Joxe Migel Zumalabe
Joxe Migel Zumalabe Mendiburu (Donostia, 1906ko irailaren 24a – 1992ko otsailaren 12a) XX. mendeko matematikari, irakasle, aparejadore, lexikografo, euskaltzale eta pintorea izan zen.[1][2]
Joxe Migel Zumalabe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1906ko irailaren 26a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1992ko otsailaren 12a (85 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea, aparejadorea, margolaria eta lexikografoa |
Oro har, kultur eragilea ere izan zen. Bera izan zen UZEIren lehen lehendakaria bost urtez (1979-1983). Euskaltzain urgazle ere izan zen. Koro Zumalabe Goenaga da alaba eta Josemi Zumalabe Goenaga semea.
Bizitza
Lizentziatura lortu zuen Zientzia Zehatzetan Zaragozako Unibertsitatean, eta arkitekto teknikoaren titulua ere lortu zuen Madrilgo Unibertsitatean.
Bergaran matematika eta marrazketa irakaslea izan zen. Gerra zibilean beste irakasle batzuekin batera espedientea zabaldu ziotenean, Donibane Lohizunera ihes egin zuen. Gerra bukatu ondoren handik itzuli zenean irakasle jarraitu zuen 1950 inguru arte.
Ordutik aurrera eta 70eko hamarkadaren amaiera arte eraikuntzan lan egin zuen, besteak beste, Arantzazuko santutegian aparejadore.
Margolaria
Zumalabe buru-belarri murgilduta egon zen Donostian gerra aurreko hamarkadan sortu zen giro artistiko interesgarrian. Garai hartakoak dira bere margolan ezagunenak: San Telmo Museoan, Kutxa fundazioan edo Gordailuan aurki ditzakegu, besteak beste.
Gerra ostean egin zuen ibilbide piktorikoa ezagutarazi zuten familiak eta Bergarako udalak 2023an Arostegi aretoko erakusketa batean: figuratibotik abstrakzio geometrikora doan bilakaera artistiko oparoa.[3] Serge Poliakoff margolari frantses-errusiarraren erakusketa bat ikusi izana erabakigarria izan zitzaion, mugarri handia izan zen Zumalaberentzat eta beste pauso bat eman zuen.[4]
Bizi osoan zehar margotu zuen 1992an hil zen arte.[3] Familiak berrehun bat obra ditu katalogatuta. Horietako 30 bat egon ziren ikusgai 2023an Bergarako Aroztegi aretoan.[4]
Euskaltzale eta euskaltzain urgazlea
Euskararen arloan eragiten ere nabarmendu zen, besteak beste jarduera hauetan: [3]
- 1959-1960: Donostiako Santo Tomas Lizeoaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat izan zen 1959an,
- 1963: Zeruko Argia aldizkaria astekari gisa berpizteko lanetan partaide,
- 1973: Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1973ko maiatzaren 25ean.[1]
- 1977: UZEIren lehen lehendakaria izan zen. Hasera hartan zuzendaria Joseba Intxausti izan zen.
UZEIko hiztegi terminologikoak
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean euskararen aldeko mugimendua indartzen ari zen, eta irakaskuntza-sistema propioaren aldarrikapenarekin batera euskara arlo guztietara egokitzeko ahalegina azpiegitura linguistikoa finkatzera bideratuta zegoen. Une hartan proiektu ezin erakargarriago bat gidatu zuen Joseba Intxaustik: UZEI sortu zuen 1977an, hau da, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkartea.[6][7]
UZEIren lehenengo proiektu handia jakintza-arlo nagusietako hiztegi teknikoak prestatzea izan zen, euskarazko terminologia-lanari bultzada emateko asmoz. UZEIk Jakinek 1976 argitaraturiko Natur Zientziak hiztegia hartu zuen eredutzat, eta arlo bakoitzeko aditu espezialista euskaldunak elkartu zituen lankidetzan beren arloko hiztegi teknikoak osatzeko, terminoak lau mailatan antolaturik: lehen mailan, arloko enborrezko atalei buruzko artikulu entziklopediko luzeak; bigarrenean, kontzeptu nagusiei buruzko azalpenezko artikulu konkretuak; hirugarrenean, arloko termino giltzarrien definizioak; eta laugarrenean arloko terminoen zerrenda eleaniztuna, euskarazko terminoarekin batera gaztelania, frantses eta ingelesezko termino baliokideak bilduz. Egitura berbera izan zuten hiztegi guztiek.[7]
Sortutako hiztegiok funtsezkoak izan ziren euskaldunen komunitate akademikoa sortu eta finkatzeko. Lankide-sareak sortu ziren espezialitate bakoitzean; emaitza ez zen izan izan hiztegiak egoitea besterik gabe, jendea trebatzea ere lortu zen. Fisika hiztegian, adibidez, egile guzti hauen artean sortu zen sare bat: I. Añon, L.M. Bandres, J.M. Bujanda, M.J. Erkizia, J.R. Etxebarria, X. Intxausti, J. Iturbe, X. Larrea, A. Sagarna, J. Sukia, I. Tapia, K. Zalbide eta M. Zalbide.[7]
Gerora, hasierako hiztegi haiek garatuz eta osatuz joan ziren, baita datu-base terminologiko bihurtuz ere. Fisikaren arloaren adibidearekin jarraituz, beste bi hiztegi sortu dira geroago: Energiaren hiztegi entziklopedikoa (2000)[8] eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (2009). Bigarren horretan berrehundik gora espezialistak hartu zuten parte, zientzia eta teknologiako 23.000 kontzeptu landuz eta 607 artikulu entziklopediko idatziz; bistan denez, hasierako UZEIko hiztegiek komunitate zientifiko euskalduna sortu ahal izateko hazia izan ziren.[7]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. «Zumalabe Mendiburu, Jose Miguel» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-20).
- Zeberio Lekuona, Larraitz. (2023-10-03). «Joxe Migel Zumalabe, pintura figuratibotik abstrakzio geometrikora - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-20).
- Joxe Migel Zumalabe (erakusketa). Bergarako Udala.
- Zeberio Lekuona, Larraitz. (2023-10-03). «Joxe Migel Zumalabe, pintura figuratibotik abstrakzio geometrikora - Bergara» Goiena.eus (Goiena) (Noiz kontsultatua: 2023-11-20).
- lkontratua90. (2019-06-20). UEU-JRE-ekainaren 21eko hitzaldia_aurkezpena_20. (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
- #LarretikNoranahi dokumentala. (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
- «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- Antton, Gurrutxaga. (2002-01-07). «Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa on line» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
Ikus, gainera
- Zerrenda:Euskal_hiztegiak
Kanpo estekak
- Jose Migel Zumalabe Mendiburu. Auñamendi Entziklopedia
- Joseba Intxausti: "Mirari bat da garai batetik hona Euskal Herrian gertatu dena" Miel Anjel Elustondok egindako elkarrizketa (Argia, 2005-05-01)