Joxemi Zumalabe Fundazioa

Joxemi Zumalabe Fundazioa Euskal Herrian eraldaketa sozialean lanean ari diren herri mugimenduen kultura indartzea helburu duen fundazio bat da, 1996ko apirilean sortua. Herri mugimenduen ekarpena jaso eta aurrera ateratzea du helburu.

Lan ildoak

Fundazioaren jardunak ardatz hauek ditu:

  • Kolektiboen arteko gogoeta eta elkarlan estrategikoak sustatzea.
  • Aktibismo politikoa indartzeko transmisioa eta formazioa bultzatzea.
  • Topagune herrikoiak bultzatuz, jendarte eraldaketarako gogoeta eta debatea zabaltzea.
  • Bere eta gainerako kolektiboen barne funtzionamendua sendotzeko tresnak lantzea. Fundazioaren bokazioa herri mugimenduekin, herri mugimenduetatik eta herri mugimenduentzat lan egitea da. Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako herri mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea hain zuzen ere.
  • Gogoeta: Herri Mugimenduentzat eta Herri Mugimenduekin batera, interes kolektiboa izan dezaketen gai ezberdinen inguruko herri ikerketa eta hausnarketak sustatzea da gure asmoa. Egungo errealitateari buruzko begira ezberdinak elkartuz jendarte eraldaketarako.
  • Dinamizazioa: Kolektibo eta mugimenduetatik prozesuen diseinu eta “dinamizazio” lanetarako iristen zaizkigun laguntza eskaerei erantzutea Joxemi Zumalabe Fundazioaren nahietako bat da.
  • Formazioa: Herri Mugimenduok gure lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko beharra ez dugu berria. Hortxe kokatzen dugu alegia formazioaren premia zahar-berria.

Historia

1995eko abenduan, lagun talde batek, eztabaida luzeak izan eta gero, Herri Mugimendua laguntzea helburu izango zuen fundazio bat eratzea erabaki eta 1996ko apirilean ofizialki sortu zuen. Ezberdintasun eta mailaketak nagusi diren gizarte honetan, famili batean edo bestean jaio izanak, bizitza goitik behera alda dakizuke. Horretaz badaki bai fundazioaren hastapenetan ibili zirenak. Horietako bati, egun batetik bestera, herentzia baten bidez diru poltsa handi bat etorri baitzitzaion. Bere lanaren eskutik etorri ez zen diru hura herriari itzuli nahi, eta lagun talde bati asmoa azaldu eta eztabaida saio ugariren ondoren, Joxemi Zumalabe Fundazioa sortu zuten. Egun, fundazioa, diru poltsa horrek ematen dizkion irabaziei esker eta instituzioetatik proiektu ezberdinetarako jasotzen dituen diru laguntzei esker egiten du ekonomikoki aurrera.

Fundazio bat sortzeko erabakia hartuta, honen izena erabaki behar, eta lagun zuten Joxemi Zumalaberen izena ipintzea erabaki zuten, honek berarekin zekarren esanahia guztiarekin. Baina nor zen Joxemi Zumalabe Goenaga? Donostian jaio zen 1950eko urriaren 14an. Gaztetatik, han eta hemen saltsa batean eta bestean ibili zen Joxemi. Bere herriak bizi zuen egoerarekin konforme ez, eta hori aldatzeko lanean jardun zuen buru belarri. Euskalgintzaren eremuan ekarpen handiak egin zituen; Argia aldizkaria aurrera ateratzen lan handia egin zuen eta 1986an euskarazko egunkari baten proiektua garatu eta defendatu zuen. Garai hartan, ezinezkoa zirudien proiektu hark, Joxemiren kemenagatik (besteak beste) argia ikusi zuen: Euskaldunon Egunkaria. Gaitz batek eraman zuen 1993ko urtarrilaren 12an. Bere ekarpenari eskerra eman nahian eta Joxemi gogoan izateko jarri zitzaion izena Fundazioari: Joxemi Zumalabe.

