Juan Kruz Igerabide

Juan Kruz Igerabide Sarasola (Aduna, Gipuzkoa, 1956ko martxoaren 24a - ) euskal idazlea da, literaturaren alor ugari jorratu dituena eta haur eta gazte literaturan lan ugari argitaratu dituena. Sari garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria 1999an, eta Espainiako Kritika Saria birritan, 1994an eta 2003an.

Juan Kruz Igerabide

Ahotsa
Bizitza
JaiotzaAduna, 1956ko martxoaren 24a (68 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, unibertsitateko irakaslea, itzultzailea, poeta eta filologoa
Lantokia(k)Euskal Autonomia Erkidegoa
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia

Inguma: juan-kruz-igerabide-sarasola Literaturaren Zubitegia: 50

Biografia

Magisteritza ikasketak egin eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan irakasle aritu zen zenbait urtetan; gerora, Euskal Filologian doktoregoa egin zuen, eta EHUn Euskara Teknikoko irakaslea da. Gaur egun, euskara teknikaria da EHUko Euskara Zerbitzuan.[1] Azken urteotan, EHUko Mikel Laboa katedraren zuzendaria ere bada. 2003an euskaltzain urgazle izendatu zuten.[2]

Idazle oparoa ez ezik, ikerlaria ere bada. Haur Literaturan ikerketak egin izan ditu, batez ere, poesia aztertuz. Aipatzekoa da 1993an osatutako ikerlana; ahozko tradizioaren alorra aztertzen duen Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (Erein, 2000).[3]

Ikerlan hori amandre ipuinetatik abiatzen da, ipuinen jatorria, funtzioak, erabilera, ideologia, eta abar landuz. Izan ere, haurraren eta literaturaren arteko harremana du aztergai, haur txikiei kontatzen zaizkien ipuinak, ipuin horien eragina haurrengan, psikoanalisiak zer dioen... baita egungo gizartean zer betebehar duten amandre ipuinek ere.

Literatur ibilbidea

Heldu literatura

Haur eta gazte literaturako liburu askoren egilea den arren, heldu literaturan eman zituen bere lehen urratsak: Notre-Dameko oihartzunak (1984) poesia liburuarekin.[4] Haren atzetik etorri ziren Bizitzarekin solasean (1989), Sarean leiho (1994) eta Mailu isila (2002) Espainiako Kritika Saria euskarazko poesiari. Eta horiekin tartekaturik, aforismo liburuak ekarri zituen egileak: Herrenaren arrastoan (1998) eta Egia hezur (2004).[1] 2005ean Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena lortu zuen Hauts bihurtu zineten nobelagatik.[5] Ondoren bi eleberri agertu ziren: Elurra sutan (2009) eta Zangotraba (2014). Tarte baten ondoren, 2021ean, beste eleberri argitaratu zuen: Doneaneko alaba.

Haur eta gazte literatura

Liburu idazle.

Haur narrazioari dagokionez, Igerabidek hogeitik gora ipuin idatzi ditu, tartean Grigor protagonista dutenak: Egunez parke batean (De día en un parque; Alberdania, 1993), Gauez zoo batean (De noche en un zoo; Alberdania, 1994), Denboraldi bat ospitalean (Una temporada en el hospital; Alberdania, 1995) eta Oporraldi bat baserrian (Vacaciones en el caserío; Alberdania, 1996).[6] 1999an Euskadi Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi zuen Jonas eta hozkailu beldurtia lanarekin. Jonas eta hozkailu beldurtiaren bidez aurkezturiko pertsonaia izango zen ondoren beste ipuin askoren protagonista.[6]

Gazteentzako poesia ere idatzi du, Kartapazioko poemak (Karlos Linazasororekin batera; Ibaizabal, 1998), Hosto gorri, hosto berde/Hoja roja, hoja verde (Edizio elebiduna; Atenea, 2002) baita narratiba ere. Azken horri dagozkio Helena eta arrastiria (Elkar, 1999; Helena y el sol poniente, Editores Asociados, 2000), Hamabi galdera pianoari (Alberdania, 1999; Doce preguntas a un piano, Edebé, 2006), Begi argi horiek (Esos ojos claros; Aizkorri, 2000), Hiru ahizpa (Tres hermanas; Erein, 2003) eta Bosniara nahi (Aizkorri, 2003; Volver a Bosnia, Everest, 2005).[6]

