Jorge Enrique Adoum
Jorge Enrique Adoum (Ambato, Ekuador, 1926ko ekainaren 29a - Quito, Ekuador, 2009ko uztailaren 3a) ekuadortar idazlea izan zen.
Jorge Enrique Adoum | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ambato (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Quito, 2009ko uztailaren 3a (83 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Central University of Ecuador (en) ![]() Txileko Santiagoko Unibertsitatea Unidad educativa Mejia (en) ![]() |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria, kazetaria, itzultzailea, diplomazialaria, literary editor (en) ![]() |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Biografia
Ekuadorko Kultura Etxearen Edizioak argitaletxearen zuzendaria izan zen, eta Nazio Batuen Erakundearen eta UNESCOren funtzionario gero. Gizartearekiko kezka izan zen nagusi bere lehen poema-liburuan, Ecuador amargo (1949, Ekuador samina) izenekoan, eta gero, Pablo Nerudaren eraginez (haren idazkari izan zen aldi batez), baita ondorengo hauetan ere: Los orígenes (1952, Hastapenak); El enemigo y la mañana (1952, Etsaia eta goiza); Dios trajo la sombra (1959, Jainkoak iluntasuna ekarri zuen); eta Eldorado y Las ocupaciones nocturnas (1961, Eldorado eta gaueko eginkizunak). Los cuadernos de la tierra (1961, Lurraren koadernoak) lana osatzen dute guztiek; bertan ahalegin aipagarria egin zuen, antzinatik hasi eta konkistaren eta kolonizazioaren garai mingarrietarainoko Ekuadorko gizon-emakumeen esperientzia historikoak berreskuratzeko. Notas del hijo pródigo (1951, Seme galduaren oharrak); Relatos del extranjero (1953, Arrotzaren kontakizunak); Y me fui con tu nombre por la tierra (1964, Eta zure izenarekin ibili nintzen munduan zehar); Curriculum mortis (1968); eta No son todos los que están (1980, Ez dira dauden guztiak) liburuetan kezka horiek berak eta pertsonalagoak azaldu zituen; aldi berean, lehenaldiko hizkuntza poetiko asaldatua baztertzen hasi zen, eta gizon-emakume modernoei buruz hitz egiteko egokiagoa zen esamolde arruntagoa bilatu zuen. Antzerki-lanak ere idatzi zituen: El sol bajo las patas de los caballos (1975, Eguzkia zaldien hankapean); eta La Subida a los infiernos (1976, Infernuetarako igoera), esate baterako. Arrakasta handia izan zuen Entre Marx y una mujer desnuda (1976, Marxen eta emakume biluzi baten artean) nobelak.
Literatura-kritika ere landu zuen; besteak beste, Poesía del siglo XX (1957, XX. mendeko poesia); eta Sin ambages (1989, Argi eta garbi) liburuetan.
1994an, Santo Domingoko (Dominikar Errepublika) Unibertsitate Autonomoko ohorezko irakasle izendatu zuten. Aurrerago, De cerca y de memoria, recuerdos de lecturas, autores y lugares argitaratu zuen, kultura latinoamerikarreko idazle, margolari, politikari eta beste zenbait pertsona ospetsuren pasadizoak biltzen dituena.
Ondorengo autore hauen poesia itzuli zuen gaztelaniara: T. S. Eliot, Langston Hughes, Jacques Prévert, Yannis Ritsos, Vinícius de Moraes, Nazım Hikmet, Fernando Pessoa, Joseph Brodsky, eta Seamus Heaney.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.