José de San Martín
José Francisco de San Martín (Yapeyú, Río de la Platako Erregeorderria, Espainiar Inperioa, 1778ko otsailaren 25a - Boulogne-sur-Mer, Frantzia, 1850eko abuztuaren 17a) platatar militarra izan zen, Ameriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerretako buruzagi nagusia, Simón Bolívarrekin batera. Argentina, Txile eta Peruko askatzailea izan zen.
José de San Martín | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1821eko uztailaren 28a - 1822ko irailaren 20a - Francisco Xavier de Luna Pizarro →
1814ko abuztuaren 10a - 1816ko irailaren 24a ← Marcos González de Balcarce (en)
← José Miguel Carrera - Bernardo O´Higgins → | |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotzako izen-deiturak | José Francisco de San Martín y Matorras | ||||||
Jaiotza | Yapeyú, 1778ko otsailaren 25a | ||||||
Herrialdea | Argentina | ||||||
Bizilekua | Buenos Aires Madril Londres Lima Paris | ||||||
Heriotza | Boulogne-sur-Mer, 1850eko abuztuaren 17a (72 urte) | ||||||
Hobiratze lekua | Buenos Aires Metropolitan Cathedral (en) | ||||||
Familia | |||||||
Aita | Juan D' San Martin y Gómez | ||||||
Ama | Gregoria Matorras | ||||||
Ezkontidea(k) | Maria de los Remedios de Escalada | ||||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||||
Hezkuntza | |||||||
Heziketa | Royal Seminary of Nobles of Madrid (en) | ||||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | militarra, politikaria eta soldadua | ||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||
Zerbitzu militarra | |||||||
Gradua | generalissimo (en) jeneral kapitain jeneral brigada-jeneral | ||||||
Parte hartutako gatazkak | Laranjen Gerra Iberiar Penintsulako Gerra Revolution of October 8, 1812 (en) San Lorenzoko gudua Txileko Independentzia Gerra Peruko Independentzia Argentinako Independentzia Gerra | ||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||
Alderdi politikoa | Armada abertzaleak | ||||||
Bizitza
José de San Martín Yapeyún jaio zen, 1778ko otsailaren 25ean. Gurasoak, Juan de San Martín eta Gregoria Matorras, Espainian sortuak ziren, egungo Palentziako probintzian. Zazpi urte zituela metropolira bidali zuten. Madrilen egin zituen lehen ikasketak, eta 1789an Málagan kokatutako "Murcia" Infanteria Erregimentuan sartu zen, kadete gisa; 11 urte besterik ez zuen.[1]
Iparraldeko Afrikako gerretan eta Iberiar Penintsulako Gerran parte hartu ondoren, teniente-koronel maila zuela, Londresera joateko baimena lortu zuen 1811n. 1812an, Buenos Airesera itzuli, eta Lehen Triunbiratuaren zerbitzura jarri zen. Errezelo handiz hartu zuten hasieran, hogeita bi urtez egona baitzen Espainiako gudarostean. Hala ere, 1813ko otsailaren 3an, armada independentistaren burua izan zen San Lorenzoko guduan.[2]
1814ko urtarrilean, Iparraldeko Armadaren komandante buru jarri zuten, Manuel Belgranoren ordez.[3] Lan handia egin zuen armada berrantolatzen Vilcapugioko eta Ayohúmako desegigoen ostean. 1814ko abuztuan, Cuyoko gobernadore egin zuten. Txiletik zetozen iheslariek, Bernardo O'Higgins buru, Ande mendien bestaldeko lur haietara bultzatu zuten. 1817ko urtarrilaren erdialdean ekin zion Andeak zeharkatzeari gudaroste batekin. Otsailaren 12an, armada erregezaleari nagusitu zitzaion Chacabucon, eta Santiagon sartu ahal izan zen. 1818ko apirilaren 5ean, Maipúko gudua irabazirik, Txilek independentzia lortu zuen.[3]
Ondoren Peru askatzeko itsas-armada prestatu zuen, eta harantz itsasoratu zen Paracasko badian, 1820ko abuztuaren 20an. 1821eko uztailaren 10ean Liman sartu zen, eta uztailaren 28an Peruren independentzia adierazi zuen.[3] Hurrengo hilabeteetan, esklabotza eta derrigorrezko lan-sistemak (mita, yanacona) ezeztatu, inprenta eta kultu askatasuna bermatu, eta eskolak sortu zituen.[4]
San Martin Peruko kanpaina hegoaldetik abiatuta egiten ari zen bitartean, Simón Bolívarrek iparraldean ziharduen. Biak independentziazaleak izan arren, desadostasun politikoak eta militarrak zituzten. 1822ko uztailean, Guayaquilen batzartu ziren bi buruzagiak. Bileraren ostean, San Martinek Perun zituen kargu guztiak utzi zituen, eta Bolívarren esku gelditu zen haren armada.[oh 1][4]
Txilen eta Mendozan egonaldi labur batzuk egin ondoren, 1823ko urtarrilean baimena eskatu zuen Buenos Airesera joateko, emaztea eri baitzuen; Bernardino Rivadaviak, ordea, ezezkoa eman zion. Hala ere, isilka joatea erabaki zuen, baina iritsi zenerako emaztea hilik zegoen. Horretaz gain, federalisten aldeko konspiratzailea izatea leporatu zion gobernuak. Horiek horrela, herrialdetik alde egitea erabaki zuen.[4]
1824ko otsailaren 10ean, Europarantz itsasoratu zen, zazpi urteko alaba Mercedesekin. Le Havreko portura iritsi ondoren, Eskozian, Bruselan eta Parisen bizi izan ziren. Río de la Platako gerra zibilaz arranguratutik, 1829an Buenos Airesko portura iritsi zen, baina ez lehorreratzea erabaki zuen. Hilabete batzuk Montevideon igaro ondoren, berriz Frantziara joan zen; ez zen berriro Ameriketara itzuli.[4]
Boulogne-sur-Meren hil zen, 1850eko abuztuaren 17an. 1880ko maiatzaren 28an aberriratu zituzten haren gorpuzkiak, eta Buenos Airesko katedralean ehortzi.
Oharrak
- Peruko Independentzia Gerra 1824ko abenduaren 9an amaitu zen, armada erregezaleak Ayacuchon kapitulatu zuelarik.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- de la Vega Viguera, Enrique. José de San Martín, Militar, Español y Argentino. Boletín de la Real academia Sevillana de Buenas Letras: Minervae Baeticae, ISSN-e 2254-0806, ISSN 0214-4395, Nº 26, 1998, págs. 57-74, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2024-3-6).
- La batalla de San Lorenzo inicio militar de José de San Martín. auroradechile.cl (Noiz kontsultatua: 2024-3-6).
- Mayochi, Enrique Mario. José de San Martín: Libertador de América. sanmartiniano.cultura.gob.ar (Noiz kontsultatua: 2024-3-6).
- Pigna, Felipe. José de San Martín. El Historiador, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-3-6).