Joan Paulo II.a
San Joan Paulo II.a[1] (latinez: Johannes Paulus PP. II), jaiotzez Karol Józef Wojtyła (polonieraz ˈkarɔl ˈjuzɛf vɔjˈtɨwa ahoskatua) (Wadowice, Polonia, 1920ko maiatzaren 18 – Vatikano Hiria, 2005eko apirilaren 2a) Eliza Katolikoko Aita Santua izan zen 1978ko urriaren 16tik bere heriotza egunera arte.
1522az geroztik, Italiako lurralderen batekoa ez zen lehen Aita Santua izan zen.
2014ko apirilaren 27an kanonizatu zuten eta San Joan Paulo II.a izena hartu.
Biografia
Karol Wojtyła eta Emilia Kaczorowskaren seme bietatik gazteena, bederatzi urte zituela ama hil zitzaion. Bere anaia nagusia, Edmund, medikua, 1932an hil zen eta aita, Poloniako ejertzitoko ofiziala, 1941ean, naziek Polonia menperatuta zeukatela.
Krakoviako unibertsitatean hasi zen filosofia ikasten, baita antzerki eskola batean ere. 1939ko irailean alemaniarrek unibertsitate poloniarrak itxi zituzten, eta bizimodua aurrera ateratzeko meategietan eta kimika lantegi batean lan egin behar izan zuen. Garai hartan antzerki klandestinoa egiten ibili zen, nazien aurka eta abertzaletasun poloniarraren alde. Alemaniarren okupazioaren aurka jardun zuen, besteak beste juduen familiak salbatzeko talde batean parte hartu zuen.
1942an Adam Sapieha Krakoviako artzapezpikuak sortutako seminario klandestinoan hasi zen teologia ikasten. Gerra amaituta, 1946ko azaroaren 1ean apaiztu zen. Erromako Angelicum ikastetxean jarraitu zituen ikasketak eta teologiako doktore titulua lortu zuen. 1948an Poloniara itzuli zen eta ekintza pastorala eta unibertsitateko irakasletza bateratu zituen. Besteak beste, etikako irakasle izan zen Lublineko unibertsitatean.
1958an Pio XII.ak Krakoviako gotzain laguntzaile izendatu zuen. Vatikanoko II. Kontzilioan parte hartu zuen, ateismoa eta erlijio askatasuna bezalako gaietan batez ere. Paulo VI.ak kardinal izendatu zuen 1967an, 47 urte zituela.
Aita Santutza
1978ko irailaren 28an hil zen Joan Paulo I.a aita santua, 33 eguneko agintaldi laburraren ondoren. Konklabean bildutako kardinalek Wojtyla hautatu zuten Aita Santu konklabeko bigarren egunean, 58 urte zituela (XX. mendeko Aita Santurik gazteena). Joan Paulo I.aren erabakiari jarraituz, izen bera hartu zuen, Joan XXIII.a eta Paulo VI.a izan zirenen jarraipena egin nahi baitzuen. 1522an Adriano VI.a aukeratu zutenetik Italiatik kanpokoa zen lehenengo Aita Santua izan zen.
Historiako Aita Santurik bidaiariena izan zen; Italia barnean 144 bidaia egin zituen, eta Italiatik kanpora beste 104. Lehenengo bidaia 1979ko urtarrilaren 25ean egin zuen Mexiko eta Dominikar Errepublikara, eta azkenengoa 2004ko abuztuaren 14an Frantziara, Lourdeseko Andre Mariaren santutegira. Bidaia horietako asko garrantzia handikoak izan ziren, bai Elizarentzat, baita nazioarteko harremanentzat ere. Besteak beste, bere aberrira (Poloniara) egindako bidaiek zeresan handia ekarri zuten, komunismoaren porrota areagotu omen zutelako. Kubara egindako bidaiak ere oihartzun handia izan zuen, Eliza Katolikoaren eta Fidel Castroren errejimenaren arteko harremanetan aro berri bat ireki zuelako. 2000ko Jubileoan, gainera, Lurralde Santura joateko aukera izan zuen; bertan, kristauek juduei historian zehar egindako mina zela eta barkamena eskatu zuen.
