Joseba Altuna

Joseba Altuna Aldasoro (Indautxu, Abando, Bilbo, Bizkaia, 1887ko abenduaren 7a - ib., 1971ko uztailaren 27a) euskal idazlea izan zen, Amilgain goitizenarekin ere ezaguna zen. Gerra aurreko euskararen sustatzaileetariko bat izan zen. Euskaldun berria, euskara-irakaslea, garaiko aldizkarietako kolaboratzailea, itzultzaile oparoa eta Pizkundeko ekintzailea XX. mendearen hasierako Bilbo gorabeheratsu hartan.[1][2][3]

Joseba Altuna

Bizitza
JaiotzaBilbo, 1887ko abenduaren 7a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1971ko uztailaren 27a (83 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Literaturaren Zubitegia: 526

Itsas Makinisten Elkarte Nagusian hasi zen administrari-lanetan; irakaskuntzan 1918an hasi zen, Bilboko Muxika udal-eskolan euskara-irakasle, eta 1920an Bizkaiko Aldundiko Euskal Hizkuntzaren Katedrako irakasle izendatu zuten. Inés Okamikarekin ezkondu zen 1915ean, eta 6 seme-alabaren gurasoak izan ziren. Gerran, Posta kaleko 7an zeukaten etxea bonbardatu zuten; etxea ez zuten berreraiki gero; Plaza Barriaren inguruan dagoen etxe-hutsune bakarrean zegoen etxea, Posta kalera ateratzeko irteeran. 1937an Leizaola abian jarri zuen Kulturaren Euskal Kontseiluko partaide izendatu zuten. Gerraren ondoren, Katedran bere postutik garbitu zuten, eta gerraostean aseguruen salmentatik bizi izan zen, nahiz eta euskara-klaseekin jarraitu zuen bere etxe partikularrean, artean Erribera kalean.[4]

Gazterik ekin zion euskara ikasteari eta sustatzeari. Gero, irakasle-lanpostua eskuratuta, irakasten ez eze, hainbat literatura-lan itzultzen ere jardun zuen, euskarazko irakurgaiak sortzeko eta irakurzaletasuna suspertzeko asmoz.[1]

Alaba nagusia, Libe Altuna Okamika (1916-1993), Bizkaiko ikastolen mugimenduaren bultzatzailea izan zen, eta 1968an Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarrean parte hartu zuten lau emakumetako bat izan zen (besteak Julene Azpeitia, Julita Berrojalbiz eta Miren Goñi izan ziren).[5][6]

« Neure bixitzan beste bat idoro dot aren antzekua. «Amilgain» eta «Kirikiño» euzkel-idazlien arteko mattagarrijanak ixan yataz, bata bixi da, bestia il zan. Bixi danari goralbenik egitia ez ei-da egoki, baña bua goralben au, ain aipagarri dan «Amilgain» onari.  »

Lauaxeta (1932, "Azalpenak eta beste")[7][1]

