Juan Goienetxe Gaston
Juan Goienetxe Gaston (Arizkun, Baztan, 1656ko urriaren 12a - Madril, 1735eko apirilaren 12a) nafar administrari, idazkari eta negozio-gizona izan zen.
Juan Goienetxe Gaston | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arizkun, 1656ko urriaren 12a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Nuevo Baztán, 1735eko apirilaren 12a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, editorea eta politikaria |
Biografia
Oso gazte zela Madrilen jarri zen bizitzen, eta historiako ikasketak egin zituen han. Karlos II.a Espainiakoak diruzain izendatu zuen, eta beste kargu garrantzitsu batzuk eskaini zizkion ondoren. Karlos II.aren bigarren emaztearen eta Filipe V.aren emazteen diruzaina izan zen. Harreman haiei esker, merkataritza-operazio garrantzitsuak egin zituen Goienetxek.
La Gaceta de Madrid Espainiako lehen egunkaria sortu zuen 1697. urtean. Ontziola batzuen jabe zen garai hartan, eta zuhaitzak moztu eta zura kostaldera garraiatzeko bitarteko berriak egokitu zituen. Eragin oso handia izan zuen Nafarroako Erresumak Filipe Anjoukoari Ondorengotza Gerran laguntzea erabakitzeko orduan. Horrezaz gainera, herri berri bat sortu zuen, Madrildik 50 kilometrora, Jose de Churriguera arkitektoaren zuzendaritzapean (1709-1713), eta Nuevo Baztán izena eman zion. Beira tratatzeko lantegi moderno bat eraiki zuen bertan eta ehunak, larruak, papera eta likoreak landu eta ontzeko olak sortu zituen han eta hemen.
Literaturazalea zen, eta idazle batzuk babesteaz gainera, Antonio de Solís Indietako kronikariaren biografia bat (1692) eta bere sorterriari opaturiko Executoria de la nobleza, antigüedad y blasones del Valle del Baztan, que dedica a sus hijos y originarios Juan de Goyeneche obra (1685) idatzi zituen. XVII. mendean Frantziako borboitarren gortean mugitu ziren ministroen jarraitzailea izan zen Espainiako gortean, Austriako Etxea amaitu eta Borboikoa erregetzan hasi zen garai hartan.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Goienetxe Gaston |