Joan Paulo II.ak ezin izan zituen bi bidaia garrantzitsu egin, unean uneko gatazka politikoak zirela eta: Moskuko patriarkarekin Vatikanoak zituen gatazken ondorioz ez zuen Errusia bisitatzeko aukerarik izan. Bestetik, Txinako gobernuak Elizarekiko duen jarrerak eta azken honek Taiwan onartu izanak zaildu egin zituen bien arteko harremanak eta balizko bidaia guztiz oztopatu zuten.
Gainerako erlijioengana gerturatzeko pauso garrantzitsuak egin zituen, besteak beste Asisko topaketak antolatzean. Komunitate musulmaneko kideekin publikoki elkartu zen lehen Aita Santua izan zen gainera.
1981eko maiatzaren 13an, Mehmet Ali Ağcak Vatikanoan egindako atentatu-saiakeraren ondoren, Aita Santuaren osasuna gainbeheran hasi zen. Urdail eta eskuko zauriez gain, hesteetako minbizia izan zuen, baita femurra eta sorbalda hautsi zituen eta 1990etik aurrera geroz eta Parkinson gaixotasun larriagoa zuen.
Joan Paulo II.ak errekorrak hautsi zituen hainbat arlotan: hitzaldi gehien egin zituen Aita Santua izan zen, baita santu eta dohatsu gehien altarera jaso zituena ere. Teknologia berriak, bereziki Internet, lehen aldiz erabili zituen Aita Santua izan zen.
Heriotza
2005eko apirilaren 2an hil zen, nekaldi luze baten ondoren. Aurreko egunetan septizemia batek eman zion, eta bere parkinson gaitz indartsuarekin golpe bikoitza izan zuen. Hilzorian zela, bere idazkariari gutun bat idatzarazi zion. Bertan eskerrak ematen zituen munduan zehar haibeste jendek berarengana agertutako maitasunagatik, eta konfiantza guztiz bere bizia eta Elizaren etorkizuna Jainkoarengan eta Andre Mariarengan jarri zituen.
Vatikanoko San Petri plazan bere aldeko arrosarioa esaten ari zirela hil zen Joan Paulo II.a. Ia mundu guztiko telebista, irrati eta egunkariak gertakari horren testigu izan ziren. Aita Santuaren medikuaren arabera, Joan Paulo II.ak bizitzako azken 50 minutuak konorte gabe igaro zituen, eta hitzik esan gabe hil zen.
Joan Paulo Handia
Joan Paulo II.aren heriotzaren ondoren, zenbaitek (tartean bere ondorengo Benedikto XVI.ak) Joan Paulo Handia izenez deitu dute. Bere beatifikazio prozesua 2006an abiatu zen, hil eta urtebete eskasera. Izan ere, Benedikto XVI.ak beatifikazio prozesua hasteko igaro beharreko 5 urteko epea kendu zuen bere aurrekoarentzako. Neurri hau gutxitan erabili izan da. Azken aldia, Joan Paulo II.ak Ama Teresa hil zenean abiarazi zuen beatifikazioa izan zen.
Bere aurreko Paulo VI.ari jarraiki eskatu zuen bezala ez zitzaion Vatikanoko basilikan mausoleorik eraiki. Horren ordez hilobi apal bat dauka, egunero milaka pertsonak ikusi nahi izaten dutena.
Nazioarteko erlazioak
Joan Paulo II.aren pontifikatuaren hasieran, Egoitza Santuak 84 estaturekin zituen harreman diplomatikoak. Aita Santua hil zenean, berriz, 173 estaturekin zituen. Era berean, nazioarteko eta eskualdeko hainbat erakundetan, osoko kide edo behatzaile gisa parte hartu zuen.
