Jose Bizente Etxagarai
Jose Bizente Etxagarai (Donostia, Gipuzkoa, 1773ko uztailaren 1a - ib., 1855eko apirilaren 15a) euskal idazlea eta olerkaria. Ofizioz Donostiako Alhondegiko administrari izan zena, 1813 eta 1853 bitartean Donostiako ospakizun gehienetarako bertsoak eta letrak egin zituelako da ezaguna.
- Artikulu hau olerkari donostiarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxegarai».
Jose Bizente Etxagarai | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | José Vicente de Echagaray |
Jaiotza | Donostia, 1773ko uztailaren 1a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1855eko apirilaren 15a (81 urte) |
Hobiratze lekua | Polloeko hilerria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta poeta |
Lan nabarmenak | |
1813. urtea baino lehenago ere idatzi zituen bertsoak baina abuztuaren 31ko sutean, ingelesek Donostiari su eman ziotenean, erre ziren aurretik jarritako guztiak. Geroztik, ehun bertso sorta inguru idatzi zituen, euskaraz zein gazteleraz nahiz bi hizkuntzak nahastuz. Jose Manterolaren hitzetan euskaraz sortutako bertsoak balio handiagokoak dira gazteleraz idatzitakoak baino.
Umore oneko gizona omen zen, inauterietako konpartsetan, ikuskizunerako bertsoak osatzeaz gain, aktore bezala ere parte hartzen zuena.[1]
Jasotako lehen bertsoak, "Año de 1813 : sitio, asalto, saqueo e incendio de la plaza de San Sebastián por las tropas aliadas angloportuguesas" izenekoak, 1813ko abuztuaren 31ko sutea deskribatzen duten 24 kopla dira. Beste danak, berriz, bat edo beste izan ezik, eguberri, errege-egun, iñauteri ta gainerako festeetan kantatzeko antolatuak. Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zen haren lan asko, eta Auspoa bildumako 35-36. zenbakietan hainbat lantxo jaso ziren, Festara izenburuarekin.
Antonio Zavalak 1964garren urtean, Jose Bizente Etxagarayren bertso bilduma argitaratu zuen Auspoa sailean, Festara izenburupean. Bertan daude jasota haren 60 bertso sorta.[2]
Donostiako Plaza Berriko bertsoak (1817)
Donostiako Plaza Berria berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan. Hauexek dira Donostiako plaza berriko metarrien hasiera bertsoak Bizente Etxagaraik kantatuz plazaratu zituen bertsoak:[2][3][4]
DONOSTIAKO PLAZA BERRIKO METARRIYEN ASIERARI
1.
Egun konsolagarri zorionekoa, amaseigarreneko Agorrillekoa: neurritu dana Plaza Donostiyakoa, aztu bear dubena len erretakoa. |
2.
Atzo goiz beranbuban Donostiko erriyan ekusgarririk asko zen Plaza Berriyan: alkiyak ipiñirik inguru guztiyan, agintariyak zeuden jarririk erdiyan. |
3.
An ziren kabildo ta Errege gizonak, an ziren gure junta obretako jaunak etxegille nagusi agintariyenak, ezpata-dantzari ta soñurik onenak. | |
4.
Edertasun andi bat goizeko amaiketan zegoan jendezkoa leku guztiyetan: Plazan eta kaleko etxe berriyetan, arri pilla, leyo zar, pareta gañetan. |
5.
Arri urdiñ biribil lenbizikoetan atzo sartu dirade Plaza-kantoyetan paper eta dirubak frasko ederretan, noizbait jakin dadiyen ondorengoetan. |
6.
Ekarriko dirade bereala arriyak, egiteko bertatik pillare beriyak: guztiz izango dira sendo eta egokiyak, orpoetan urdiñak, gañean zuriyak. | |
7.
Gero asiko dira egiten etxeak, ogei ta bosteraño posible ez obeak: berdintasunarekin banaita gabeak artuko dituztenak Plazan iru aldeak. |
8.
ontzejuko etxeak artuko du urrena gure Plaza Berriko alde laugarrena: zimenduak sendoki egiñik aurrena, izango da herriko lanik ederrena. |
Lanak
Bilduma
- Festara. Bere bertso guzien bilduma (1964, Auspoa)
Zenbait bertso
Wikitekan irakur daitezke bertso hauek:[5]
- Jardinzayen zortzicoa (1818)[6]
- Donostiyan zapatari festa 1827garren urteco astelen iñauteri egüerdiyan (1827)
- Donostiyac Erregue eta Erreguiñaren zorioneco etorrerari (1828)[7]
- Donostiyan irugarren arzaigoquia urte 1828 garreneco igande iñauteri goizean (1828)[8]
- Donostiaco gazteac langille maisuben festa igande iñauterian 1830garren urtean (1830)[9]
- Zortzicoa (1845)[10]
- Zortzicoa agorrillaren amarreco gabotsandean Erreguiñari bere ama andre eta aizpachoari cantatua (1845)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- de Echagaray, Jose Vicente (1964), Festara, Auspoa, 16-19. orrialdeak.
- Zavala, Antonio. FESTARA. Jose Vicente de Echagaray. (Berre bertso guztien bilduma). Auspoa.
- «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 73 or. ISBN 978-847173-615-4..
- «Egilea:Jose Bizente Etxagarai — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 74 or. ISBN 978-847173-615-4..
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 84 or. ISBN 978-847173-615-4..
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 81 or. ISBN 978-847173-615-4..
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 86 or. ISBN 978-847173-615-4..
- Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa., 105 or. ISBN 978-847173-615-4..
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Jose Bizente Etxagarai |
- «Jose Bizente Etxagarai», Literaturaren Zubitegia
- Año de 1813 : sitio, asalto, saqueo e incendio de la plaza de San Sebastián por las tropas aliadas angloportuguesas, Euskal Erria aldizkaria, 1913
- "Bizente Etxegarai", Bertso eta olerkien hemeroteka