Jose Agerre
Jose Agerre Santesteban (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1889ko abenduaren 29a – 1962ko urriaren 19a) euskal idazlea eta politikari jeltzalea zen. Kazetari lanetan ehunka artikulu idatzi zituen euskarari buruz Nafarroa Garaiko egunkari gehienetan.
- Artikulu hau idazle eta politikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agerre».
Jose Agerre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1889ko abenduaren 29a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1962ko urriaren 19a (72 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta idazlea |
Izengoitia(k) | Gurbindo eta Zirt |
Bizitza
Haurtzaroa eta heziketa
Aita Eulogio Agerre zuen, Aezkoako Arian jaioa, zurgina lanbidez eta euskaldun zaharra zena. Ama Balbina Santesteban zuen, Iruñekoa, eta ez zekien euskaraz. Josek ez zuen euskal hizkuntza gurasoengandik jaso, baizik eta gaztetan Juan Manuel Lertxundi eskolapioarengandik ikasi zuen.
Ikasketak Iruñeko apaizgaitegian egin zituen, baina apaiz izateko urte bakarra falta zitzaiolarik utzi egin zuen. Hortik aurrera autodidakta izan zen, bere kasa etengabe ikasita, eta etxean liburutegi itzela omen zeukan.
Kazetaria eta politikaria
1915–1918 artean Diario de Navarran astean behin azaltzen zen «Euzkerazko saila»ren arduraduna izan zen, eta 180 artikulu baino gehiago argitaratu zituen.
1918tik 1919ra Napartarra astekarian zuzendari lanetan aritu zen.
1919an euskaltzain izendatu zuten, baina urte bat geroago karguari utzi behar izan zion, bere orduko lanak Sevillara bizitzera eraman zuelako. Euskaltzaindiak Damaso Intza izendatu zuen, Agerrek utzitako hutsunea betetzeko. Hamaika urte Euskal Herritik at eman ondoren, 1931n, Iruñera itzuli eta Amayur astekariaren zuzendaria izan zen; eta urtebete geroago, 1932an, Eusko Ikaskuntzaren Nafarroa Garaiko batzorde idazkaria zen.
1935etik 1936ra EAJren Napar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. La Voz de Navarra egunkariaren zuzendaria ere izan zen, harik eta 1936an gerra zibila hasi zen arte. Bere idazlanak "Gurbindo" edo "Zirt" goitizenekin sinatzen zituen.
Joseren anaia gaztea, Anastasi Agerre, ere idazle eta kazetaria izan zen.
Gerra ostean
1936ko altxamenduan, falangistek La Voz de Navarra egunkariaren inprenta okupatu zuten, Agerre zuzendaria zelarik. Horrela, alde nazioanalean sorturiko lehen egunkaria argitaratu ahal izan zuten: "Arriba España".
Agerre, bere egunkariari egindako erasoan atxilotu zuten, armak zituelako akusazio faltsuarenpean, eta hainbat hortz kendu zion aurpegian jasotako kulatakada batek. Benito Santestebanekin izan zuen harremanari esker (goi-buruzagi karlista bat izan zena), okupazio falangistaren ondoren bizia salbatu ahal izan zuen.
Espetxean denboraldi bat eman eta gero, bere lanbidea galduta, hainbat hizkuntza irakasteari ekin zion, Poliglos izeneko bere akademian, non latina, greziera, frantsesa, italiera, ingelesa eta alemana irakatsi zituen.
Diktadura garaian, bere lehenagoko literatura artikulista, euskarazko poesia erlijioso bihurtu zen eta ideologia falangista eta karlista zuten hainbat aldizkaritan idatzi zuen, hala nola, Pregon aldizkarian, garai horretan euskarazko egile gutxienetariko bat izan zelarik. Hainbat autorek bere prosaren "muturreko hizkera barrokista" eta bere euskara purista eta sabiniarra aipatu dituzte.
1960an Iruña'ko Euskalerriaren Adiskideak elkartearen sortzaileetariko bat izan zen, euskal kulturaren inguruan lan handia egin zuena.
Klandestinitatean EAJko Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria izan zen 1957tik 1962ra. Aldi horretan ere, talde bat sortu zuen erresistentzia antifrankistan lan egin zuena, EAJrekin erbestean aktiboki kolaboratuz. Talde horretan, besteak beste, Marcelino Garde apaiz euskaltzalea zegoen.
1962an, 72 urte zituelarik, bihotzekoak jota hil zen eta Agoitzeko hilerrian dago lurperaturik.
2000. urtean, Joxemiel Bidadorrek Agerreren biografia bat idatzi zuen: "Jose Agerre Santesteban. Gerra ondoko olerki-lanak (1949 – 1962)".
Lanak
Bilduma
- Gerra ondoko olerki-lanak (1949-1962) (2000, Iruñeko Udala)
Olerkiak
- Maitemin-xiria ala nola ur-tantoa, 1949.
- Omen bat biotzez, 1955.
- Garizuman, gogartez, 1955.
- Maita legea, nola?, 1959.
Bertsoak
- Amets gorria, Euzkadi, (1930, 5606. zk.) 6;
- Beitez madarikatuak..., Euzko Deya, (1918, 61. zk.) 3;
- Eskualdunen hilerriak, Gure herria, (1954, 5. zk.) 287-288;
- Euzkoeri omen Ipar Amerika-ko artzainak, Gure herria, (1954, 2. zk.) 114-116;
- Gure txokoa beroena..., Euzko Deya, (1919, 68. zk.) 6;
- Jaso dezagun, Euzko Deya, (1918, 64. zk.) 7;
- Jaundoni Laurentzi-ren jai-egunean, Gure herria, (1953, 4. zk.) 227-228;
- Lengo Sanfermiñetak, Txistulari, (1961, 26. zk.) 13;
- Lur egarriaren arren minak, Karmel, (1956) 45-46;
- Maite-ikarea, Karmel, (1957, 1. zk.) 7;
- Miren, Euzkadi, (1929, 5325. zk.) 4;
- Miren, Laurak bat, (1931, 30. zk.) 10;
- Orri txuriak..., Euzko Deya, (1919, 70. zk.) 7;
- Yaun done Mikel'i urte-beilakari Iruñe'n, Txistulari, (1961, 25. zk.) 9.
Kanpo estekak
- «Jose Agerre», Literaturaren Zubitegia.
- Ekaitz Santazilia: «Jose Agerre euskaltzalearen hilobia», Euskargazki bloga, 2010-12-05.
- Klasikoen gordailua.
- Bidegileak bilduma: Jose Agerre.
- Jose Agerre eta Migel Jabier Urmenetari omenaldia.
Aurrekoa Juan Ajuriagerra |
EBBko presidentea 1957 – 1962 |
Ondorengoa Joseba Rezola, Jesus Solaun eta Ignacio Untzetak osaturiko Zuzendaritza Batzordea |