Herri mugimenduen gida

1997ko udan gizarte mugimenduen errolda handi bat egiteko lan-taldea aukeratu zen. Asmoa ahalik eta talde gehienen datuak bildu eta denon eskura jartzea izan zen, elkarteen arteko komunikazioa ahalbidetuz. Ikerketa 1997ko azken hilabeteetan eta 1998 osoan zehar egin zen, kolaboratzaile sare handi baten elkarrizketen bidez. 1.500 mugimendu ingururen datuak jaso ziren. Gida 1999ko urtarrilean plazaratu zen euskarri inprimatuan, eta otsailean aurkeztu zen jendaurrean.

Eztabaida jardunaldiak

Fundazioa den elkargunea baliatuz, hainbat izaeratako herri mugimenduek eztabaida jardunaldi ugari antolatu dute eurek antzemandako beharrei erantzuteko asmoz: desobedientzia zibila (1997ko apirilean), kontsumo alternatiboa (1997ko maiatzean), ezkerraren papera (1998ko otsailean), parte-hartze instituzionala (1998ko ekainean), lurralde antolaketa (1999ko azaroan) eta garapen ereduak (2000ko apirilean).

Eusko Ikaskuntzaren XV. kongresurako lankidetza

Fundazioak Eusko Ikaskuntzaren XV. kongresuan parte hartu zuen. Kongresua 2001eko azaroan eta abenduan Donostiako Kursaal Jauregian ospatu zen. Zehazki Fundazioak “Gizarte zibilaren azterketa” izeneko seigarren talde tematikorako lan taldeak koordinatu zituen. Kongresuaren ondorioak:

Herria Mugi! ekimena

Herri mugimenduaren topaguneak: behin, Herri mugimenduen gida eginda, aurrerapauso bat ematea erabaki zen: elkarte eta mugimendu horien arteko topaketak ahalbidetzea. Aurkezpenean bildutakoen artean taldeek, haien ekimenez, erabakitzen dute herri mugimenduen arteko harremanetarako eta elkar ezagutzarako gune bat sortzeko dagoela. Ondorioz, ekimen hori gauzatu ahal izateko Talde eragile bat izendatu zen: Herria Mugi! Ekimena. Gune honek dituen helburuak Fundazioaren helburuekin bat egiten dutenez, urtero Topagunea antolatzeaz arduratzen den talde eragileari Fundazioak bere koordinazio, dinamizazio eta idazkaritza tresnak eskaini dizkio. Ekimen honek Herri Mugimenduaren Topagune hauek antolatu ditu:

  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren I. Topagunea (1999)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren II. Topagunea (2000)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren III. Topagunea (2001)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren IV. Topagunea (2002)

Arrosa: irrati ekoizpen zentroa

2001-2002 ikasturtean Joxemi Zumalabe Fundazioak koordinatu eta dinamizatu zuen, Euskal Herri osoko izaera ezberdineko 20tik gora irratik elkarlanean Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa sortzeko abiatutako egitasmoa. Egitasmo honek Euskal Herriko Herri Mugimenduaren III. Topagunean abiatu zen, han komunikazioaren gaiaren inguruan hausnartzeko bildu baitziren udal, irrati libre eta herri irratiak. Euskal Herri osoko 29 irratien esku, Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa sortu zen, eta ondorioz, Fundazioak amaitutzat eman zuen irratiekin zuen elkarkidetza, sortze prozesuan urtebete eman ondoren.

Mundua euskal kulturan

Ekimen honetan euskalgintzako hainbat eragile eta Euskal Herriko hainbat etorkinen elkarteak bat egin zuten. Ekimenaren hastapenak, arestian aipatutako Zornotzako Topagunean, kokatzen dira. Topagune honen barruan gizarte eredu kulturalaren inguruko hausnarketa gune bat izan zen. Bertan etorkinek eta euskalgintzako eragileek bildu ziren, jarraian zehazten den planteamenduaren inguruko eztabaida eta hausnarketa garatzeko: kontutan hartuta Euskal Herrian ematen den kultura aniztasuna, nola bermatu euskara eta euskal kulturaren normalizazioa. Inmigrazioak planteatzen dituen erronkak.

