José María Aznar
José María Alfredo Aznar López (Madril, Espainia, 1953ko otsailaren 25a[1]) politikaria izan da eta Trantsizioaz geroztik Espainiak izan duen laugarren lehendakaria. 1996-2004 bitartean[2], Alderdi Popularreko (PP) buru zela, Espainiako Gobernua gidatu zuen. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu.
Bizitza
Familiak politikarekin lotura sendoak izan ditu. Manuel Aznar Zubigarai aitonak, Nafarroa Garaian, Etxalarren hain zuzen ere, lehendabiziko batzokia paratu zuen, baina geroago Francisco Francoren alde jo zuen. Manuel Aznar Acedo aita Francoren armadako propagandagilea eta kazetaria izan zen. Ana Botella emaztea ere Alderdi Popularreko kidea da, eta Madrilgo alkate izan zen 2011tik 2015eraino[3].
Jose María Aznarrek zuzenbide ikasketak 1975ean bukatu zituen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Hogeita hiru urte zituelarik, zerga-ikuskatzailea izateko lehiaketa gainditu zuen.
Politikan, 1979an Aliantza Popular (AP) alderdian sartu zen. 1982an eta 1986an diputatu hautatu zuten eta, hurrengo urtean, Gaztela-Leongo presidente bihurtu zen (1987-1989)[4]. 1990ean, Manuel Fragaren babespean, Alderdi Popularreko buru izendatu zuten.
1993ko hauteskunde orokorretan, Felipe Gonzálezen PSOEk garaitu zuen, boto gutxirengatik bazen ere. 1995ean, ETAk bonba bat eztandarazi zuen Aznarren autoaren ondoan, zauririk eragin gabe.[5]
1996ko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan zen Alderdi Popularra[6]. CiU, EAJ eta Kanariar Koalizioaren laguntzarekin Aznarrek gobernua osatu zuen. 2000ko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuen. 2004etarako ez zen aurkeztu, Mariano Rajoy ondorengo izendatuta[7]. Harez geroztik, ez dabil politikagintzan, Alderdi Popularrak ohorezko presidente titulua eman badio ere.
Erreferentziak
- Tusell, Javier, 1945-. (2004). El aznarato : el gobierno del Partido Popular, 1996-2003. (1. ed. argitaraldia) Aguilar ISBN 84-03-09422-1. PMC 55208137. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1996-05-05). «Aznar, investido presidente, lleva al Gobierno al PP» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- «Ana Botella Madrilgo alkate izendatu dute» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- (Gaztelaniaz) León, Junta de Castilla y. «El Presidente de la Junta» conocecastillayleon.jcyl.es (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1995-04-20). «ETA intenta asesinar a Aznar con un coche bomba» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- r01e00000ff26d4659da470b86ce050da98c08068, r01e00000ff26d46697a470b82faff5745d95bb8e. (2011-04-13). «1996ko Hauteskunde Nagusiak - Euskal Autonomia Erkidegoa» opendata.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- «Biografia: Mariano Rajoy; hirugarrenean, bai» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).