Lanak

Itzulpena

  • Esopo'ren Ipuñak (1921, Euzko-Deya) Hauexek dira Esopo idazle greziarraren euskaratutako ipuinak: «Otsua ta txakuŕa»; «Eŕbiñudia ta sagubak»; «Otsua ta bildotsa»; «Otsua ta amianua»; «Ollaŕa ta pitxija»; «Saguba»; «Ugarixua ta miruba»; «Luna»; «Beya, auntza ta aŕdija»; «Belea ta lukija»; «Gixona ta sugia»; «Txakuŕa ta okelazatija»; «Auntza, auntzumia ta otsua»; «Lugiña ta sugia»; «Arakiña ta arijak»; «Eskubak, oñak eta sabela»; «Agurea ta semia»; «Mercurio ta eguŕgiña».[1]
  • Joseba Altunaren "Ipuñak" liburuaren azala
    Oskar Wilde'ren Ipuñak (1927, Verdes-Atxirika)[8] Gaztelaniatik itzuli zituen, honako izen hauekin itzuli zituen Oscar Wilde idazle anglo-irlandarra ipuinak: «Bakaldungai zorijon tsuba», «Uŕe txindoŕa eta laŕosa», «Eŕaldoi berekoya», «Benetako adiz kidia», «Ziziriko ospe tsuba» eta «Ume ixaŕa».[1]
  • Grimm anayak. Ipuñak (1929, Verdes-Atxirika). Lau lauŕlekotan (pezetatan) salgai jarri zuten.Grimm anaienetik itzulitako Ipuinok hauek izan ziren, hamalau: «Antxumiak eta otsua»; «Eduŕne Zuriñe»; «Txanotxu goŕija»; «Jone zuŕa»; «Oyaneko etxetxuba»; «Eduŕzuriñe ta Loragoŕiñe»; «Amordia, aŕantzalia ta emaztia»; «Buru argija»; «Brema´ko abeslarijak»; «Bakaldun belea»; «Guzuŕa aŕua da»; «Lo luzia»; «Zorigaiztokua».[1]
  • Afanasiev'en Ipuñak (1930, Euzkerea). Aleksandr Afanásiev idazle folkloriko errusiarraren ipuin hauek itzuli zituen besteak beste : «Aberien negutia»; «Bei goŕija», «Iban eta Elene»; «Lugiña, atza ta zeijaŕa»; «Berloka eŕaldoya»…[1]
  • Joseba Altunak itzulitako "Urretxindorra" liburuaren azala (Manu Sota, 1934).
    Manu Sotaren antzerki-lan hauek euskaratu zituen: Itxaro-ixaŕa (Euzkerea, 1931), Oztin (Euzkerea, 1932), Negaŕez igaro zan atsua (1923an Nobel saria jaso zuen W.B. Yeats-en kondaira batean oinarritua) (Verdes-Atxirika, Bilbo, 1933), Uŕetxindoŕa (Verdes-A txirika, Bilbo, 1934) eta Buru-zagijak (Verdes-Atxirika, Bilbo, 1935).[1]

Itzultzaile aitzindariak

Joseba Altunaren ekarpenik handiena, bereziki, haur- eta gazte-literaturaren alorrean kokatu zen. Izan ere, euskaratutako haur- eta gazte-literaturaren corpusari begira, gerra aurreko itzultzaile emankorrenetako bat izan zen. [1]

Gerra aurreko urteetan berebiziko tokia hartu zuten itzulpen-lanek. Harrigarria da ikustea urte bertsuetan zenbat lagun ibili ziren testuak itzultzen hain euskara-eredu desberdinetan. Garai hartan Sabino Aranaren joera garbizalea zen nagusi hizkuntzaren arloan, baina harekin batera beste joera herrikoiago batek ere egin zuen bere bidea. Orixe da joera horren adibide argia, Manu Lopez Gaseniren hitzetan «zentzuaren itzulpena» delakoaren defendatzailea. Villasanteren berbetan, Orixek bide hori jorratu zuen garbizaleei «frogatzeko herri hizkerarekiko eta hizkera tradizionalarekiko leial jokatuz idatzi zitekeela».[1]

Itzulpen-eredua ere garaiko ezaugarria da; izan ere, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskal itzulpenaren historia laburra egitean (1995) dioenez, sorkuntzaren eta itzulpengintzaren arteko mugak nahiko lausoak ziren eta gama oso baten barruan kokatu behar dira testu itzuliak: baliokidetza dinamikora nabarmen isuritako Orixeren eredutik Zaitegiren, Larrakoetxearen, Garroren, Altunaren eta abarren baliokidetza literalago eta pragmatika zaileko testuetaraino, tartean beste batzuen lanak kokatuta (S. Onaindia, G. Barandiaran, A. Ibinagabeitia).[1]

Berrikiago, 2003an, Genaro Gómez Zubia Grimm anaien euskarazko itzulpenak aztertu eta zenbait ondoriotara heldu da.[9] 1920-1940 urtealdian bi itzultzaile eta bi itzulpen aztertu ditu: Joseba Altunaren Ipuñak (1929) eta Alejandro Larrakoetxea Aita Ipolito edo Legoaldiren Grimm Anayen Ipuñak (1929).[1]

