Jose Larrañaga
Jose Larrañaga Juaristi[1] (Mendaro, 1801ko maiatzaren 3-Bilbo, 1826ko urriaren 13a) (beste testu batzuk ere Jose Larrinaga diote), hainbat hilketa egiteagatik egin zen ezagun. Markina Etxebarriako (Bizkaia) bere baserrian aterpea eskaini zion familia oso bat hil zuen 1825ean. Aurretik ere beste familia hil omen zuen, Lerida aldean. Ondorioz, heriotz zigorrera kondenatu zuten, eta garrotez hil. Haren historia odoltsua bertso paperetan zabaldu zen.
Jose Larrañaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mendaro, 1801 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1826ko urriaren 13a (24/25 urte) |
Heriotza modua | heriotza zigorra: garrotea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kriminala |
Izenen afera
Hiltzaile bera bi abizenekin ezagutzen da. Larrañaga Gipuzkoan erabili izan da batez ere, tradizio literarioan. Larrinaga, aldiz, Bilboko epaiketaren dokumentazioan jasotzen da. Mendaroko bataio agiriaren arabera José María Larrañaga Juaristi zen bere izen osoa, Juan Antonio Larrañaga Zabaleta eta Manuela Joaristi Goenagaren semea[1].
Biografia
Horrela laburbildu du Hektor Ortegak Bilbao aldizkarian:[2] "Mendaron jaio zen 1801ean. Aita laster galdu zuen eta amarekin bizitza alderraia egin zuen, herri askotan egon baitziren: Plentzian, Markinan, Zeanurin, Azpeitian eta Markina Etxebarrian. Azken herri horretan, Altzibar baserrian, bizi izan zen, zortzi edo hamar urteko txotxoa zenean. Altzibarren agertu zen berriz ere 1825eko urriaren 13ko zorigaiztoko gauean". Etxekoek, Migel Galdos, Kataliana Gandiaga eta bien alaba zen Mikaelak, ezagutu eta ondo hartu zuten. Afaria eskaini zioten eta, ondoren, oheratu ziren, Migel eta Jose goiko pisuko ohean, ama-alaba beheko pisukoan. Altxatu zirenean Josek aizkoraz eraso egin zion Migeli. Era berean Mikaela alaba akabatu zuen. Ondoren, Jose lapurtzeko asmotan, etxea arakatzen hasi zen. Katalina, bitartean, ihes egiten saiatu zen, baina Josek harrapatu eta aizkoraz jo zuen. Hiltzaileak alde egin zuen, Katalina bizirik gelditu zela ohartu gabe. Emakumea esnatu zenean garrasika hasi zen laguntza eske. Auzokideek lagundu zioten, baina egunetan hil zen, aurretik gertatutakoa azalduta.
Asteetara Jose harrapatu zuten eta Bilbora eraman zuten. Egindakoa aitortu zuen baina zergatia ez zuen oso garbi azaldu. Esan zuenaren arabera, Altzibarren bizi izan zen garaian behin Migelek errieta egin zion kopla bat abesteagatik. Epaileak Eladio Alonso Valdenebro korrejidorea, Pedro Nobia Saltzedo eta Baldespinako markesa ahaldun nagusiak izan ziren. Epaia zalantzarik gabekoa izan zen: heriotza zigorra.
1826ko ekainaren 14an garrotez hil zuten. Borreroa Juan Carnero izan zen. Exekuzioa Bilboko plazan izan zen, horretarako prestatu zen oholtza baten gainean. Arratsaldean frantziskotar fraideek gorpua jaso zuten eta, elizkizunak egin ondoren, San Frantzizko komentuko hilerrian lurperatu zuten.
Larrañaga tradizioan
Gertaera lazgarri hauek berehala zabaldu ziren Euskal Herri osoan. Horren testigu, istorioa azaldu zuten bertso paperak zabaldu ziren Tolosan. Lehenengo pertsonan idatzita daude, egilea Jose Larrinaga bera izango balitz bezala. Bertso horietan hamalau krimen azaltzen ditu, Altzibar baserrikoak eta Lerida aldean egindako beste batzuk; bertsoetan hiltzailea egindakoaz damututa agertzen da. Bertso horiek ahoz-aho zabaldu ziren. Egilea anonimoa zen. Hor sortuko zen, ziur asko, abizenen aldaketa.
Abestia
Bertso paperetan oinarrituta Julen Lekuonak eta Antton Valverdek abesti ospetsua sortu zuten, "Hamalau heriotza" alegia. Kanta horren beste bertsio batzuk ere zabaldu dira, esaterako Morauk eta Oskorrik egindakoak.
Erreferentziak
- «Bautismo José Maria, Larrañaga, Joaristi» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
- 363.zk., 2020ko azaroan, 42 or.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- "Hamalau heriotza" abestia Youtuben.
- Hasier Etxeberriaren komentarioa Zuzeu webgunean.
- 14 heriotzak podcasta
- (Gaztelaniaz):Hektor Ortegaren "Jose Larrinaga hiltzailearen exkuzioa (1826)", Bilbao, 363. zk., 2020ko azaroan, 42 or.