Josep Guinovart
Josep Guinovart (Bartzelona, 1927ko martxoaren 20a - ib., 2007ko abenduaren 12a) kataluniar margolari, marrazkilari eta grabatzailea izan zen.
Josep Guinovart | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bartzelona, 1927ko martxoaren 20a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bartzelona, 2007ko abenduaren 12a (80 urte) |
Hobiratze lekua | Cementiri de Sant Gervasi (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, marrazkilaria eta Irarlea |
Lantokia(k) | Bartzelona Paris eta Bartzelona |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Grup Taüll |
1948an egin zuen lehenengo erakusketa, Bartzelonako Syra galerietan. 1952an Parisen ikasketak sakontzen izan ondoren, muralak, antzerki-lanetarako dekorazioak, liburuetarako irudiak, kartelen diseinuak eta abar egiten hasi zen. Garai hartan egin zituen lanen artean, Lorcaren Bodas de Sangre obrarako eszenografia eta Salvat Papasseiten Poesies libururako irudiak dira aipagarrienetako batzuk. 1976tik aurrera grabatuak ere egin zituen. Harrezkero, Guinovartek erakusketa askotan parte hartu zuen, Espainian, Europan eta Estatu Batuetan. Haren obra aldi figuratibo jakingarri batetik abiatu zen, surrealisten eta kubisten eraginpean: Sorpresa (1951), Familia (1952). Gero, arte abstraktuak eta informalismoak perspektiba berriak zabaldu zituzten bere estetikan, eta esperimentuak egiten hasi zen, erretako egurrezko egiturak, zaborretara botatako objektuak, kutxak, estalki polikromoak, ikurrak eta abar erabiliz, artistaren adierazpen plastiko subjektiboaren eta bere ingurune bitalaren sinbolo, mamu eta kontraesanen artean halako elkarrizketa bat sortuz. Haren lanak museo askotan banatuta daude: Reina Sofía, Madril; Arte Modernoko Museoa, Bartzelona; Bilboko Arte Ederretako Museoa; Guggenheim Museum, New York; Museum of Modern Art, New York; Fine Arts Museum of Long Island, New York; Caixa de Pensions Fundazioa, Bartzelona.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Josep Guinovart |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.