Itzulpenen funtzioei dagokienez, urte haietako itzulpenak «behar soziolinguistikoak eta behar pedagogikoak» asetzeko helburuarekin egin ziren, garai hartan euskarazko materialak sortzeko eta haurrentzako euskarazko prosa-corpusa osatzeko. Itzulpen-estrategiaz denaz bezainbatean, itzulpen «etxekotuak» dira Gómezen hitzetan; hau da, jatorrizko testua etxekotzen saiatu ziren itzultzaileak, adibidez, pertsona eta pertsonaien izenak egokituz. Estrategia horrek, beraz, euskal kulturari prestigioa eman nahia adierazten du. Gómezi jarraiki, 1929ko itzulpen etxekotuetan Pizkundeko kultur egitasmoaren isla eta garaiko ideologia abertzalearen zantzuak sumatzen dira: kultura propioaren aldeko aldarria eta erlijioa, batik bat. Wilderen ipuinetan ere «irakurle euzkeldunari» izeneko hitzaurrean argi eta garbi azaltzen dira Gómezen tesian azpimarratutako helburuak: «[...] Dana-dala, gure Ama Euzkereari opari txiki au egin gura ixan dautsot, orren biarra, biar andija gero! [...]».[1]

Hizkuntza-ereduaren hautuaz ere badihardu Gómezek, eta lanok egitasmo jeltzalearen testuinguruan ulertu behar direla azpimarratu. Eztabaida sutsuak izan ziren arren, denek, Aranaren aldekoek zein Azkueren aldekoek, izan bide zuten helburu bertsua: euskara goren mailara aupatzea. Altunak etxekoei askotan esaten zienez, «abarkak erantzi behar zitzaizkion euskarari», nor izan nahi bazuten. Joseba Altunak euskara modernizatzeko egin zuen ahalegina, beste idazle batzuentzat pizgarri izan zen seguru asko. Adibidez, Jurgi Kintanaren ustez (Urre urdinaren lurrina, 2009, 61.-62. or.), «oso litekeena da Lauaxetaren 1930eko “Neure larrosea” olerkia, Altunak 1927an itzulitako Wilde-ren “Urretxindorra eta larrosea” ipuinak inspiratzea.[1]

Izan ere, Altunaren eta haren bidelagunen xedea euskarak espazio berriak eskuratzea izan zen, eta horietako bat literatura-arloa izanik, berebiziko garrantzia eman zioten euskarazko irakurgaiak izateari eta, bide batez, munduko literatura euskaraz ere irakurtzeko abagunea zabaltzeari, nondik eta Bilboko kaleetatik..

« Garaiko giroari erantzunez, euskeraren alde jokatu zuen bipilki, bere izaera ere ortan ekiñ eta ekiñ ederto aberasturik. Bakoitzak bete bear du alik eta zeatzen dagokion egin-bearra, euskal arloan diot; eta Altuna ortan saiatua dugu, gizonki saiatua atan ere; euskera ikasi, argitu, erakutsi, auxe izan zan bilbotar errime onen zeregina  »

Santi Onaindia, 1975[1]

Batzuetan asmatu eta beste batzuetan huts egingo zuten, baina ezin ukatuzkoa da, bizi izan zuten garaiko mugak eta garaiko gizartearen ezaugarriak aintzat hartuta, benetako bidegileak izan zirela.[1]

Erreferentziak

  1. Altuna Gabiola, Ander. (2011). Joseba Altuna Aldasoro "Amilgain" : 1887-1971 Bizitzako zertzeladak. (1. argit. argitaraldia) Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servico Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 978-84-457-3166-6. PMC 879362725. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  2. Eguzkitza, Iñigo Roque. «bidegileak» Idazkola (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  3. Kortazar, Jon. «Bilbaopedia - Altuna» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  4. «Bilbaopedia - Joseba Altuna» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  5. Aranburu, Gotzon. (2018-09-30). «Euskara batua ere garrasi artean jaio zen» Zazpika (1027) (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
  6. Iraola, Arantxa. ««Benetan sinesten zuten»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  7. «Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»: Azalpenak eta beste 1932» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  8. Altuna, Joseba. (1927). «Oscar Wilde - Ipuinak» susa-literatura.com (Verdes-Atxirika. SUSA) (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  9. GomezZubia, Genaro. (2003). Grimm anaien Kinder-und Hausmärchen euskaraz: itzulpen eta egokitzapenen azterketa. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-173-0. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).

Bibliografia

Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.