Jovanka Radivojević

Jovanka Radivojević (serbieraz zirilikoz: Јованка Радивојевић) ezizenez Kica (Кица) –Prizren, Jugoslaviako Erresuma, 1922ko irailaren 16-Kosovska Mitrovica[1], Okupaziopeko Serbia, 1943ko uztaila-, serbiar eta jugoslaviar partisano bat izan zen. Gestapok atxilotua, eraila eta toki ezezagun batean lurperatua, gudaren ostean Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua izan zen.

Jovanka Radivojević
Bizitza
JaiotzaPrizren, 1922ko irailaren 16a
Herrialdea Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista
HeriotzaKosovska Mitrovica (hiria), 1943ko uztaila (20 urte)
Jarduerak
Jarduerakpartisanoa
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Gazte-aroko urteak

Metohija eskualdeko Prizrenen jaioa, gaztetatik izan zuen komunismoarengan interesa, eta eskolan ari zela, Radivojevićek Gazteria Komunistarekin bat egin zuen. 1939an Jugoslaviako Alderdi Komunistaren kide egin zen[2][3].

1940ko Maiatzaren Lehenerako propaganda prestaketetan, bere anaia Aleksandar Radivojević atxilotu zuten (iturri batzuen arabera, Jovanka bera ere atxilotua izan zen[4]). Horren kontrako protestan, Skopjen gazte komunistak gose greba egin zuten, tartean Jovanka Radivojević berak. Hori dela eta eskolatik bota zuten eta Peć hirira joan zen, baina han ere eskolatik bota zuten. Handik Tetovo hirira joan zen (egun, Ipar Mazedonia)[2][3][5].

Partisanoa

Hasierako misioak

1941ko apirilean Ardatzeko potentziek Jugoslavia inbaditu zutenean, bai Tetovo parte zen Mazedoniako Mendebaldeko eskualdea, zein Kosovo-Metohijako parterik handiena Albaniako Erresumara anexionatu zituzten. Egoera hau izan zela Radivojević Prizrenera itzuli zen (antza denez abuztuan, beste hiru emakumerekin, Jelica Stamenkovićekin, Tankosava Simićekin eta gerora ere Jugoslaviako Herriko Heroi titulua eman zioten Katarina Patrnogićekin batera[6]), non partisanoen aldeko lan klandestinoa egin zuen, askotan Prizren eta Uroševac hirien artean; azken herri honetako zelula osatu zuen Vidra Kovačevićekin batera[4][7]. Prizreneko Gazteria Komunistaren idazkaria izan zen, eta horrez gain, Prizreneko Alderdi Komunistaren komiteko kide ere izan zen[2][3] (beste emakume bat ere kide izan zen, Leposava Mišić)[6]. Jovanka Radivojevićen lana, Mišićekin eta Radmila Ajtićekin batera, komunikazio zerbitzua ezartzea zen, Moskutik emititzen zen irrati partisanoa entzun zedin, horretarako Spiro Mojsićen etxea baliatzen zuten. Zerbitzu honek Sredska herrian zegoen Mileva Lalićekin kontaktatzen zuen, honela Hego Serbia osoan entzun zedin[5]. Iturri batzuen arabera, 1941ko urrian bai Jovanka Radivojević, bere anaia, bere aita zein Katarina Patrnogić atxilotuak eta kartzelan jipoituak izan ziren, baina askatu behar izan zituzten, ezer ez esan ez zutenez gero, ebidentziarik ez zutelako[8]. 1942ko maiatzean Kosovo-Metohijarako Gazteria Komunistaren idazkari izan zen[5].

