Jose Maria Uzelai
Jose Maria Uzelai Uriarte (Bermeo, Bizkaia, 1903ko azaroaren 1a - Busturia, Bizkaia, 1979ko abenduaren 24a) margolaria izan zen. 1923. urtean hasi zen pintura ikasten eta hamar urte geroago Bermeoko Arrantzaleen Itsas-Etxerako horma-pintura pintatu zuen. Europako herri askotara bidaiatu zen Gerra Zibilaren garaian eta Queen Mary eta Caronia bidaiari-ontzi handi ezagunak dekoratu zituen, besteak beste eta Parisen talde bat osatu zuen beste margolari zenbaitekin. Bakarka nahiz taldean eginiko erakusketa askotan jarri zituen bere pinturak ikusgai. 1936 urtean Jose Antonio Agirre lehendakariak Arte Ederretako zuzendari izendatu zuen.
Jose Maria Uzelai | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bermeo, 1903ko azaroaren 1a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Busturia, 1979ko abenduaren 24a (76 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Lan nagusiak: Primavera, retrato, Otoño, Escenas vascas en un biombo, Bodegón de frutas, Paisaje, Bodegón eta Figura de caza.
Bizitza
1903ko azaroaren 1ean jaio zen, Bermeon. Oinarrizko ikasketak eta batxilergoa Bilbon egin zituen, baina ume-umetatik amaren familiaren sortetxera eraman zuten –Busturiko Txirapozu jauregira–, eta harrezkero herri eta etxe hura bilakatu ziren Uzelairen egonlekurik kutunenak. Etxe hura bizitoki eta atsedenleku ez ezik, arte eskola eta lantoki ere izan ziren artistarentzat. Busturian eta Txirapozun daude Uzelairen eta Uzelaik margotu zuen munduaren sustraiak.
Batxilergoa bukatu zuenean, uko egin zion ikasketak segitzeari. Bere benetako bokazioa pintura zela aitortu, eta, azkenik, Parisa joateko baimena eta laguntza lortu zuen aitarengandik. 1922ko azaroan abiatu zen Parisa.
Ordurako hasia zen artistekin harremanetan –1911n sortua zen Euskal Artisten Elkarteko kideekin–, eta eginak zituen bi erakusketa: bakarkakoa bat, Elkartearen egoitzan (1921), eta taldean bestea, Gernikan (1922ko iraila).
Erakusketa horietan egin zizkioten kritika onak erabakigarriak izan ziren aitarengandik Parisa joateko laguntza lortzeko. Garai hartako koadroen artean aipagarria du lehenengo erretratua, 1921. urtean egina (1978an berregina), Retrato de Sole Usparicha. Bilboko Nazioarteko Erakusketak 1919an eta Iberiar Artisten Lehenengo Erakusketak (Madril, 1925) eragin handia izan zuten Uzelairen artean.
Bere artea zabaltzeaz batera, 27ko belaunaldia osatuko zutenak ezagutu zituen.
Parisen egonaldia
Ucelay Parisen egon zen urteetan ez zen Euskal Herritik deserrotu. Alderantziz, maiz joaten zen Bilbora –Bilbon egin zuen, 1926an, bakarkako bigarren erakusketa–, eta buru-belarri aritu zen Euskal Artisten Elkartean.
Parisen, bien bitartean, denetarik ikasten jardun zuen, eta artista askoren ezagutza egiteko aukera izan zuen: Pancho Cossío kantabriarra, Bilbon bizi zen Claudio de la Torre kanariarra… Argi zeuden ordurako Ucelayren margokeraren ezaugarri nagusiak: alegia, itsasoarekiko zaletasuna, lerro makotua, eta matissear eta japoniar ukitua. Ez zen alferrik Enrico Cernuschiren Museoa –Ekialdetik ekarritako objektuen bilduma–, Parisen gehien bisitatzen zuen museoetako bat, japoniar artearekiko zaletasuna, Txirapozutik bazekarrena bestalde, areagotu ziona.
Hogeita hiru urte besterik ez zuen, baina jadanik Uzelairen dotoretasuna eta fintasuna, sentiberatasuna eta asmamena, eta ororen gainetik –Matisseren eta japoniar artearen eraginak eragin– haren nortasuna goraipatzen zuten arte kritikariek. Parisen, joera berri ugariren eraginpean, oso estilo berezia eta orijinala ondu zuen Ucelayk, formari dagokionez guztiz dotorea.
1928 inguruan, baina, geldialdi bat egin, eta klasizismora bihurtu zen, marrazketari margotzeari baino garrantzi handiagoa emanez. 1928ko lanak lumaz eginak dira, japoniar paperean eta txinatar tintaz (urdina, berde iluna, granatea, marroia), gai jakin baten inguruan: XIX. mendearen erdialdeko porturen bateko ikuspegiak, 1854. urteko modara jantzitako gizon-emakumeekin.
1930. urte ondoko hamarraldiko margolanak estilo eta kolore ariketak dira, geometriaren alorraren barrukoak. Besteak beste, erromerien koadroak egin zituen, kolore berdearen inguruan (Bilboko Museoko bionboa); itsasoari buruzko koadroak, urdinaren inguruan; eta gela barrenak, Txirapozuko objektuez antolatutako izadi hilak, grisaren inguruan. Lehenengo aldian erabili zituen margo garbien ordez, margo molde lausoago eta gozoagora jo zuen, giroa eta argia are gehiago lantzeko, eta zabaldu egin zuen perspektiba. Sakontze garai horretako obra nagusia, eta bere obra handienetako bat (16 metro luzea), Bermeoko batzokirako egin zuen ohol gaineko horma irudia da (1931-1934); Bermeoko herriaren gaur egungo bizimoldea sintetizatu zuen margolan handi horretan. Garai hartakoak ditu mendiko eta itsasoko ikuspegi bitxi batzuk ere, elementu bakanez osatuak, surrealismoz kutsatuak: aingura bat hondarrean; itsasontzi bat, itsasoa, eta haitz handi bat hondarrean… 1936ko otsailean garrantzi handiko erakusketa batean parte hartu zuen: Espainiako arte modernoari buruzko erakusketa Parisen. Espainiako gerra zibila hasi zenean, Busturian zen Uzelai.
