Jose Arana Irastorza
Jose Arana Irastorza (Donostia, Gipuzkoa, 1913 – Zarateko benta, Zizurkil, Gipuzkoa, 1936ko irailaren 17a) Eusko Abertzale Ekintzako militantea eta Eusko Gudarosteko gudaria izan zen. Gerra Zibilean hildako EAE alderdiko lehen gudaria izan zen.[1][2]
Jose Arana Irastorza | |||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizitza | |||||||||||||||||||
Jaiotza | Donostia, 1913 | ||||||||||||||||||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||||||||||||||||||
Heriotza | Zizurkil, 1936ko irailaren 17a (22/23 urte) | ||||||||||||||||||
Hobiratze lekua | Polloeko hilerria | ||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||
Jarduerak | futbolaria, militarra eta tabako-saltzailea | ||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||||||||||||
Adar militarra | Eusko Gudarostea | ||||||||||||||||||
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila | ||||||||||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||||||||||
Alderdi politikoa | Eusko Abertzale Ekintza |
- Artikulu hau gudariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jose Arana».
Bizitza
1913an jaio zen Donostian.[1] Gurasoak Arrasate eta Lasartekoak zituen.[2] Tabakaleran egin zuen lan. Abuztuaren 31 kalean zegoen Euzko Indarra elkarteko kidea zen.[1] Donostiako Real Sociedad futbol taldearen filialean jokatu zuen.[2]
1936ko uztailaren amaieran Eusko Abertzale Ekintzak deituta boluntario talde bat osatu zuten elkartean.[1][2] Boluntarioen batailoi batzuek, tartean Euzko Indarra, desfile bat egin zuten, ia armarik gabe, ez baitzeukaten. Donostiako hainbat lekutan borrokatu ziren: Urbieta kalean, Amarako geltokian, Ametzagainan, Loiolako kuartelean, Maria Cristina hotelean... Gerra zabaldu zenean Irun eta Zubeltzu inguruaren, Buruntzaren eta, batez ere, Zizurkilgo Zarateko bentaren defentsan parte hartu zuten.[3] Zarateko bentan hil zuten Jose Arana Irastorza 1936ko irailaren 17an, 23 urte zituela.[1] [2] Gerra Zibilean hildako Eusko Abertzale Ekintzako lehen gudaria izan zen.[1][2][3] Egun horretan guardia egitea egokitu zitzaion.[2] Gauez zigarro bat piztu zuen eta hark ateratako argitasuna ikusita frankistek tiro egin zioten buruan.[1][2] Igorren bizi zen, baina bere heriotza Bilboko 4. Erregistro Zibilean dokumentatu zuten.[3] 40 ordu beranduago Aiztondoko mendietatik erretiratzeko agindua eman zuen Kandido Sasetak, hilabete baino gehiagoz Nafarroatik zetozen militar kolpistei eutsi ondoren. Egun horiek erabakigarriak izan ziren, atzeguardian Espainiako Errepublikak 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua onar zezan eta lehenbiziko Eusko Jaurlaritza osa zedin.[1]
Gutun bidez jaso zuten gurasoek semearen heriotzaren berri. Azpeitiako Loiola auzoan egin zizkioten hileta elizkizunak. Gutuna eta EAEko kideek hiletatan eramandako lore-koroan jarritako zintak gordeta eduki zituen amak semearen oroigarri. Hiletaren ondoren, Arrasatera eraman zuten hilkutxa ezkutuan eta han eman zioten lur.[1][2] Herriko San Joan Bataiatzailearen parrokiko hildakoen liburuan jasota geratu zen. Dolores Irastorza, Jose Arana Irastorzaren amak Donostiako Polloeko hilerriko panteoian familiakoekin ehorztea beste ideiarik ez zuen buruan semea gerran hil ziotenetik. Urtean bi aldiz joaten zen semearen hilobira: San Jose egunean eta Santu Guztien egunean. Azaroaren leheneko bisita horietako batean, euritan busti-busti eginda zegoela,[1] gerran senarra fusilatu zioten[2] beste emakume batek, Maritxu Etxeberriak, etxera gonbidatu zuen lehortu eta zerbait hartzera, eta adiskidetasuna sortu zen bi familien artean.[1] Urte gutxira Jose Arana Irastorzaren gorputza ateratzeko agindua iritsi zenean,[2] Maritxu Etxeberriak abisua pasa zion Dolores Irastorzari, eta gorpua bere familiaren panteoiaren gurutzearen atzeko zulo batean ezkutatu zuten adreiluz tapatuta, behar izanez gero erraz ateratzeko moduan, Donostiara eramateko asmoa baitzuten.[1] Jose Arana Irastorzaren amak semearen bi hezur txiki hartu zituen eta berarekin eduki zituen hil zen arte,[1][2] familiakoek jakin gabe.[2] 1961ean, hil zutenetik 25 urtera, ekarri zuten gorpua, klandestinoki, familiaren Donostiako Polloe hilerriko familiaren panteoira. Ordurako hila zen Dolores Irastorza.[1][2] Bertan ehortzita daude Dolores eta bere bederatzi seme-alabetatik bost.[1]
Errekonozimendua
2018an omendu zuten Donostiako Polloeko hilerrian eta Zizurkilgo Udalak plaka bat jarri zion hilobian ondorengo testuarekin:[1][2]
« | Gerra Zibilean borrokan hil zen EAE-ANVko lehenengo gudaria.
