak eta bizikizunak lehen pertsonan kontatzen ari den hori, batzuetan Don Melun de la Huerta edo Melun Ortiz (hitz jokoa eginez hor ere) izeneko galai bat da, eta besteetan berriz artziprestea bera, eta titulu horrekin deitzen diote berarekin hizketan ari direnak. Eta, hala ere, gauza argia dirudi autobiografia bakarra dela, hau da, ez direla bi pertsona beren bizitzak kontatzen dizkigutenak, bakarra baizik, batzuetan gazte baten moduan agertzen dena -ezkondu ere egiten den gaztea-, eta besteetan emakumeak konkistatzen dituen artzipreste moduan. Nolanahi dela ere, ez dago oraino bikoiztasun horren funtsezko esplikaziorik. Azkenean, liburua bera da inportantea, egilearen eta egileari buruzko arazoen gainetik.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/7/6 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
- «Juan Ruiz, Arcipreste de Hita, y el Libro del buen amor», Cervantes Zentru Birtuala (Gaztelaniaz)
- Maitasun onaren linbrua irakurgai. Jatorrizko testu osoa. (Gaztelaniaz)