Josefina Campos

Josefina Campos Orduña (Azkoien, Nafarroa Garaia, 1942) modista eta memoria historikoaren ekintzailea. Errepublikanoen gorpuzkinak bilatzeko lan eskerga egin du eta, horregatik, 2022an, Karlos III.aren Domina eman zion Nafarroako Gobernuak.

Biografia

Lanbidez modista eta brodatzaile, ezkertiarra eta errepublikazale gisa aitortzen du bere burua. Espainiako Gerra Zibila haren familiak asko sufritu zuen. Nahiz eta katolikoak izan, frankistek amaren anaia hil zuten. Horrela azaldu zion Iker Tubiari kazetariari: "Uztailaren 22an hasi zen matxinada Azkoienen. Goizean goiz 33 gizon inguru agertu ziren herria zaintzeko, eta 25 lagun atxilo hartu zituzten. Guztiak hil zituzten urriaren 21ean; tartean, nire amaren anaia bat. Azkoiengo ehun andre baino gehiagori ilea moztu zieten, amari ere bai". Amaren mutil laguna ere hil zuten. Aita, bestetik, Ezkabara eraman zuten eta han sei hilabetez egon zen.[1] 14 urte zituelarik plastikoen enpresa batean lanean hasi zen. Ezkondu zenean lan hori utzi zuen; ondoren, Azkoienen, modista-tailerra sortu zuen. Oroimen historikoaren gaietan Jose Maria Jimeno Jurio ezagutu ondoren hasi zen; ikerlariak fusilatuen zerrenda prestatzen ari zen eta datu horiekin, batzutan, lurperatutako biktimen tokiak aurkitzen zituzten. Josefina Campos, diktadorea hil ondoren, lan horretan hasi zen. Talde bat sortu zuten helburu horrekin Nafarroan (Memoria duten Emakumeen Elkartea) eta Josefina hasieran familia kideen bila aritu zen. 2008an Los fusilados de Peralta (Azkoiengo fusilatuak) liburua plazaratu zuen.

Obra

  • Los fusilados de Peralta, la vuelta a casa (1936-1978): Operación retorno. Cd-Rom batekin dator. Iruñea: Pamiela, 2008, 382 or. ISBN:9788476815663.

Erreferentziak

  1. 46.or.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.