Joan Paulo II.aren nazioarteko 104 bisitak, batez ere, estatu buru eta Eliza Katolikoaren buru gisa egin zituen. Hortik, herrialde hartzaileko estatuburuaren keinua (kultura kristaukoa baldin bazen), lehenik eskua emanez agurtuz (bi estatuburu biltzearen kasuan) eta, azkenean, errespetuz eta begirune klasikoaren erreberentziaz eskuak musukatuz. Joan Paulo II.ak Santo Domingora egin zuen lehen bidaia, Dominikar Errepublikara; handik Mexikora joan zen, «Mexiko beti fidela» deitzen zuena eta hilezkor bihurtu den esaldia. Gehien bisitatu zituen Latinoamerikako herrialdeak hauek izan ziren: Mexiko bost alditan, Brasil lautan, Dominikar Errepublika eta Guatemala hirutan (inguruko beste herrialde batzuk bisitatzeko egoitza gisa ere balio izan zioten) eta Nikaragua bitan, baita Peru, El Salvador eta Venezuela ere.
Joan Paulo II.ak diplomazialari trebea zela ere frogatu zuen. Pontifikatua bere gain hartu berria, aurre egin behar izan zion (1978ko abenduan Erresuma Batuko Isabel II.a erreginak Beagle kanalaren gatazkari buruzko arbitrajean emandako laudoaren aplikazioaren ondorioz) Argentina eta Txileren[2] arteko gerra aurreko krisiari. Bi nazioek, tropak mugan zehar zabalduta zituzten garaian —operazio militarrak hasi zirela adieraziko luketen frogak ere badaude—, Joan Paulo II.ak (militarrek Elizarekin zituzten loturak aprobetxatuz) eragin erabakigarria izan zuen hasiera eragozteko Antonio Samoré kardinala bere ordezkari gisa bidaliz eta indarrak banantzea lortuz eta, 1984ko azaroaren 29an, bi herrialdeen arteko Bake eta Adiskidetasun Ituna[3] sinatutakoarekin amaituko zen bitartekaritza prozesu baten hasiera lortuz.
Poliglota paregabea zen. Poloniera, esperantoa, greko klasikoa, latina, italiera, frantsesa, gaztelania, portugesa, ingelesa eta alemana ez ezik txekiera, lituaniera, errusiera eta hungariera ere nahikoa menderatzen zuen; gainera, japoniera, tagaloa eta Afrikako hainbat hizkuntza ezagutzen zituen. Kirolari amorratua eta eskiatzaile aditua ere izan zen bere gaztaroan.
Bere mezua helarazteko, komunikabideen eta, batez ere, Interneten erabilera intentsiboa egin zuen lehen aita santua izan zen, baita erlijio-buruekin harremanak izan zituenak ere, hala nola judu, musulman, ortodoxo eta tibetar erlijioekin (Dalai Lamaren bitartez), besteak beste.
Beatifikazioa eta Kanonizazioa
Benedikto XVIak beatifikatu zuen 2011ko maiatzaren 1ean eta Frantziskoak santifikatu zuen 2014ko apirilaren 27an. Bere jaieguna urriaren 22an ezarri zuen.
Beatifikazioaren ondoren, Joan Paulo II.aren odola erlikia gisa banatu du Elizak hainbat elizbarrutitan.[4]
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Paulo II.a |
- Euskaltzaindia. 129. araua: Aita santuen izenak. .
- Armagedón, la Web de la Historia, Grupo Editorial Bitácora: La crisis militar entre Chile y Argentina de 1978, enlace revisado el 16 de octubre de 2006
- González, Marco Antonio, Fundación Jaime Guzmán E., Tratado de Paz y Amistad: Ejemplo de esfuerzo, vocación y talento, enlace revisado el 16 de octubre de 2006
- (Gaztelaniaz) «La reliquia del Papa santo» Alfa y Omega 2018-06-14 (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).