Jose Maria Oriol
Jose Maria Oriol Urkixo (Santurtzi, Bizkaia, 1905eko abuztuaren 12a - Madril, Espainia, 1985eko azaroaren 4a) politikari frankista, enpresaburua eta finantzaria izan zen, Jose Luis Oriolen semea. 1959az geroztik, Oriolgo markesa, aitak titulua lagata.[1]
Bizitza
Industria-ingeniaria zen ikasketaz. Aita bezala, alderdi tradizionalistaren kidea izan zen Espainiako Gerra Zibilaren aurretik. Francoren alde borrokatu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, eta, falangista egin ondoan, karlistak eta falangistak bateratzea lortu zuen 1937an. Gerra ondoren, Bizkaiko Falangeko buru izan zen, Bilboko alkate (1938-1941)[2] eta frankismoko Espainiako Gorteetako legebiltzarkide (1976an, espainiar estatua Francoren diktaduratik monarkia parlamentariora aldatzea zekarren Erreforma Politikorako Legearen aurka bozkatu zuten 59 legebiltzarkideetako bat izan zen; guztira 531 legebiltzarkide ziren).[3]
Aitaren negozioetan hasi zen gerra ondorengo urteetan (UNESA elkarteko —Espainiako elektrizitate enpresen elkartea— eta TALGO enpresako lehendakari izan zen, besteak beste), eta Francoren finantza-aholkulari nagusia izan zen.
Genealogia
Ezkontza eta seme-alabak
Maria de Gracia Ybarra Lasso de la Vega ezkonduta, zazpi seme-alaba izan zituzten:[1]
- Maria del Dulce Nombre Oriol Ybarra. Ezkontidea: Juan Castillejo, San Miguelgo dukea.
- Jose Luis Oriol Ybarra, industria ingeniaria, TALGO enpresaren presidente izan zen. Ezkontidea: María Jesús Fabra, Masnouko markesa.
- Maria de Gracia Oriol Ybarra. Ezkontidea: Jose Luis Sanz Magallón, San Adriango markesa.
- Miguel Oriol Ybarra, arkitektoa.
- Iñigo Oriol Ybarra, abokatua, Hidroeléctrica Española enpresaren presidente izan zen. Ezkontidea: Victoria Ibarra, Güelleko baronesa.
- Carlos Oriol Ybarra. Ezkontidea: Isabel de León, Meritosko markesa eta Real Academia de Bellas Artes Santa Isabel de Hungría akademiako lehendakaria.
- Begoña Oriol Ybarra. Ezkontidea: Javier Basagoiti Miranda enpresaburua.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Gaztelaniaz) «Marqueses de Casa Oriol», Heráldica catalana bloga.
- Agirreazkuenaga Zigorraga, Joseba; Ahedo Gurrutxaga, Igor; Alonso Olea, Eduardo J.; Barruso Bares, Pedro; Gracia Cárcamo, Juan; Kintana Goiriena, urgi; Martínez Rueda, Fernando; Mendiola Gonzalo, Fernando et al.. (pdf) Bilbao desde sus alcaldes: Diccionario biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal en la Dictadura. 3:1937-1979, 189-213 or. ISBN 978-84-88714-14-5..
- (Gaztelaniaz) José Andrés Gallego, «La época de Franco», in Historia general de España y América, 19,2, 481. orrialdea.