Eusko Jaurlaritzak Arte Ederretako zuzendari izendatu zuen, eta artelanak bildu eta gordetzeaz arduratu zen. Eusko Jaurlaritza erbesteratu zenean, Uzelaik eta Manuel Sota idazleak euskal abestiak eta dantzak Europan zehar erakusteko ikuskizun bat sortzea erabaki zuten Eresoinka.
Ingalaterrako egonaldia
1938ko abuztuan Ingalaterrara erbesteratu zen, Londresa lehenbizi, eta Marlborough uhartera gero. Londresen bi jatetxeren dekorazioa enkargatu zioten, baina lanik inportanteena «Caronia» transatlantikoaren Smoking Room (Erretzeko gela) gelarako irudiak egitea izan zuen (1946ko apirila). Lan handi hori (3,15 x 3,60 m-ko lau irudi) itsasoaren historiaren laburpena da, itsasoari eskainitako omenaldia, itsasoarekin zerikusia duten pertsonei, gertaerei eta gauzei buruzuko marrazkiez bete-betea. Itsasontzia, 1960az gero «Caribia» deitua, 1974ko abuztuan hondoratu zen Guamen, Ozeano Pazifikoan.
Itzulera Euskal Herrira
Erbestetik Euskal Herrira itzuli zenean (1949), Txirapozura joan zen bizitzen. Hurrengo urteetan izadi hilak eta erretratuak egin zituen batez ere, hala nola euskal probintzien mapen marrazkiak, guztiz originalak, Pío Barojak idatzi zuen Euskal Herriko gidarako. Baina garaitsu hartan hasi ziren lehenengo porrotak ere, atzera bota edo gauzatu gabe gelditu ziren lanak: Arantzazurako dekorazioa, Aireko Ministeriorako marrazkiak, Aita Donostiaren –oso laguna zuen– liburu baterako marrazkiak… Aldi horretako lanik aipagarriena, bai konposizioagatik bai margokeragatik, Danza suletina izenekoa da, Zuberoako dantzei buruzko lan etnografiko osoa: aurrean zuberotar dantzariak atsedeten, musika eta dantza tresnen artean; atzean beste dantzari batzuk godalet dantzan, eta pertsona batzuk haiei begira; eta hondoan Zuberoako ikuspegiak.
Handik aurrerako urteak zailak izan ziren Ucelayrentzat: enkargatutako hainbat lan bukatu gabe utzi behar izan zituen –xehetasun guztiak behar bezala egiteko behar beste diru ordaintzen ez ziotelako–, eta nekez aurkitzen zuen bere lana erosiko zionik. Garai horretako enkargurik handiena Bilbao petrolio-ontziko –Espainiako petrolio-ontzirik handiena orduan– ofizialen egongelarako irudia (530 x 134 cm) izan zuen.
1969. urtean, etsiturik, amaren sortetxera erretiratu zen, lasai, presarik eta estutasunik gabe margotzera. Ucelayren etsipena agertu zen bere koadroetan:inoiz baino ugariago azaltzen da marra eta marrazkia; koadroak, bete-beteak, oroitzapenen nahastura bihurtzen dira, barrokismoz mukuru. Gernikan, 1975ean, eta Bilbon, 1978an, egin zituen bakarkako azken erakusketak.
1979ko azaroan gaixotu, eta abenduaren 24ean hil zen.
Hasi berria zuen bere azkeneko lana, euskal akelarreari buruzko koadro handi bat (270 x 179 cm) zen.
Pintura
Uzelairen pintura ez da pintura modernoa ez akademikoa, gaur egungo pinturaren eta pintura tradizionalaren arteko zubia baizik. Uzelaik –irudia inguratzen duen espazioaren, airearen eta giroaren zentzu berezia izanik– indar misteriotsu batez janzten ditu koadroak, eta misterio hori dela eta, surrealisten artean sailkatu izan da haren obra –edo obraren parte bat–, baina surrealistena ez bezala, Uzelairen misterioa gozo-gozo barreiatzen da obran zehar.
Uzelairen obraren ezaugarri nabarietako bat Ekialdeko artearen eragina da, eta alderdi askotan azaltzen da eragin hori: margoaren leuntasunean, marraren txairotasunean, erretratatzen dituen pertsonen fintasunean, zenbait gauzatan, laka ontzi, haizemaile, pitxerretan, baina batez ere pertsonen hazpegi txinatartuetan eta zuhaitzen diseinu bitxi bezain ikusgarrian.
Bere koadroetan azaltzen dituen gaien artean bada bat guztien gainetik nagusitzen dena: itsasoa, eta itsasoarekin zerikusia duen guztia. Enkargatu zizkioten lan nagusiak, eta tamainaz handienak, lehen aipaturiko Bermeoko batzokiko eta «Caronia» transatlantikoko irudiak, itsas pinturak ditu. Elementu asko daude, bestalde, Uzelairen koadroetan errepikatzen direnak: Busturiko portzelanak, Gernikako itsasadarreko mendiak –San Migel mendia, adibidez–, padurak, hegaztiak –ahateak, beltxargak, kaioak–, hodeiak –zerrendetan urratuak, bihurrituak–, hala nola Txirapozuko jauretxeko bertako gauzak –leihoak, aulkiak, zamauak, loreak (begoniak, sarritan)–.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.