Jose Maria Ormaetxea
Jose Maria Ormaetxea Uribeetxebarria (Arrasate, Gipuzkoa, 1926ko abenduaren 23a – ib., 2019ko uztailaren 23a) Mondragon Korporazioan 1956an sortu zen lehen enpresa industrial kooperatiboaren bost sortzaileetako bat izan zen.[1]
Jose Maria Ormaetxea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arrasate, 1926ko abenduaren 23a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Arrasate, 2019ko uztailaren 23a (92 urte) |
Jarduerak |
Biografia
Jose Maria Ormaetxea Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1926ko abenduaren 23an. Gurasoak Jose eta Amalia izan ziren. Maite Zeziagarekin ezkondu zen 1958ko abenduaren 27an, eta sei seme-alaba izan zituzten.
1941eko irailean sartu zen Arrasateko eta Deba Goiena Haraneko enpresarik handienean, Unión Zerrajera S.A., bertako Aprendizen Eskolaren bidez. Han kooperatiben ideologo eta sustatzailea izan zen Aita Jose Maria Arizmendiarrieta ezagutu zuen irakasle bezala. Beti formakuntza dualean lana eta ikasketak uztartuz, 1946an Industria Maisutza Mekanikariaren ikastaroak amaitu zituen. Arrasateko Eskola Profesional berrian ikasketak jarraitzeko Arizmendiarrietak aukeratu zituen hamaika ikasleetako bat izan zen, eta Zaragozan azterketak era librean eginaz, 1952an Industria Peritu Kimikoaren titulua lortu zuen. Formazioa osatzeko, 1965eko eta 1966ko udako hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Sarriko Fakultateko irakasleek emandako Enpresa Zientzietako ikastaro berezietan parte hartu zuen, beste zuzendari kooperatibista batzuekin.[2]
Ibilbide profesionala
Hemeretzi urte zituela, 1946an, Galdategi ataleko zuzendari izendatu zuten, bertan jarraituz 1956ko martxoan enpresa utzi zuen arte, beste lau kiderekin ULGOR izeneko lehen kooperatiba industriala sortzeko, ondoren Fagor Etxetresnak izena hartuko zuena. Hasieratik gerentea izan zen, eta 1960an, Arizmendiarrietak eskatuta, Laboral Kutxa finantza-kooperatiba sortu zuen, 1987ra arte zuzendari nagusia izanaz, eta 1990era arte bertako kontseilari. 1985ean, Mondragon Korporazio sortu berriaren lehendakari izendatu zuten, bertan jarraituz 1990ean erretiratu zen arte. Ondoren, Laboral Kutxan zegoenean sortu zuen Otalora Prestakuntza Kooperatiboko eta Zuzendarien Zentroaren ardura hartu zuen. Era berean, 1991ko martxotik 1992aren amaierara arte, Eusko Jaurlaritzaren Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (SPRI) lehendakariorde exekutiboa izan zen, eta bere Arrisku Kapitalaren Sozietateko lehendakaria.[3]
Ekarpen kooperatiboa
Bere lan-jarduera kooperatiboko bizitza osoan, ULGOR sortu zenetik 1987an erretiratu zen arte, Arizmendiarrietaren eskuineko eskua izan zen, enpresa errealitatean bere ideiak eta intuizioak ezartzen zituen exekutibo bikain bezala. Proiektuak errealitate bilakatzen zituen, eta filosofia jakin hau praktikan jarriz: “Ideala posible den ongia egitea da, ez amesten dena”.