Literatur proposamen desberdinak bilatzen ere saiatzen da eta horren emaitza dira Elena Odriozola ilustratzailearekin osatutako Eguberria (Nerea, 2012), Eguberriko tradizioa, mitoak, ahozko kultura eta literaturaren inguruan egin duen bilketa eta dokumentazio lanaren emaitza,[7] eta Ur: euriaren liburua (Denonartean, 2014) jolasak, musika, liburua, eta irudi solteak biltzen dituen kartoizko kutxatxoa.[8]

2018an Abezedario tititrijario (letren txotxongiloa) (Abecedario titiridario (el guiñol de las letras), Denonartean, 2017) lanagatik Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala jaso zuen. Epaimahaiak "oihartzun sinbolisten aliterazioaz, nonsense umoreaz, absurdoaz, errodariar fantasiaz eta euskal ahozko tradizioaren oihartzunez elikatzen den hizkuntza poetikoaren erabileran maisutasunagatik" saritu du egilea.[9]

Lanak

1995ean Aiurri aldizkarian

Haren liburuen zerrenda oso luzea eta oparoa da: narrazioa, nobela, saiakera, poesia, haur eta gazte literatura... denetarik idatzi du. Hauek dira azken urteetan haur eta gazte literaturan idatzi dituenak:

  • Gorputz osorako poemak (2005, Aizkorri)
  • Ilargia ezpainetan (2006, Erein)
  • Pipitaki (2006, Aizkorri)
  • Adio Jonas (2007, Aizkorri)
  • Sudurretik txintxilika (2007, Edebe-Giltza)
  • Haizearen tunela (2009, Giltza)
  • Misterioa argitu arte (2010, Elkar)
  • Motoa (2012, Alberdania)
  • Ur: euriaren liburua (2014, Denonartean)
  • Satorra hegan (2015, Edebe-Giltza)
  • Ez lemaio. Arrasateren erreketa (2017, Beta)
  • Doneaneko alaba (2021, Alberdania)
  • Motx-Motxean: aforimoak hasiberrientzat (2021, Denonartean) Koldobika Jauregiren irudiekin.[10]
« Erortzean, unetxo batez hegan egiten da.

Suak esaten du: "Begira niri, begira niri", eta: "Ez ikutu, ez ikutu".

 »

Juan Kruz Igerabide, Motx motxean. [10]

  • Ura Saltoka (2023, Alberdania)

Poesia

  • Notre-Dameko oihartzunak (1984, Elkar)
  • Bizitzarekin solasean (1989, Elkar)
  • Sarean leiho (1994, Alberdania)
  • Mailu isila (2002, Alberdania)
  • Aienatze-marra-Línea de fugacidad (2009, Centro de Lingüística Aplicada Atenea)
  • Lainoa janez (2015, Erein)
  • Maite poemak hasiberrientzat (2016, Denonartean)
Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Juan Kruz Igerabideren lanak»

Sariak

Erreferentziak

  1. «Igerabide, Juan Kruz - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  2. Juan Kruz Igerabide / Euskal Idazleen Elkartea. .
  3. Juan Kruz Igerabide / Galde aldizkaria. .
  4. Juan Kruz Igerabide / Euskal Literaturaren Hiztegia. .
  5. Erredakzioa. (2005-04-20). «Hauts bihurtu zineten - Juan Kruz Igerabide» 111 Akademia (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  6. «IGERABIDE, Juan Kruz. Portal Literatura Vasca» www.basqueliterature.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  7. Eguberria / Galtzagorri Elkartea. .
  8. Jolasten jarraitzeko gonbitea. .
  9. (Gaztelaniaz) «Juan Kruz Igerabide, Premio Nacional español de Literatura Infantil y Juvenil» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  10. Motx-Motxean : aforimoak hasiberrientzat. 2021 ISBN 978-84-17940-64-5. PMC 1309422525. (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
  11. (Gaztelaniaz) Juan Kruz Igerabide, Premio Nacional de Literatura Infantil 2018. 2018-09-27 (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).

Ikus, gainera

  • Gipuzkoako idazleen zerrenda

Kanpo estekak

Bideoak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.