José Ramos-Horta
José Manuel Ramos-Horta (Dili, 1949ko abenduaren 26a) timortar politikaria da. Ekialdeko Timorko presidentea izan zen 2007-2012 bitartean eta 2022tik aurrera berriro, eta lehen ministroa 2006tik 2007ra. 1996an, Bakearen Nobel saria jaso zuen Carlos Filipe Ximenes Belo apezpikuarekin batera, Ekialdeko Timorko herriaren alde egindako lanarengatik.
Bizitza
José Manuel Ramos-Horta Dilin jaio zen, 1949ko abenduaren 26an. Soibadako misio katolikoan egin zituen lehen ikasketak. 1970-1971 bitartean, Mozambiken deportaturik egon zen, Portugaleko administrazio kolonialari aurre egiteagatik. Jaioterrira itzultzen utzi ziotenean, Fretilin alderdia (Ekialdeko Timorko Independentziaren Aldeko Fronte Iraultzailea) sortzen parte hartu zuen.
1975eko azaroan, Ekialdeko Timorrek Portugalen mendeko kolonia izateari utzi eta independentzia aldarrikatu zuen, Ekialdeko Timor Errepublika Demokratiko izena harturik, baina abenduan Indonesiako gudarosteak errepublika jaioberria inbaditu zuen. Gobernu berriko Kanpo Arazoetako ministro gisa, Ramos-Horta kanpoan zen, errepublika berriaren onespena eskatzen, Indonesiak Ekialdeko Timor inbaditu zuenean. Handik aurrera, Timorreko Erresistentzia Batzorde Nazionalaren ordezkari berezia izan zen atzerrian. Urte haietan, Nazioarteko zuzenbidea ikasi zuen Hagan (Herbehereak) eta Antiochen (AEB).
1996an, Bakearen Nobel saria jaso zuen, Carlos Filipe Ximenes Belo apezpikuarekin batera, Ekialdeko Timorren independentziaren alde egindako lanarengatik.[1] 1999an, Indonesiak Ekialdeko Timorren erreferenduma egitea onartu zuen, eta jende gehienak independentziaren aldeko botoa eman zuen.
2002-2006 urteetan, Ekialdeko Timorko Kanpo Arazoetako ministro izan zen, eta 2007an presidente hautatu zuten. 2008ko otsailaren 11n, tiro bat jaso zuen urdailean, matxinatutako militar talde batek haren etxea tirokatu zuenean. Australiako Darwin hiriko erietxe batera eraman zuten helikopteroz.[2] Martxoaren 19an eman zioten senda-agiria.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Almandoz, Koldo. Ramos Horta: «Indarrez egonkortasunak denbora mugatuan iraun dezake soilik». Euskaldunon Egunkaria, 1997ko martxoak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-27).
- Ramos Horta Timorko presidentea koman dago, matxinoek zaurituta. Berria egunkaria, 2008ko otsailak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-27).
Kanpo estekak