Fundatzaileen ezagutza teknikoez gain, Arizmendiarrieta haien giza prestakuntzaz, moralaz eta espiritualaz ere arduratu zen. Testuinguru horretan, Ormaetxeak Komunitateari zerbitzua ematearen uste sendoak garatu zituen, eta misio horrek bizitza osoan mugiarazi zuen. Bere buruarekiko aparteko exijentzia, zorroztasun eta irmotasunarekin, Arizmendiarrietaren pentsaera ezartzen saiatzen zen: “Beti dago urrats bat gehiago emateko” eta enpresa-proiektu berriei aberastasuna eta enplegua sortzeko laguntza ematen. Horrela, esperientzia kooperatiboaren lehenengo 20 urteetan 82 enpresa sortu ziren, 25.000 pertsona enplegatzen zituztenak, eta Ormaetxeak ia enpresa guzti horien sustapenean hartu zuen parte.[4]
Enpresa-ikuspegian aitzindaria izan zen, eta Laboral Kutxako Enpresa Dibisiotik kooperatiba txikientzat bultzatu zituen kudeaketa eta praktika ereduak, urte asko aurreratu ziren beste euskal enpresetan ohiko aplikazio bilakatu arte. Era berean, atzerriko patenteen mendekotasuna saihestuko zuen ikerketa propioa egiteko beharra ikusi zuen, eta 1974an Ikerlan lankidetza publiko eta pribatuko lehen ikerketa zentroa sortzen lagundu zuen. Bestalde, Laboral Kutxatik Otalora prestakuntza kooperatiboko zentroa sortzea ere sustatu zuen, eta erretiratu ondoren, bertan Arizmendiarrieta museoa sortu eta kanonizatzeko Vatikanoko prozeduraren dokumentazioa prestatu zuen, eta baita bere Fundazioaren sortzera bultzatu.[1]
Austeritate handikoa eta ondradua, Arizmendiarrietaren ideario sozialarekin eta lidergoarekin beti fidela izan zen.[5] 1959an Laboral Kutxa kreditu kooperatiba sortu nahi izan zuenean, Ormaetxea ingeniari kimikoari bulego apal bat irekitzea proposatu zion, beste enplegatu batekin, eta ULGOR kooperatiba industrial arrakastatsuaren gerente postua uztea. Ormaetxearen arabera, “Onartu egin nuen, nahiz eta banku-negozioaren sektorea guztiz ezezaguna izan niretzat, eta ozta-ozta jakin balantze bat interpretatzen”.[6]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Leibar, Juan; Ormaetxea, Jose Maria. (1993). Textos básicos de Otalora. Capítulo II - Dn. José María Arizmendiarrieta y sus colaboradores. Otalora, 91 or. ISBN 9788488125088..
- (Gaztelaniaz) Leibar, Juan; Azkarate, Joxemi. (1993). Historia de Eskola Politeknikoa José M.ª Arizmendiarrieta. Laboral Kutxa, 165 or. ISBN ISBN 84-606-1940-0..
- (Gaztelaniaz) Molina, Fernando. (2006). Fagor Electrodomésticos (1956-2006). Historia de una experiencia cooperativa. Laboral Kutxa, 337-357 or. ISBN 84-689-7392-0..
- (Gaztelaniaz) Isasti, Armin; Uribe, Isabel. (2021). Ormaetxea. Biografia dialogada. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, 85 or. ISBN 978-84-09-27729-2..
- (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio. (2005). Empresa cooperativa y liderazgo. Mondragon Unibertsitatea, 307 or. ISBN 84-608-0271-X..
- (Gaztelaniaz) Ormaetxea, Jose Maria. (1991). La experiencia cooperativa de Mondragon. Azatza, ed., 344 or. ISBN 978-84-604-0011-0..
Bibliografia
- La experiencia cooperativa de Mondragon. Azatza ed, 1991.
- Dn. Jose Maria Arizmendiarrieta y sus colaboradores. Otalora, 1993.
- Arizmendiarrieta y la empresa cooperativa. Gizabidea Fundazioa, 1993.
- Orígenes y claves del Cooperativismo de Mondragon. Saiolan - Laboral Kutxa, 1997.
- Didáctica de una experiencia empresarial. El cooperativismo de Mondragon. Laboral Kutxa, 2003.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea
- Arizmendiarrieta Fundazioa
- (Gaztelaniaz) Bideoa: Jose Maria Ormaetxea Arizmendiarrietari buruz