Joxemiel Bidador
Jose Miguel "Joxemiel" Bidador González (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1970ko martxoaren 28a - ib., 2010eko martxoaren 2a) euskal dantzaria, idazlea, ikertzailea, filologoa, irakaslea eta historialaria zen.[1][2]
Joxemiel Bidador | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1970eko martxoaren 28a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 2010eko martxoaren 2a (39 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: istripu zerebrobaskularra |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, ikertzailea eta idazlea |
Biografia
Gurasoak Ollarandik hiriburura joanak eta Arrotxapean hazia, Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta kalearekin ere zuen harremana.[3] Unibertsitate ikasketei dagokienez Gasteizko EHUn Euskal Filologia egin zuen.
Ogibidez Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zen. Azken garaian Tuteran lan egin zuen irakasle. Bere bizitzako azken urteetan Idoia bizilaguna eta Ilazki eta Maddi alabekin osatzen zuen familiarekin Baternain herrira bizitzera joana, 2007an kontzejuko presidente aukeratu zuten.
2010eko otsailaren 26an odol-isuria izan zuen buruan Tuterako institutuan eskola ematen ari zenean eta 2010eko martxoaren 2an zendu zen Nafarroako Ospitalean. Martxoaren 3an Baternain bizilekuan hileta-elizkizunak egin zizkioten eta 4an omenaldi zibila eskaini zioten lagunek mukuru bete zen Artikako Kultur Etxean.
Ikertzailea
Eremu askotan ikerketa anitz egin zuen eta batean baino gehiagotan erreferentziazkoak diren lanak egin zituen. Euskera, Fontes Lingua Vasconum, RIEV, Sukil, Cuadernos de Etnología de Navarra, Egan, Revista del Centro de Estudios Merindad de Tudela eta Txistulari aldizkarietan idatzi zuen, besteak beste.
Folkloreaz
Iruñeko Duguna dantza-taldean 10 urtez dantza egin ondoren, dantzari buruzko lan ugari kaleratu zituen. 2005ean Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanagatik, Bilboko Udalak banatzen dituen Miguel de Unamuno saiakera Saria irabazi zuen; lan hau 1993an Cuadernos de Etnología y Etnografía Navarra aldizkarian argitaratutako Materiales para una bibliografía sobre danza vasca bere lehen ikerketa-lanean atera ziren lanetakoa zen. Danok Bat taldeko kidea ere izan zen eta 1997an San Lorentzoko dantzen sorrera prozesuan esku hartu zuen, baita azken urteetan taldearekin dantzatu ere.[4] 2005etik Euskal Dantzarien Biltzarraren Dantzariak aldizkariaren ardura hartu zuen.
Tuterako Erraldoien konpartsako kidea ere izan zen eta Diario de Noticiasen historia eta etnografiari buruzko Viejas historias de Navarra artikulu sorta atera zuen.
Literaturaz
Joxemielek hainbat hedabidetan kolaboratu zuen. Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria astekariko Klasiko bitxiak, arront klasiko[5] atalean eta Berrian idatzi zuen. Horrez gain, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan zen, eta lan horregatik 2007an irratiaren Larreko Saria jaso zuen. Horren bidez batez ere ahaztuta zeuden Nafarroa Garaiko (Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburuan bilduta) eta Ipar Euskal Herriko[6] euskal idazleen gaineko ikerketa lana plazaratu zuen.
Pamiela argitaletxeko laguntzailea izan zen eta Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburuaren ostean Nafarroako euskal idazleek "Baziren, bagara" manifestua atera zuten.[7]
Olerkian eta narrazio laburrean 1993, 1995, 1998 eta 2000an Iruñeko udalak antolatutako literatura lehiaketan saritu zuten. Euskal Idazleen Elkarteko kide eta zenbait urtetan idazkaria izan zen. Hil arte ia erabat gordeta zeukan arloa, olerki idazlearena, 2010eko azaroan Pamielak argitaratutako Hutseaniko hazkurria liburuarekin ezagun egin zen.
Lanak
Ikerketa
- Sakanako euskal idazleen antologia (1999, Bierrik)
- Jose Agerre, argitaratu poemen antologia (2000)
- Euskara Iruñeko kazetaritzan: testu antologia (2003)
- Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (2004)
- Dantzaren erreforma Euskal Herrian (2006)
- Alexander Tapia Perurena, Iruñeko olerkaria: 10 urte (2008)
Erreferentziak
- «Joxemiel Bidador idazle eta ikertzailea hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2010-03-02).
- «Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da» Gara (Noiz kontsultatua: 2010-03-02).
- Zein petrala den heriotza!, Josetxo Azkona, Berria.
- Joxemiel Bidador joan zaigu, Burlatako Axular aldizkaria, 51. alea, 2010eko udaberria.
- Joxemiel Bidador: Artikuluak - Sorta osoa Literaturaren zubitegian.
- Ikus, adibidez, Zuberoako bedatse loraduna.
- Idazle euskaldun nafarraren konpromisoa, Gara, 2010eko martxoaren 3a.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Bere omenezko bloga.
- Bidador EIEren webgunean.
- Bidador Literaturaren zubitegian.
- Joxemiel Bidador joan zaigu, gure arteko bat Euskalerria irratian.
- Joxemiel Bidador idazlearen mundua, Sautrela, ETB, 2011ko urtarrilaren 22a.
- Bidegileak bilduma: Joxemiel Bidador.