Juan Oñate
Juan Oñate Salazar (Pánuco, Zacatecas, Espainia Berriko Erregeorderria, 1550 – Guadalcanal, Sevilla, Espainia, 1626ko ekainaren 3a) konkistatzailea izan zen, Espainiar Inperioaren zerbitzura. Ameriketan —gaur egun Mexiko den lurraldean— jaioa, euskaldun jatorrikoa zen, Kristobal Oñate konskistatzailearen semea. Mexiko Berria konkistatzeko espedizioa antolatu zuen 1595ean. 1598an, hango aginpidearen jabe egin zen, eta, Ozeano Barerako bidea aurkitu nahian, espedizioak bidali zituen Kansasera 1601ean eta Kaliforniako golkora 1605ean. Santa Fe hiria sortu zuen 1605ean.[1]
Juan Oñate | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Pánuco, 1550 | ||
Herrialdea | Espainia Berria | ||
Heriotza | Espainia, 1626ko ekainaren 3a (75/76 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Kristobal Oñate | ||
Ama | Doña Catalina Salazar y de La Cadena | ||
Ezkontidea(k) | Isabel Tolosa Cortés de Moctezuma (1588 - | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | esploratzailea | ||
Gaur egun Juan Oñate ezaguna da 1599an egindako Acoma Sarraskiagatik. Lur batzuen jabetzaren harira sortutako tira-bira baten ondorioz, acoma etniako kideek 11 espainiar hil zituzten, Oñateren iloba Juan Zaldivar barne. Oñatek, orduan, acomen aurkako erantzun basatia agindu zuen. Acomen herria suntsitu zuten,[2] eta 800-1000 acoma hil zituzten.[3]
500 bat pertsona atera ziren bizirik Acomako Sarraskitik. Ohkay Owingeheko epaiketan, Oñatek gehienak 20 urteko mirabetza behartura zigortu zituen; eta, gainera, 25 urtetik gorako gizon guztiei oin bat mozteko agindu zuen.[3] Espainiako Gobernuak epaitu zuen, Acomen aurka «gehiegizko indarkeria» erabiltzeagatik; zigortzat, Mexiko Berritik kanporatu zuen, eta Mexiko Hirira itzultzea debekatu zion, bost urtez.[2]
Gaur egun Oñateren figura oso polemikoa da Mexiko Berriko historian: 1998an, Alcalde hirian zeukan estatuari ezkerreko oina moztu zion norbaitek, sarraskiaren aurka protesta egiteko. 2006an, eztabaida nabarmena piztu zen, Texasko El Paso hirian Oñateren zaldizko estatua handi bat egin zutenean.[4][5] 2020an, Lander Arbelaitz kazetariak «euskal jatorriko konkistatzaile sadikoa» deituraz aipatu zuen Oñate.[6]
Erreferentziak
- Lur entziklopedietatik hartua.
- (Ingelesez) «The Last Conquistador» POV 2008-01-22 (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- (Ingelesez) Trujillo, Michael L.. (2008). «Oñate's Foot: Remembering and Dismembering in Northern New Mexico» Aztlan: A Journal of Chicano Studies 332: 91–99..
- «400 years later, Acoma protests Spanish cruelty - Timeline - Native Voices» www.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- TempleMidl, Georgia; Reporter-Telegram. (2008-07-11). «Controversy surrounding 'The Last Conquistador' statue in El Paso topic of documentary» Midland Reporter-Telegram (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- Arbelaitz Mitxelena, Lander. «Juan Oñate euskal jatorriko konkistatzaile sadikoaren estatuaren aurkako protestan bi manifestari tirokatu dituzte milizia supremazistek» Argia 2020-06-17 (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).