Joseba Tapia
Joseba Tapia Usabiaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) soinu jotzailea eta trikitilaria da. Kepa Junkerarekin batera, trikitiaren arloa gehien aldatu duten gaur egungo trikitilarietako bat da. Musika tradizionala berritzen dituen hainbat lan argitaratu ditu, adibidez Tapia eta Leturia Band, eta antzinako abesti asko berreskuratu ditu, tartean Karlistaldietakoak eta Espainiako Gerra Zibilekoak.
Joseba Tapia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lasarte-Oria, 1964 (59/60 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria |
Izengoitia(k) | Tapia |
Musika instrumentua | akordeoia eskusoinu txikia |
2022an Adarra Saria jasoko du bere ibilbide oparoagatik.[1]
Bizitza
Lasarteko Buenos Aires auzoan jaio zen, eta umetan hasi soinu handia ikasten, Bikondoaren akademian. Pentagramaren zurruntasuna ezin eramanik, handia utzi eta txikia hartu zuen. Eleuterio Tapia osaba izan zuen irakasle eta harekin hasi zen plazetan eta erromerietan. Hamazazpi urterekin azaldu zen lehen aldiz plazan bakarrik, 1981ean, Donostiako Igeldon. Euskal Herriko Trikiti Txapelketak irabazi zituen 1986an eta 1988an.
Zaldibobo (1992-94) eta Hiru Truku taldeetan aritu izan da, halaber.
1976tik dihardu Leturia pandero-jotzailearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean lehenik eta Tapia eta Leturia laukotean gero (Jexux Aranburu eta Arkaitz Miner ere lagun dituztela). Ibilbide horretan bederatzi disko kaleratu dituzte.
1998an hasi zuen bere bakarkako bidea, eta geroztik zazpi disko argitaratu ditu.
Diskografia
Bakarka
- Apoaren edertasuna Disko berezi batekin hasi zuen Joseba Tapiak bakarkako bidea: eskusoinua eta ahotsa, besterik ez, apoaren sinbologia batekoz bestera jarrita sorturiko ipuin-kantu nahaste ederra. Koldo Izagirre idazleak sorturiko istorio baten ardatzean biltzen dira doinu alaietan emandako kantu sotil, eder eta gaiztoak. Gaiztoak, bai. Horregatik uste ote dute askok haur kantuak direla? (Gaztelupeko Hotsak argitaratua, 1998)
- Québec: hamalau kantu independentziarako (Gaztelupeko Hotsak, 1999) Quebec urrun dago Euskal Herritik baina hurbil ere bai. Bazter batean, hotza eta elurra den herrialde gogorrean, quebectarrek eutsi egiten diote nortasunari, identitateari. Hizkuntza erraldoi bat dute auzo, independenteak izan nahi lukete… Quebeceko kantutegi modernoaren antologia da lan hau: Leclerc, Levesque, Vigneault, Léveillée, Charlebois, Piché… Itxaro Bordak eta Koldo Izagirrek moldaturiko bertsioetan. Kantaera berri bat proposatzen du Joseba Tapiak, malgutasun harrigarriz. [2][3] Paul Piché-ren Arraun kantarekin Musikaren Saria jaso zuen Madrilen.[4]
- Agur Intxorta maite (Gaztelupeko Hotsak, 2001)[5] Ezer ez geneukala uste genuen. Alegia, Eusko Gudariak eta ezer gutxi gehiago. Egunkari, aldizkari, paper zaharrak arakatuz eta oraindik bizirik zeuden zenbait gudariren laguntzaz, 1936-37ko Euskal Kantutegi Antifaxista aberatsaren erakusketa bikaina eskaintzen digu Joseba Tapiak, ohiko maisutasunez eta ezohiko maitasunez. (Gaztelupeko Hotsak argitaratua) 2003ko Metxa antzezlanean Joseba Tapiak zuzenean jotzen zituen sei kantu eta aktoreek abestu egiten zituzten. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek Agur Intxorta Maite diskokoak dira. Metxarengan gerrak eragin handia izan zuenez, abestiok bere bizipenen oihartzunaz zirela esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen urte batzuk.lehenago. Okasiorako, musika berria jarri zion Tapiak.[6]
- Real Politik (Zakurraren Biolina, 2006)[7] Estimatzen zituen testuei hitza jarri zien Real politik diskoan eta, horrez gain, lan hori autoekoitzi zuen. Josetxo Azkona, Koldo Izagirre, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Bilintx, Bertolt Brecht eta beste musikatu zituen.
- Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina, 2010)[8] Liberalen eta karlisten kantak grabatu ditu haizezko bi talderekin disko honetan. Karlisten bandan tronpeta, saxoa, tronboia, tuba eta jazpana jotzen zuten. Liberalenean tronpeta, saxoa, bonbardinoa, tuba eta jazpana. Klarinetea ere azaltzen da kanta batzuetan.
- Tximela Kapitainaren izarrak (Zakurraren Biolina, 2013)[9]
- Besamotzak (Gaztelupeko Hotsak, 2017)[10]
- Zorrotzako portuan aldarrika (Gaztelupeko Hotsak / Lokatzetan play, 2018)[11]
- Tranpaldo (Zakurraren biolina, 2019)[12]
- Egon edo ez egon (Zakurraren biolina, 2021)[13]
Taldeetan
- Tapia eta Leturia taldearen diskografia
- Euskadiko Trikitixa Txapelketa (IZ, 1986)
- Jo eta Hautsi (Elkarlanean, 1987)
- Euskadiko Trikitixa Txapelketa (IZ, 1988)
- Tapiatarren Trikitixa (Elkarlanean, 1989), familian eginiko diskoa, osabekin eta lehengusuarekin batera.
- Juergasmoan (Elkarlanean, 1990)
- Dultzemenoa (Elkarlanean, 1992)
- Tapia eta Leturia Band (Elkarlanean, 1995)
- Canada Tour (1996), Dultzemeneoa diskoaren Kanadarako edizio berezia.
- Tapia eta Leturia Band: "Ero" (Elkarlanean, 1997)
- 1998 (2 CD) (Elkarlanean, 1998)
- Bizkaiko Kopla Zaharrak (Elkarlanean, 1999), Xabier Amurizarekin.
- Hain zuzen (Gaztelupeko Hotsak, 2002)
Sariak
- 2022: Adarra saria. Donostiako Udalak Donostia Kulturaren bitartez ematen du saria, eta artistaren ibilbideari gorazarre egitea du helburu.[14]
- 2001: Musikaren Saria jaso zuen Madrilen, SGAE (Sociedad General de Autores y Editores) eta AIE (Asociación de Intérpretes y Ejecutantes) erakundeek banatzen dute sari hori. Paul Piché-ren Arraun kantagatik irabazi zuen saria.[4] Québec: hamalau kantu independentziarako diskoan argitaratu zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999).
Irudi galeria
- 1985
- 1994
- 2012
- 2019
- 2019
Erreferentziak
- Sarasola, Andoni Imaz-Ainhoa. «Joseba Tapiari emango diote aurten Adarra saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- «Québec: hamalau kantu independentziarako» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-01).
- Erostarbe, Gorka; Koch, Edurne. (1999-12-01). Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-06-01).
- (Gaztelaniaz) Cubillo, Igor. (2001-03-27). «Joseba Tapia espera que el Premio de la Música le sirva para abrir nuevos mercados» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-06-01).
- Txiribita. (2007-05-07). Joseba Tapia - Agur Intxorta Maite (2004). (Noiz kontsultatua: 2017-10-11).
- Garate, Katixa. (2003-03-16). «HERRENKA, BAINA KORRIKA EGITEN DU NIKOLAK» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
- Txiribita. (2009-03-05). Joseba Tapia - Real Politik (2006). (Noiz kontsultatua: 2017-10-11).
- Eta tira eta tunba. (Noiz kontsultatua: 2017-10-11).
- Tximela kapitainaren izarrak. (Noiz kontsultatua: 2017-10-11).
- Besamotzak. (Noiz kontsultatua: 2017-10-11).
- Zorrotzako portuan aldarrika. .
- Tranpaldi. .
- «Egon edo ez egon» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
- Berria. «Adarra saria jaso du Joseba Tapiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-21).