Josefina Lamberto
Josefina Lamberto Ioldi (Larraga 1929 – Iruñea, 2022ko ekainaren 7a)[1] Nafarroako 1936ko errepresioko biktima izan zen, eta biktima horien oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko ekintzailea. Larragan bere aita Vicente Lamberto sindikalista eta ahizpa Maravillas Lamberto, 14 urterekin bortxatua eta erahila, hil zituztelarik matxinatu faxistek, gertaera horrek orduan zazpi urte zituen Josefinaren bizitza markatu zuen; eta 20. mendeko azken laurdenean, hildako senideen memoriaren erreibindikatzailea bilakatu zen[2].
Josefina Lamberto | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Larraga, 1929 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Bizilekua | Larraga Karatxi Madril Iruñea |
Heriotza | Iruñea, 2022ko ekainaren 7a (92/93 urte) |
Familia | |
Aita | Vicente Lamberto |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania frantsesa ingelesa urdua |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista, moja eta volunteer (en) |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Biografia
1929an jaio zen Larragan; aita Vicente Lamberto UGTko sindikalista militantea zuen, eta ama etxekoandrea, Paulina Yoldi. Bi ahizpa nagusiagoren ondoren, hirugarren haurra izan zen Josefina. Bizitza xumea eta duina izan zuten Nafarroan Gerra Zibileko errepresioa hasi arte. 1936ko abuztuaren 15ean[3], aita hil zioten faxistek, eta ahizpa nagusia, Maravillas, bortxatu eta erahil zuten halaber. Familiako ondasun guztiak ere lapurtu zizkieten.
Ama Paulina jota geratu zen, baina aurrera egin zuen ahal bezala Josefina gaztearekin (7 urte orduan) eta bere ahizpa Pilarrekin (10 urte orduan). Ama eskean aritu zen lehenbizi[3], eta gero inoren etxeetan zerbitzatzen lan egin zuten hiruek, Josefinaren kasuan, bere adierazpenen arabera, Marvillasen bortxaketan parte hartu zuen Julio Redín delako baten etxean[2].
21 urterekin moja sartu zen Josefina, eta kongregazioak Pakistanera bidali zuen umezurztegi batean lan egitera[4]. Urteen buruan, moja izateari utzi, eta bizimodu hartan erakunde erlijiosoek oso gaizki tratatu zutela adierazi zuen. Pakistanen, bertako hizkuntzak ikasten ere ez zioten lagundu nahi izan, eta langile esplotatu bat sentitu zen gehienetan. Handik itzulera eskatu zuenean, ama gaixo zuelako, baimena atzeratu zioten eta ama hila zela itzuli zen Nafarroara.
Moja jarraitu zuen izaten Madrilen, 19 urtez, baina lanerako esplotatu bat zen, ez pobreen laguntzaile bat, eta 1996an fedea galdurik, bizimodu hura utzi eta Irulera itzuli zen. Laguntzeko bokazioa galdu gabe, azken urteak Iruñeko Erruki Etxean bizi izan zen, baina handik ere boluntario lana egiten zuen Paris 365 izeneko jantoki sozialean lagunduz[4].
Bere azken hamarkadetako lana izan zen halaber Nafarroako errepresaliatuen oroimen historikoa berreskuratzen laguntzea, bereziki bere ahizpa erailaren memoria erreibindikatuz. Insurgencia eta Florecica dokumentaletan eman zuen horren berri, adibidez.
Florecica estreinatu eta urte eta erdira, 2022ko ekainean hil zen Iruñeko Erruki Etxean[1].
Erreferentziak
- Arin, Nagore. «Josefina Lamberto hil da, oroimen historikoaren defendatzaile eta Maravillas Lambertoren ahizpa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-08).
- «'Pozik nago, baina ez guztiz'» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-08).
- «Moztuta ere hiltzen ez den lilia» Nafarroako Hitza 2020-09-18 (Noiz kontsultatua: 2022-06-09).
- (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Fallece 'Florecica', mucho más que la hermana de Maravillas Lamberto» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-09).