Jose Migel Iturriotz

Jose Migel Iturriotz (Beasain, Gipuzkoa, 1869ko uztailaren 5aDonostia, Gipuzkoa, 1924ko irailaren 12a) pilotari eta Beasaingo alkate izan zen. Loinazko San Martin ikastetxearen parean zegoen Andre Mari kaleko Don Juanenea etxean jaio zen; bertara Elizako aldapatik zubixka bat igaroz iristen zen.

Jose Migel Iturriotz
Bizitza
JaiotzaBeasain, 1869ko uztailaren 5a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 1924ko irailaren 12a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpilotaria eta politikaria
Pilota
 

Bizitza

Gaztaroa

Lehen ikasketak egin ondoren, arotz- eta okin-lanetan aritu zen. Aldi hartan bertan, zesta puntan ikasi zuen, eta pilotari profesionala bilakatu zen.

Amerika

19 urte zituela, Argentinako pilotalekuetara joan zen Beasaingo Tiburcio Lasa lagunarekin, dirua egitera. Pilotari nagusienak ziren Buenos Aires eta Mexikoko pilota egitarauetan; diotenez partiduko mila pezeta kobratzera ere iritsi ziren.

Han Idiazabalgo Mariana Urrestarazu ezagutu zuen, anaia batek deituta lanera joandakoa. Santa Feko Rosarion ezkondu ziren 1891ko martxoaren 30ean, eta orduz geroztik Mariana izan zen ahal zutena aurrezten aritu zena, beren sorterrira lehenbailehen itzuli ahal izateko.

Europara itzultzea

Itzuli zenean Jose Migelek Madril, Bartzelona eta Donostian jokatu zuen.28 urte zituela, Sandalio eta Gil haren semeak jaio ondoren, utzi zion pilotari izateari. Seme horietako bat, Gil, Beasainen jaio zen 1896ko irailean.

Herriko plazan, Udaletxe zaharraren ondoan izan zen etxean ipini ziren bizitzen, Udaletxe zahar horren eta lehenago Aranberri ostatua omen zegoen Etxeberriperen artean. 1905. urte aldera, gaur egun bere izena daraman kaleko laugarren zenbakiko etxea eraiki zuten beren dirutik ordainduz, eta familiak etxe hartako lehen solairua hartu zuen.

Esperientzia handiko gizon zuzena zela eta zuen famagatik, familia askok estimatzen zuten Jose Migel, baserritarrek batez ere, hauentzat lagun ona baitzen eta baserritarrek konfiantza osoa baitzuten harengan, aholkulari bikaina kontsideratzen baitzuten. Haren dohaneko aholkuek, baserriko produkturik onenen ordaina izan zuten beti.

Alkatetza

Hamazazpi urtez hainbat kargu izan zituen Udalean. Epaile, Zinegotzi eta bi aldiz Alkate ere izan zen; lehenengo aldiz 1906--1910 bitartean, eta bigarrengoan 1912-1920 urteen artean.

1906an alkatetzara lehenengo aldiz iritsi zenean, herriak zituen ur-hornidurari beharrei konponbidea ematen saiatu zuen. Aurreko mendearen azken laurdenean Ugartemendiko ur-biltegira egindako ur-ekartzeak eskasegiak ziren jadanik, industri bultzadari esker hazkunde handia izan baitzuen herriak.

Eskolara geroz eta haur gehiago zetozela eta, guztiei eskola eman ahal izateko herriko Irakaskuntza Batzordeak maisu berri bat kontratatu beharra aztertu zuen, Jose Migelek proposamen bat eginik: maisu bati ordaindu beharrean, diru horrekin Eskola Kristauetako bizpahiru anaia ekar zitezkeela, alegia. Orduko erretoreak, Isaak Gereka, La Salleko San Joan Bataiatzaileak sortutako hezitzaile hauen nondik-norakoak eta ongi merezitako famaren berri bazuenez, bere laguntza osoa eman zion proposamenari eta halaxe erabaki zen.

1908. urtean heldu ziren Anaiak Beasaina eta, Sangroniz etxea alokairuan hartu eta egin beharreko konponketak egin ondoren, 1909ko otsailaren 5ean, Loinazko San Martin egunean, inauguratu zen Loinazko San Martin Ikastetxea.

1909. urtean Zazpiturrietako iturburuak erosi zituen, Albizturgo Argisaingo Santa Marina auzoan. Ur-emaria gehitzeko, 1913an auzo bereko Arkasingo iturburua erosi, eta hemengo ura lehenengo iturburu hartara eraman zuen. Letamendiko ur-biltegia eraiki ondoren, ura haraino ekartzea besterik ez zen gelditzen. Arazo hau zela eta ez zela desadostasun handia sortu zen Udalaren barruan. Jose Migelek, Alderdi Liberaleko bere kideen laguntzaz, ura bost ontzako hodien bidez ekartzearen aldekoa zen, Alderdi Karlistako zinegotziak, berriz, hori dirua botatzea zela eta hodi txikiagoa nahikoa zela esaten zuten. Baina udal batzarrean bozketa irabazi ondoren hodi lodiaz ekarri zen ura. Gerora urteek arrazoia eman zioten. Hoditzar lodi hark, ia 60 urtez Beasain hornitzeko adina ur ekarri baitzuen, herriaren biztanlegoa hirukoiztu arren.

Lehen Mundu Gerraren amaiera iragarri zen egunean, 1918an, etxeko balkoia joritsu apaindu eta kalera aterarazi zuen musika-banda, herri guztian ibili zena kalejira alaiak joaz.

Erretiroa

1920an alkatetza utzi ondoren, familia Donostiara joan zen bizitzera, Fermin Calbeton kalera, eta han hil zen 55 urte zituela 1924ko irailaren 12an. Hurrengo egunean Beasaina ekarri zuten haren gorpua eta, hemen, hileta nagusiak egin ondoren, familiaren hilobian ehortzi zuten, bera alkate zela 1917an eraiki eta inauguratutako hilerrian.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.