Jose Angel Arregi
Jose Angel Arregi Eraña (Bilbo, 1957)[1] euskal herritar apaiza eta irakaslea da. Ikasleei egindako sexu abusuengatik da ezaguna. Krimen horiek oihartzun handia izan dute Euskal Herrian eta Espainian, eta nazioarteko hedabideetan ere eman dute horren berri.[2][3][4]
Jose Angel Arregi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1957 (66/67 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta maisu/maistra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Biografia laburra
Euskal Herriko eta Espainiako San Viator ordenako ikastetxeetan eman zituen eskolak, zehazki Arrasaten, Basaurin, Gasteizen, Madrilen, Huescan eta Valladoliden.[5]
Ondoren, San Viator apaiz kongregazioak Txilera bidali zuen;[5] Txileko poliziaren arabera, Euskal Herrian eta Espainian eginak zituen krimenetatik ezkutatzera, itxuraz.[6][7][8] 2010eko martxoaren 17an Txilen atxilotu zuten,[5] umeen pornografia leporatuta. San Viator kongregazioak Txileko abokatu garestienetariko baten zerbitzuak ordaindu zizkion arren,[9] bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Ikerketaren bidez jakin zenez, Arregik kamara ezkutu baten bidez grabatzen zituen 12 - 14 urte bitarteko mutikoak, biluzik, bai eta haiei egindako sexu erasoak ere. Horrez gainera, 3 - 4 urteko haurtxoen irudi pedofiloak ere bazituen, baita bularreko haurrenak ere. Guztira, bideo pedofiloen 400 ordu zituen gordeta.[8] Grabaketa horiek Basauriko, Gasteizko eta Madrilgo ikastetxeetan egin zituen, besteak beste.[5]
Arregi Huescan irakasle izan zen aldiko ikasle batek ere salatu zituen sexu abusuak.[10] Oraingoz, Arregiren kontrako beste salaketarik ez da aurkeztu Espainiako Justizia Administrazioan. Hala ere, Administrazio horrek adierazi du eskaera aurkeztuko duela, Arregi Txilen betetzen ari den kartzela zigorra bukatu bezain laster Espainiara estradita dezaten.[11]
Arregiren sexu abusuei Eliza Katolikoak emandako erantzuna
Krimen horien karietara, Eliza Katolikoak ez du ia erantzunik eman. San Viator kongregazioko Arabako nagusiak, Pedro María Lahorak, adierazi zuen «kasu bakarra eta salbuespenezkoa» dela eta krimen horien berririk ez zutela izan Txileko poliziak Arregi atxilotu zuen arte.[12] Hala ere, poliziak Arregi atxilotu zuenean, San Viator komunitateko gainerako kideak ez ziren aurkitutako material pedofiloarekin harritu, Arregiri babesa eman zioten uneoro, eta poliziari esan zioten Arregi hain zuzen ere tratamendua jasotzen ari zela arazo horrengatik.[8]
Espainiako Eliza Katolikoko goi karguen artetik, Antonio Cañizares kardinala beste inor ez zen mintzatu; esan zuenez, horrelako salaketek «ez dute gehiegi kezkatzen» Eliza Katolikoa.[13] Euskal Herrian, Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munilla izan zen hitz egin zuen eliza horretako goi kargu bakarra, eta gaitzespen gogorra egin zuen: «Haur eta nerabe batzuen xalotasuna biktimatzat duten krimen larri horien aurrean, gure gaitzespenik tinkoena adierazten dugu»,[14] eta eskatu zuen Arregiren krimenak «apaiz eta elizgizon guztien kontra» ez erabiltzeko.[15] Izan ere, Eliza Katolikoko sektore progresistek eta elizatik kanpoko beste askok kritika zorrotzak egin zituzten, Arregiren krimenak beste askorekin lotuta, Eliza Katolikoak ezkutatu egiten dituelako bere eliz jendeak egindako sexu abusu ugariak.[16][17]
Erreferentziak
- «Bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Arregiri pederastiagatik», EITB.com, 2010-03-24.
- (Ingelesez) «Ex-teacher arrested in Chile; child sex abuse in Spain alleged», CNN World, 2010-03-16.
- (Ingelesez) «Snapshots of Catholic priests accused of abuse», The Huffington Post, 2010-04-14.
- (Ingelesez) «Vatican investigating 14 sex abuse cases in Spain», The Times, 2010-03-23.
- (Gaztelaniaz) «Un religioso encarcelado en Chile filmó cómo abusaba de 15 menores en España», El País, 2010-03-16.
- (Gaztelaniaz) J. FERNÁNDEZ: «La Policía chilena cree que Arregui fue "escondido" por su Congregación», Deia, 2010-03-16.
- (Gaztelaniaz) Marcela VALENTE: «Chile quiere que Arregui cumpla la condena en el país», Diario Vasco, 2010-03-18.
- (Gaztelaniaz) María R. SAHUQUILLO: «El religioso en prisión acumuló 400 horas de vídeos pedófilos», El País, 2010-03-17.
- (Gaztelaniaz) María R. SAHUQUILLO: «El religioso preso en Chile creía "socialmente aceptado" el abuso», El País, 2010-03-24-
- (Gaztelaniaz) «La denuncia del ex alumno de Huesca contra el clérigo José Ángel Arregui llega a los juzgados», Heraldo de Aragón, 2010-03-25.
- Ramiro VAREA: «España pedirá la extradición de Arregui», Publico, 2010-03-25.
- (Gaztelaniaz) «San Viator tranquiliza a los padres tras el arresto de Arregui: el superior les envía una carta diciendo que este caso de pornografía es aislado», Noticias de Álava, 2010-03-24.
- (Gaztelaniaz) María R. SAHUQUILLO: «Silencio sepulcral en España», El País, 2010-03-28.
- «Pornografiaren "gaitza" klero guztira hedatzea "bidegabekoa" dela dio Munillak», Berria, 2010-03-19.
- «Pederastia "apaiz guztien" kontra ez erabiltzeko eskatu du Munillak», EITB.com, 2010-03-18.
- (Gaztelaniaz) Jesús BASTANTE: «España esconde decenas de casos de pederastia: Iglesia sin Abusos pide a las víctimas que denuncien las agresiones y acusa a la jerarquía de mantener "un imperdonable silencio"», Público, 2010-03-22.
- Álvaro RAMIS: «El Vaticano bajo sospecha», Punto Final, 707. zenbakia, 2010-04-16.
Kanpo estekak
- «Jose Angel Arregiren ikasle ohiek haren abusuak salatu dituzte», EITB.com, 2010-03-17.