Eztabaidan bildutakoek, elkar ezagutzeko parada izan zuten, eta gaian sakontzeko elkarlanean gaiaren inguruko formazioa eta informazioa helburu izango zuen jardunaldi batzuk antolatzea adostu zuten. Handik aurrera, Fundazioak jardunaldi horiek gauza zitezen ekimena koordinatu eta dinamizatzearen ardura beregain hartu zuen. Ekimen honen baitan bi jardunaldi antolatu ziren:

  • Mundua Euskal Kulturan jardunaldia, 2002ko azaroaren 23an Martin Ugalde Kultur Parkean egina. Dosierra:
  • Hezkuntza sistemen elkar trukea: Euskal Herria eta jatorrizko herriak jardunaldia, 2003ko azaroaren 29an Gasteizko Europa Jauregian egina. Dosierra:

Euskal Herriko Gizarte Foroa

2002ko udazkenean hasi, eta 2003ko ekaina bitarteko iraupena izan zuen prozesuak. Ibilbide honetan talde ugarik parte hartu zuten sortze prozesuan, nahiz ekainaren 27-28-29an antolatu zen EHGFaren I. Topaketetan. Ekimenak iraun zuen bitartean Joxemi Zumalabe Fundazioak idazkaritza eta koordinazio lanak burutu zituen.

Fundazioaren ekimenak gaur egun

2010. urtean abiatu zen gogoeta biribildu ostean, 2012ko otsailean Zarauzko Putzuzulo gaztetxean burututako ekitaldia izan genuen fundazioaren garai berriaren abiapuntua.

Pentsa dezagun geurea! izan zen ekitaldi horretarako aukeratu genuen leloa. Baina lelo batetik haratago, herri mugimendu indartsu eta eraginkorra izatea ezinbestekotzat jotzen zela azpimarratu zen. Herriak eta herritarrak beraien historiaren subjektu izatea nahi baldin bada, bere kabuz antolatuta egotea nahi eta nahiezeko baldintza dela alegia.

Dabilen harriari goroldiorik ez

Joxemi Zumalabe Fundazioak EHko hainbat herri eragile eta berrehun bat banakakorekin batera 2012.urtetik 2014.urte arte burutu zuten gogoeta. Ekimenaren helburu orokorra herrigintzan diharduten taldeen barne antolaketa, funtzionamendu eta parte-hartzeari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatzea izan zen. Horretarako herri mugimenduen jarduerak begirada kritikoz aztertzea izan zuten xede, aritze horretan modu horizontal, parekide, anitz zein askatzaileagoak bultzatzeko asmoz.

Gogoeta kolektibo honetan ateratako ondorio, kezka eta galdera berriak modu kolektiboan idatzitako liburu batean jaso zituzten. Horrekin batera, antolakuntzaren eremuan esperientzia interesgarriak izan dituzten eta gogoeta prozesuan parte hartzeko aukerarik izan ez duten hainbat eragile zein norbanako elkarrizketatu ostean, testigantza guztiak elkarloturik, dokumental bat ere sortu zuten. Horretaz guztiaz gain, herrigintzan diharduten taldeentzako Tresna Kutxa eratzeari ekin zitzaion.

Liburu eta dokumentala 2014ko udaberrian aurkeztu ziren.

Gogoeta fase honetatik, jarraian, borroka molde eta kultura politikoaren inguruko gogoeta bat abiatu zen.

Bor-Bor(K) Herri Jakintzen Laborategia

Egitasmo honek Herri Mugimenduen saretzea, elkar ezagutza eta esperientzien trukea bultzatzeko elkargune bat izan nahi du. Mugimenduen eragiteko ahalmena zein jakintzak sortzeko gaitasuna hobetzea ipar izanik, herri jakintza teoriko zein praktikoak iturri izango dituen formazio eredu askatzaile baten bidean urratsak emateko ahalegina alegia.