Eusko Indarra konpainiarekin Euskal Herria defendatzen ari zela hil zuten Zizurkilgo Zarate Bentan 1936ko irailaren 17an. Agur eta Ohore Eusko Gudariei! |
» |
Joxemari Luengo Zizurkilgo alkateak esan zituen ekitaldiko lehen hitzak, omenaldia ezinbestekoa iruditzen zitzaiola esanez: «Euskal Herriaren historiaren pasarte zail eta gogor bat gogora ekarri nahi izan dugu, memoria bizirik mantendu dezagun. Zor diegu».[1] Ondoan izan zituen Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Josu Amilibia Adunakoa. Hiru udalerriak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan urtetan aritu dira lanean memoria historikoaren berreskurapenean, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz.[1][2] Udan auzolandegiak antolatzen dituzte, Aiztondoko mendietako defentsa sistema ikertzeko. 2018an Larraulgo Udala ere batu zen ekimenera. Auzolanean parte hartzen ari ziren gazteak ere omenaldian izan ziren.[2]
Donostiako Udalak ere parte hartu zuen omenaldian, Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi delegatuak, Juan Ramon Viles Mitxelenak balioen transmisioan jarri zuen arreta: «Jose Arana Irastorza bezalako pertsonek erabateko konpromisoa agertu zuten balore demokratikoekin eta gure betebeharra da hori oroitzea. Guztia eman zuten ezeren truke. Ohore bat da hemen egotea eta balio beza ekitaldi honek zor historikoa kitatzeko».
Udal ordezkarien eskutik lore sorta bat jaso zuen Jose Arana Irastorzaren izen bereko ilobak eta hunkituta hitz egin zuen: «Eskerrik asko Zizurkilgo Udalari, Aranzadi zientzia elkarteari eta bereziki Karlos Almorzari. Bera bezalako asko behar ditugu». Karlos Almorzak doktoreak gidatu du, Aranzadiko Jabi Buces historialariarekin batera, Eusko Gudarostearen Azpeitiko Komandantziaren inguruko azterketa historikoa eta Donostiako telefono gidan agertzen ziren Arana guztiei deitzen aritu zen Jose Arana Irastorzaren familiakoak aurkitu zituen arte.[1]
2019ko Aste Santu aurretik plaka lapurtu zuten. Josetxo Arana, Jose Arana Irastorzaren ilobak, albistearen berri izatean atsekabea, haserrea, amorrua eta inpotentzia sentitu zituela adierazi zuen. Joxemari Luengo Zizurkilgo alkateak gertaera salatu zuen eta plaka berriz jartzeko asmoa agertu zuen. Familiak horretarako baimena eman zuen.[4] 2019ko ekainean plaka berriz jarri zuen Zizurkilgo Udalak.[5]
Erreferentziak
- Miranda Labaien, Jon. (2018). «Jose Arana Irastorza omendu dute Polloeko hilerrian - Zizurkil» Tolosaldeko ataria 2018-07-11 (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
- «Jose Arana Irastorzaren omenez» Aiurri.eus 2018-07-20 (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
- Almorza Arrieta, Karlos; Buces Cabello, Javier. (2016). SASETA DEFENTSA-SISTEMA: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen. in: Tolosaldea Historia Bilduma. Aranzadi Zientzia Elkartea, 63-64 or. ISBN 978-84-944251-8-9..
- «Jose Arana Irastorzaren plaka lapurtu dute Polloeko hilerritik - Zizurkil» Tolosaldeko ataria 2019-05-08 (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
- (Gaztelaniaz) A., I.. (2019). «El Ayuntamiento recoloca la placa en homenaje a José Arana en Donostia» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
Kanpo estekak
- Donostiako Polloeko hilerrian egindako omenaldiaren bideoa
- Donostiako Polloeko hilerrian egindako omenaldiko argazkiak