Ardura politiko handiagoak hartzea

Kosovo-Metohijako egoera oso zaila izan zen partisanoentzat; izan ere, okupazioaz gain, herrien arteko zatiketa ere gainditu behar baitzuten. Azken arazo honen adierazgarri izan zen albaniarrak hasiera batean okupazioaren eta honek ekarritako albaniar irredentismoaren aldekoak izana, eta beraz partisanoen oso kontrakoak, edo asko jota, mesfidati izatea; ondorioz partisanoek soilik serbiarren artean errekrutatu ahal izatea[9][10][11][12]. 1942ko bukaeran, Radivojević Uroševac herrira aldatu zuten, non Jugoslaviako Alderdi Komunistaren Kosovo-Metohijarako Komiteak egoitza hartuta zuen, Radivojević bera kide zelarik[2][3][5]. Uroševac hiriak Alderdi Komunistarentzat garrantzia handia izan zuen Kosovo-Metohijako albaniarrekiko hurbilketa egiteko: bertan errekrutatu zuten 1942ko bukaeran lehen albaniar brigada, hogei eta zortzi partisanorkein[13]. Hala ere, albaniarrak masan errekrutatzea zen berehalakoan etorri, 1943an Svetozar Vukmanović “Tempo” buruzagi komunistak idatzi zuen “albaniarrek serbiarrekiko txobinismo handia” zutela. Albaniarren eta eslaviarren arteko lehen brigada mistoak 1943an sortu ziren, baina ez Kosovo-Metohijan, Mazedonian baizik. Kosovo-Metohijan lehen brigada mistoak 1944an agertu ziren[14].

1942ko bukaeran –edo iturri batzuen arabera, 1943ko hasieran[15]- Jovanka Radivojević Kosovska Mitrovica hirira aldatu zuten (egun Kosovo-Metohijaren parte bada ere, II Mundu Gudan Albaniarako anexiotik at geratu zen eta Okupaziopeko Serbiaren parte izan zen[16]). Danica Jaramaz eta Dobrila Sekulović izan ziren Radivojevićen estalki edo babes hiri hartan. 1943ko maiatzean, Kosovo-Metohijan borroka partisanoa aurrera eramatea erabaki behar zuen mitin garrantzitsu batean hartu zuen parte[2][3].

Jovanka Radivojević Gestapok atxilotu zuen, misio sekretu bat egiten ari zelarik, dokumentu batzuek zeramatzala[2][3][5]. Atxiloaldian tortura jasan zuen, baina ez zuen deus ez esan. Naziek hil egin zuten (Danica Jaramaz kide hurkoarekin eta bete 32 kiderekin batera –tartean beste bost emakume-[17]) eta toki ezezagun batean lurperatu zuten[2][3].

Oroimena

1953ko uztailaren 6an, Jugoslaviako Herri Errepublika Federaleko lehendakari Titoren dekretu baten bidez Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten.

Prizrenen bigarren hezkuntzako eskola bat zegoen Radivojevićen omenez, egun eskola hori “Gjon Buzuku” deitzen da[18][19].

Erreferentziak

  1. Bai Prizren eta bai Kosovska Mitrovica egun Kosovo-Metohijan daude. 2008an, bertako agintariek partzialki aintzatetsitako Kosovoko Errepublikaren independentzia aldarrikatu zuten. Egun, Estatu batzuek hura aintzatesten dutenez, hiriok Kosovoko Errepublikaren parte bezala harten dituzte, beste Estatu batzuek Serbiaren baitako Kosovo-Metohijako Probintzia Autonomoaren parte hartzen dituztelarik.
  2. (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak).. Zagreb: Spektar.
  3. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни Хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). 2 Belgrad: Народна Књига (Herriaren Liburua).
  4. (Serbokroazieraz) GAŽEVIĆ, Nikola. (1974). Војна енциклопедија (Entzikopedia Militarra). 7 Belgrad: Jugoslaviako Argitaletxe Militarra.
  5. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 855 or..
  6. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 854 or..
  7. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 865 or..
  8. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 855 eta 863 or..
  9. (Ingelesez) VICKERS, Miranda. (2008). Between Serb and Albanian. A History of Kosovo. AEB: Columbia University PresS, 123-126 eta 128-130 orr or..
  10. (Ingelesez) TRBOVICH, Ana. (2008). A legal geography of Yugoslavia Disintegration. New York: Oxford University Press, 140 or..
  11. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 109 or..
  12. (Ingelesez) MILAZZO, Matteo J.. (2019). The Chetnik Movement and the Yugoslav Resistance. Baltimore (AEB): Johns Hopkins University Press, 111-112 or..
  13. (Ingelesez) VICKERS, Miranda. (2008). Between Serb and Albanian. A History of Kosovo. AEB: Columbia University Press, 128 or..
  14. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press., 75-77 or..
  15. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 892 or..
  16. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 33 or..
  17. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 885 eta 922 or..
  18. (Serbokroazieraz) «“Generacijo moja “Jovanka Radivojević Kica” 1997, Nada H.”» prizren.org.rs.
  19. (Ingelesez) Gjon Buzuku Midddle School (Prizren). wikimapia.org.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.