Jakintzaren Eraikuntza Kolektiboa du oinarri formazio proiektu honek eta bertatik jardungo du formazio politikoa berrezaugarritzeko asmoz. Bide horretan, jakintzak egi anitzetatik eraikitzeko bitartekoak jarriko ditu. Eta beraz, esperientzia eta praktikei lekua eginez, formazio politiko integrala sustatuko du (ez soilik transmisio ideologiko/historikoa).

Herri eragile anitzen partaidetzatik eta zapalkuntza guztien ikuspegitik egin nahi da bidea. Eta horretarako zapalkuntzen intersekzionalitatetik abiatuz, borroka eta zapalkuntzen hierarkizazioa baztertuko ditugu hasieratik.

Pentsatu, izan eta ekitearen berriztapenean sakontzea ere du xede BOR BOR (K)k. Militantzia Kultura askatzaileagoen bidean urratsak eta hausnarketak ematea alegia. Zentzu horretan, ahalduntze pertsonal zein kolektiboa sustatuko duten metodologiak formazio prozesu osoan zehar-lerro dira.

Baina BorBor(K) Herri Jakintzen Laborategiaren baitako esperimentuak:

  • Biltokia. Ikastaroetan erabili eta ikasi diren material, dinamika eta bestelako tresnak jendarteratzeko tresna kutxa birtuala.
  • Gatza eta Perrexila. dinamizazio eta bideratze ikastaroa (prestaketa fasean) herri mugimenduetan baliagarria izango den ikastaroa; 2019an ikastaroaren lehenengo edizioa izatea espero da.
  • Bazkalondoa. Bidean ikasi dugun guztia jendarteratu eta konpartitzeko asmotan, ikasketak eta sistematizazio lanak bilduko dituen espazioa.
  • Murtxikatuz. Formazio politikoa berrezaugarrituz, hemengo eta munduko proposamenak ezagutu nahi dituen eztabaida taldea da; talde honek eztabaida piztu, zabaldu eta jardunaldiak antolatuko ditu.

Dinamizazioak

Kolektibo eta mugimenduetatik prozesuen diseinu eta “dinamizazio” lanetarako iristen diren laguntza eskaerei erantzutea Joxemi Zumalabe Fundazioaren nahietako bat da. Izan ere, kolektiboen barne gogoetetan eta beraien arteko elkarlan zein artikulazio prozesuetan laguntzea ardatz nagusietako bat bilakatu nahi da. Deialdiak, bileren dinamizazioa, aktak, zirriborroak eta gogoetatutakoaren itzulera dokumentuak prestatzea dira egiten ohi diren lanak.

Lan horiek baina, pedagogia emantzipatzaileetan oinarritzen diren printzipio politikoekin bat datozen irizpideetan oinarrituz. Besteak beste, dinamizazio prozesuetan alde arrazionalaz gain, alde erlazional eta emozionala ere mahaigaineratuz, gorpuztasuna eta ludikotasuna prozesuetan iraunkorki integratuz eta kide eta herritar ororen parte hartzea bermatzeko bitartekoak sortuz.

Zentzu horretan, jakintzaren eraikuntza kolektiboari, talde lanari, prozesuetan bertan gauzatzen diren botere harremanei zein erabakitze moduei arreta berezia eskaintzen zaie. Herri eragile ezberdinen barne funtzionamendua indartuz eta partaide diren kideak dinamizazio lanetan ahalduntzea eta trebatzea landuz:

Hona hemen lan ildo horren barruko prozesu eta ekimen batzuk:

  • EHko Gutun Sozialaren eraikuntza prozesua
  • Astra Kultur Fabrika Sozialeko gogoeta prozesuak
  • Kaskagorri Konpartsaren parte hartzeri buruzko barne gogoeta
  • Donostiko Piraten Kofradien gogoeta
  • Frackampadaren antolaketan zaintzaren gogoeta
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Partaidetzari buruzko barne gogoeta
  • Bilboko Alternatiben Herria
  • Euskararen Kontseiluaren Herri Aktibazioari buruzko barne gogoeta
  • Gipuzkoako Baserria XXI elkartearen sorrera prozesua

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.